FUTBOLA

Nolanahi, baina irabazi

Realak etxeko lehen garaipena eskuratu nahi du gaur, Real Madrilen aurka. Mikel Oiartzabal osatu da, eta deialdian dago.

Mikel Oiartzabal, entrenatzen, atzo, Zubietan. MANIX DIAZ DE RADA
Mikel Oiartzabal, entrenatzen, atzo, Zubietan. MANIX DIAZ DE RADA
Jon Ander De la Hoz.
2024ko irailaren 14a
05:05
Entzun

Partida handi baten osagai guztiak biltzen ditu Realak eta Real Madrilek gaur jokatuko duten norgehiagokak (21:00, Movistar La Liga). Munduko talderik ahaltsuenetako baten aurka ariko dira donostiarrak, zeinak ondo aritu baitira azken urteotan. Ordua ere bada egokia Anoeta edertzeko; 21:00etan hasiagatik ere, larunbatez jokatzeak bide emango dio estadioa betetzeari. Haatik, bada beste aldagai bat partida bizituko duena; sasoi berrian, txuri-urdinek ez dute etxean irabazi —galdu egin dituzte bi partidak—, ezta espainiarrek beren zelaitik urrun ere, biak berdindu baitituzte. Hargatik, bi taldeek joera hori hautsi nahiko dute kosta ahala kosta.

Realak suspertu beharrean ekingo dio neurketari. Izan ere, Imanol Alguacilen taldeak partida bakarra irabazi du lehen lau jardunaldietan. Bide horretan, Imanolek adierazi du lantegi zaila izango dutela espainiarren aurka, baina bere taldearenganako konfiantza nabarmendu du: «Nire ustez, horrelako partidak gustukoak dira, guretzat eta zaleentzat, baina partida gogorrak eta handiak dira aldi berean. Ea behingoz irabazten dugun. [Real Madrilekoak] goi mailako jokalariak dira, denak ezberdinak baina oso ahaltsuak, eta zaila da haiek geratzea. Behin baino gehiagotan lortu dugu, eta saiatuko gara lehiatzen eta ahal bada irabazten».

Horretarako, Realeko entrenatzaileak 24 laguneko deialdia osatu du. Mikel Oiartzabal da zerrendako berritasun nagusia. Eibartarrak min hartu zuen atzo zortzi, Serbiako eta Espainiako selekzioen arteko norgehiagokan, baina osatu egin da. Orkatilako bihurritua ez da izan hasieran uste bezain larria, eta jokatzeko moduan dago. «Osatze aldi ona izan du, bilakaera ona. Oraindik orkatila pixka bat mindua duen arren, jokatzeko moduan dago», esan zuen atzo Imanolek. Halaber, Ander Barrenetxea, Aritz Elustondo eta Nayef Aguerd ere jokatzeko moduan dira.

Atzelari marokoarra uda amaieran ailegatu da Realera, eta oraindik ez du estreinaldirik egin. Haren eta Orri Oskarson iritsi berrien inguruan ere mintzatu da Imanol: «Nahiz eta gutxi entrenatu, bigarren astea dute gurekin. Gero, beren selekzioekin aritu dira [Islandiakoa eta Marokokoa], eta prest daude. Aukera nik egin behar dut, baina haiek jokatzeko daude».

Real Madrili, berriz, garrantzi handiko zenbait jokalari faltako zaizkio Anoetako partidarako: besteak beste, Jude Bellingham eta Aurelien Tchouameni. Nolanahi ere, Kylian Mbappe da Carlo Ancelottiren taldearen izar berria. Iritsi berria da hura ere, baina orain baino lehen ere bere ahalaren printzak erakutsi ditu Realaren aurka. Iragan Txapeldunen Ligan, hark sartu zituen Paris Saint Germainek txuri-urdinei sartutako lau goletatik hiru: «Ez soilik gure aurka; partida guztietan erakusten du zer-nolako jokalaria den. Halere, Real Madril ez da Mbappe soilik; ez ditugu haiek orain deskubrituko», zehaztu du Imanolek. 

Elastikoa, oroigarri 

Distira handiko norgehiagokak izan ohi dira Real Madrilen aurkakoak, eta Realak neurriko ponpa eman dio aurtengo aldiari ere. Horren adibide, Donostiako taldeak ohiz kanpoko elastiko bat jantziko du gaur iluntzean: Eduardo Txillida eskultorearen lanean oinarritutakoa izango da, eta, printzipioz, gaurko partidan soilik erabiliko du. Hain justu ere, Realeko atezaina izan zen Txillida, eta haren jaiotzaren mendeurrena oroitzeko xedez baliatuko dute elastiko hori.

Selekzioen partidek eragindako etenaren ondotik, Realak lehiaketa zama handia izango du datozen asteetan. Real Madril jaso ondotik, Mallorca bisitatuko du asteartean, Europa ligaren ondorioz aurreratutako partidan. Zazpigarren jardunaldiko partida izango da; eta irailaren 25etik aurreratu dute. Egun horretan estreinaldia egingo dute Europako lehiaketan, Nizaren estadioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.