Red Bull eta Max Verstappen arrakastaren sinonimo dira azken urteetan 1 Formulan. Ia konturatu gabe, hiru titulu lortu dituzte, eta laugarrena ondo bideratu dute. Hala ere, orain arte gotorleku zena lehen pitzadurak erakusten hasi da. Adierazle gehienak joera aldaketa bat dugula esaten ari dira. Zer edo zer gertatu, guztia garaipenaren puntuek eta podiumeko xanpainak konpontzen zuten orain arte. Hala jarraituko al du, ordea?
Zer gertatu den argitzeko, hiru gako eta haien eragina aztertu behar dira. Batetik, Lewis Hamiltonek otsailean egindako iragarpena dago: datorren urtetik aurrera Ferrarin gidatuko duela. Noraezean dabilen Mercedes utziko du, eta Frederic Vasseurekin norabidea topatzen ari den taldera joango da. Bi ikonoren elkartzea izango da, bakoitzak bere aldetik duen indarrarekin eta arrastoarekin. Zail zirudien bateratze hori gauzatzea lortu du Ferrarik. Orain, lotura horrek emaitzak ematea dagokio taldeari.
Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, baina dagoeneko ekartzen ari da emaitza batzuk. Ferrari oso toki erakargarria bilakatu dute, eta beste taldeetatik jendea lortzen ari da. Iaz, Ferrarik, Red Bullen bigarren taldera—orduan Alpha Tauri izena zuen—joateko baimena eman zion lasterketa zuzendariari, Laurent Mekiesi. Ordainetan, Vasseurek Red Bulletik ingeniari batzuk fitxatzeko abantaila batzuk lortu zituen. Horrez gain, urte hasieratik kontratua eztabaidatzen aritu ostean, aste honetan eman dute jakitera Mercedeseko Loic Serra eta Jerome d'Ambrosio fitxatu dituztela. Hor ez da amaitzen Ferrariren apustua. Adrian Newey ingeniariaren atea jo dute. Aurreko hiru saiakeretan ezezkoa jaso ondoren, baliteke oraingoan baiezkoa ematea.
Newey da bigarren gakoa. Guztia irabazi du 1 Formulan. Williamsen izan zenean, garaile bilakatu zituen. McLarenen izan zenean, garaile bilakatu zituen. Red Bullera joan zenean, ez zuen berehalako arrakastarik lortu, baina han ere iritsi ziren une gozoak. Mercedesek motor hibridoen aroan dominatzea lortu bazuen ere, berriro bere aldera irauli zuen nagusitasuna Neweyek. Momentuz, jakina den bakarra da ez duela Red Bullen jarraituko. Lewis Hamiltonek berak publikoki adierazi zuen Miamiko lasterketaren aurretik, Newey ere Ferrarirako bidaia egitea nahiko lukeela.
Urte amaiera arte zuzendari tekniko postuan jarraituko du Neweyk, eta ez omen du inolako planik datorren urterako. Baina 2026rako arautegiak beste astindu bat jasoko du, eta talde guztientzat hasiera berri bat da, aukera berri bat. Halakoetan nabarmendu da beti Newey, eta horrexek egiten du hain erakargarria hura fitxatzea. Zergatik utziko du orduan taldea? Izan ere, ez du baztertu etenaldi baten ondoren abentura berri bati ekitea, bakoitzaren imaginazioari hegoak emanez.
Giro deserosoa
Horri lotuta dago hirugarren gakoa: Red Bull barnean nagusitzen ari den giro deserosoa. Christian Hornerren gainetik urrundu gabe jarraitzen duen afera kalteak eragiten ari da. McLareneko Zak Brownek zuzenean erlazionatu zuen Neweyren agurra, eta Red Bull arazo hori kudeatzen ari den moduarekin. Baliteke, arazoa Dietrich Mateschitzen heriotzarekin hasi izana. Mateschitz Red Bulleko sortzaileetako bat izan zen. Mateschitz familia Red Bullen %49aren jabe da, eta gainerakoa Yoovidhya familia tailandiarrak dauka.
Hil aurretik, Mateschitzek Porscheri saldu nahi izan zion taldearen erdia. Horner aurka agertu zen, eta Yoovidhyatarren babesa lortu zuen salmenta ez gauzatzeko. Urtebeteren ondoren, Red Bullek Ford amerikarrarekin itxi zuen akordioa, 2026an hasita elkarrekin lehiatzeko. Tailandiako adarra ari da agintzen azken erabakietan, orain arte ez bezala. Antza, haiek duten gehiengoari esker mantentzen ari da Horner bere karguan. Kasua behar bezala ikertu eta jarraitu ez izana leporatzen diote askok Red Bulli. Baliteke Neweyk irekitako atea besteren batzuk ere igarotzea. Jonathan Wheatley kirol zuzendaria ere bere etorkizuna hausnartzen ari omen da. Gainera, Verstappenen kontratuan ba omen da klasula bat, non ondorengoa esaten den: Neweyk taldea uzten badu, berak ere kontratua hausteko aukera duela.
Balantzaren alde berean pilota gehiagi pilatzen ari dira. Pistan ere ikusi gabeko ahulezia erakusten hasi da. Miamin aitzakiarik gabe irabazi zuen Lando Norrisek (McLaren), eta ikuskizun dago asteburu honetan Imolan ere errepika ote daitekeen. Zerbait gertatzen ari da taldean, bere egituran, bere jardueran, eta azaleratzen ari da.