Italiako Giroa

Nola landu harribitxi bat

Iosune Murillo bertan balego bezala ari da bizitzen Giroa. Ezin liteke bestela izan, Richard Carapaz liderraren entrenatzailea baita. «Lasai eta indartsu» dakusa.

Iosune Murillo, Movistar taldeko entrenatzailea. MOVISTAR.
enaut agirrebengoa
2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Richard Carapaz (Movistar) lasterketa bikaina ari da egiten Italiako Giroan. 26 urteko ekuadortarrak bi etapa irabazi ditu dagoeneko, eta soinean darama maglia arrosa iragan larunbataz geroztik. Lidergoa sendotu egin du egunen joanean; hainbeste, ezen garaipena poltsikoan duela ematen baitu. Bada, orain errealitate bihurtzear dena ametsa besterik ez zen orain dela hiru urte eskas. Orduan iritsi zen Europara, afizionatu mailako Lizarten aritzeko. Harribitxi bat zen, Hego Amerikan distira egindakoa, baina oraindik landu gabe zegoena. Ardura hori Iosune Murillok (Iruñea, 1980) bere gain hartu zuen, eta haren metodologiak eliteko ziklismoaren gailurrera eraman du Carapaz.

Murillok hasieratik ikusi zion ekuadortarrari gauza handiak egiteko gaitasuna. «Euskal Herrira etorri bezain laster, bigarren egin zuen Balentziagaren Oroimenezkoan. Han distira egitea seinale oso ona izaten da. Gero, Nafarroako Itzulia ere irabazi zuen. Ikusten zen motorra bazuela, eta adimena ere bai». Teknikari nafarrak oso denbora gutxian topatu du bertute horiek guztiak zukutzeko formula. Haren esanetan, «malgutasunean» dago gakoa. «Beti esan izan diot entrenamendua bion arteko zerbait dela. Taldeak egutegi bat finkatzen du, eta bion artean forma ematen diogu. Nik beti hartzen dut kontuan hark esaten duena. Oso erosoa da harekin lan egitea: beti dago entzuteko prest».

Carapaz 2017an iritsi zen Movistarrera, eta, ordutik, haziz joan da. Edonola, inork ez zuen espero aurtengo Giroan halako maila emango zuenik. Ezinezkoa zirudien garaipenaren lehian aritzea. Murillo, berriz, ez dago harrituta. «Niretzat ezusteko handiagoa izan zen iazko laugarren postua. Aurrez gauza politak egina zen, baina zalantza genuen hiru asteko itzuliei begira. Aurten, berriz, aurreko urteko emaitza hobetzea zen helburua». Lasterketari Mikel Landaren itzalpean ekin zion Carapazek, eta Murillok uste du horrek mesede egin diola. «Estali antzean ibili ahal izan da. Hasieran, aurkariak ez zeuden adi harekin. Askatasun hori primeran baliatu du».

Orain, ordea, tropel guztia du begira, maglia arrosa baitu. Bada, ez omen da lidergoaren zama nozitzen ari. «Lasai dago, eta gozatzen ari da. Badaki arretari eutsi behar diola. Lasterketa luzea da, eta etapa garrantzitsuak gelditzen dira. Ideiak oso garbi ditu, eta oso fresko ikusten dut». Carapazen ahalmena datu bidez ari da egiaztatzen Murillo. Haren errendimenduaren inguruko xehetasunak jasotzen ditu etapa bakoitzaren ostean. «Oso sasoiko dagoela ikusi da mendiko azken bi etapetan. Aurrez, hiru itzuli handitan hartu du parte, eta hirugarren astean beti egin izan du hobera».

Gauzak horrela, Murillok uste du «%90eko aukera» duela Giroa irabazteko. «Mendian oso indartsu dago, eta erlojupekoetan ondo defendatu du bere burua. Segurtasun handia igortzen du». Hori bai, baikortasuna zuhurtziarekin uztartzen du. «Badakigu edozer gauza gerta daitekeela. Halakoak dira hiru asteko itzuliak. Odol hotzez jokatzeko garaia da». Carapazek igandeko erlojupekoan du erronka handiena. Horretan ere lan txukuna egiteko moduan dela deritzo prestatzaileak. «Azken astean, indarrak parekatu egiten dira espezialisten eta igotzaileen artean, eta maglia arrosa soinean eramatea beti da lagungarria».

Salbuespena elitean

Badira emakumezkoak gizonezkoen World Tourreko egituretan. Hala ere, Murillo da entrenatzaile diharduen bakarra. Asko zor dio Carapazi, hark ireki baitzizkion maila nagusiko ateak. «Lizartetik Movistarrera pasatakoan, nirekin jarraitzea erabaki zuen. Gero, beste batzuek jarraitu egin zioten, eta, horri esker, Movistarrek aukera eman dit. Asko eskertzen diot Richardi». Txirrindulari profesionala izana da Murillo, eta hori lagungarri zaio. «Ziklistari lasaitasuna eta konfiantza igortzen diot. Bere buruan sinesten badu, ia guztia duzu egina». Orain, inoiz ez bezalako aitortza ari da jasotzen. «Atsegina da. Inoiz baino elkarrizketa gehiago izaten ari naiz. Aste hau ikaragarria izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.