Egutegian gorriz markatuta eduki ohi diren egun horietakoa biziko du gaur Athleticek, San Mamesen. Besteak beste, Espainiako Ligako 19. jardunaldiari dagokion lehia jokatuko baitu Real Madril ahaltsuaren aurka. Datorren urtearen hasieran bi taldeok Espainiako Superkopan murgilduko direnez, aurreratutako partida jokatu beharko dute, eta olatu aparretan jarraitzea izango da Ernesto Valverderen taldearen helburua. Joan den igandean Rayo Vallecano garaitu ondoren, Txapeldunen Ligako postuetan dira zuri-gorriak, eta, bide horretan, beste pauso bat eman nahi dute. Bolada onean eta konfiantzaz gainezka da taldea aspaldian, Athleticen azken porrota topatzeko bi hilabete atzera egin beharra baitago: Gironan galdu zuen (2-1). Hori bai, azken urteetako datuak aztertuta, ez ditu lan errazak izango, Real Madril kontrako eztarritik sartu izan baitzaio.
Hain zuzen, ligari dagokionez, Athleticek 2015eko martxoaren 7an irabazi zion azkenekoz Real Madrili: 1-0. Aritz Adurizen burukada zoragarri batek erabaki zuen lehia, San Mamesen bertan, eta bada kuriositate bat: orduko bi entrenatzaileak egungo berberak dira, Valverde eta Carlo Ancelotti. Geroztik, hemezortzi aldiz neurtu dituzte indarrak bi taldeok ligan, eta zuri-gorriak inoiz ez dira gai izan hiru puntuak biltzeko. Sentsazioak ere kaskarrak izan dira gehienetan. Hori bai, badira zantzu baikorrak, ligatik kanpo birritan garaitu baitu Athleticek Madrilgo taldea. Batetik, 2020-2021 denboraldian, Espainiako Superkopako finalerdietan: 2-1. Eta, bestetik, 2021-2022 sasoiko Espainiako Kopako final-laurdenetan, San Mamesen: 1-0.
Gainera, badirudi Real Madrilen aurka jokatzeko garai aproposa izan daitekeela. Zalantza eta zalaparta ugari dabil Madrilen, baina, aurkariari begiratu gabe, Athleticek berak bolada distiratsua darama. Gorabehera batzuk izan ditu sasoi honetan, baina abenduan suziri baten moduan sartu da. Denboraldia abiatuz geroztik jokatu dituen hogei partidetatik 11 irabazi egin ditu, sei berdindu eta soilik hiru galdu. Horri esker, laugarren postuan dago ligan, eta bigarren Europa ligan, liderrarekin berdinduta. Bazirudien Europaren ordainak jasaten ari zela taldea orain arte, Europan jokatu eta gero ligan irabazi ezinda baitzebilen. Ordea, estatistika hori apurtu zuen Rayo Vallecanoren zelaian, eta bultzada hori baliatu nahi du gaur hirunaka batzen jarraitzeko.
Gabonetako oporraldia iritsi bitarte, maratoi moduko batean murgilduta egongo da Athletic, eta, arlo horretan, jokalarien egoera fisikoak garrantzi handia izango du. Atseden handirik hartu gabe egin beharko dio aurre Real Madrili, baina gainerako talde asko ere antzera egongo dira, eta ez du aitzakiarik nahi Valverdek. Partida zaila espero du. Deialdiari dagokionez, taldeak soilik Ander Herrera faltako du, min hartuta baitago. Gainerakoan, ikusi beharko da Valverdek zenbat aldaketa egiten dituen hamaikakoan. Ziurtzat jo daiteke Beñat Prados itzuliko dela zelaira, partida bateko zigorra bete ondoren. Atepean, berriz, ez dago argi nor ariko den: Julen Agirrezabala edo Unai Simon.
Argia ikusten
Real Madrili dagokionez, krisi hitza sarri zabaldu dute hedabideek taldearen inguruan, baina badirudi argia ikusten hasia dela Ancelottiren taldea. Bi kolpe gogor jaso zituen bata bestearen atzetik duela hilabete inguru, Bartzelonaren eta Milanen aurka etxean astinduak jaso ondoren: 0-4 eta 1-3. Bereak eta bi entzun behar izan zituen entrenatzaileak, bere kargua kolokan izateraino. Emaitza txar horiek mugarri bilakatu zituen, ordea, ligari dagokionez. Hiru garaipen jarraian bildu ditu taldeak: Osasuna (4-0), Leganes (0-3) eta Getafe (2-0). Horri esker eta Bartzelonak kale egin duelako azken hiru partidetan. Motibazioz gainezka zelairatuko dira zuriak.
Dena den, sasoi honetako Real Madril ez da lehengoa. Oraingoz ez, behintzat. Talde gisa funtzionatzea asko kostatzen ari zaio, eta soilik jokaldi indibidualei esker lortu ditu garaipenak. Toni Kroosen hutsuneak buruhauste asko eragin dizkio Ancelottiri, eta fitxaketek ez diote nahi bezalako fruiturik eman. Kylian Mbappe, esaterako, nahi eta ezin dabil. Min hartuta dauzkan jokalarien zerrenda luzea jarri izan du entrenatzaileak aitzakia gisa. Pieza garrantzitsuak falta ditu: Vinicius, Dani Carvajal, David Alaba, Eduardo Camavinga eta Eder Militao, adibidez. Hutsuneak hutsune, Real Madril da ligan gol gehien egin duen bigarren taldea (30), eta gutxien jaso duen bigarrena ere bai (11).
Valverdek honela aztertu du neurketa: «Dena ondo egin behar dugun partida horietako bat da. Haiek baliabide asko dituzte, eta akatsen bat edukiz gero zigortu egiten zaituzte. Haien eraso ahaleginak mugatu behar ditugu, eta oso adi egon behar dugu». Bere taldea ondo ikusten du: «Partida asko izan arren ondo ari gara eusten. Pozik gaude».
Athletic-Real Madril
Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Paredes, Yuri; Prados, Galarreta; I. Williams, Sancet, Berenguer eta Djalo.
Real Madril: Courtois; Lucas Vazquez, Asencio, Rudiger, Fran Garcia; Valverde, Ceballos, Bellingham; Guler, Rodrigo eta Mbappe.
Epailea: Sanchez Martinez.
Lekua: San Mames (53.000 ikusle).
Ordua: 21:00 (Dazn).