Imanol Agirretxe. Realeko jokalaria

«Noiz ez dakit, baina oso argi dut itzuliko naizela»

Taldekideekin lanean hasi da aste honetan, eta haien erritmora egokituz joango da hurrengo egunetan. Arazo eta oinaze denak atzean utzi nahi ditu behingoz.

jon eskudero
Donostia
2017ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Eguzkiarekin batera, Zubietako zelaian agertu da aste honetan Imanol Agirretxe. 2015eko abenduaren 30ean min hartuz geroztik, infernua bizi du, ordutik hogei minutu eskas jokatu baititu iazko otsailean. Geroztik ez du ezer jokatu. Baina badirudi tunelaren amaiera gero eta gertuago duela. Gimnasioko lanen neurria gutxituta, duela bi aste lasterka aritu zen, eta baloiarekin ere egin zituen ariketa batzuk bakarka. Ordea, joan den astelehenean taldekideekin entrenatu zen, lan saioaren lehen zatian. «Inolako minik gabe» aritu zen. Duela lau hilabete ere egon zen antzeko egoera batean, baina, arazo batzuk tarteko, gelditu behar izan zuen. Espero du oraingo honetan gehiago atzera ez egitea eta behingoz jokatzeko moduan egotea. Data zehatzik ez du jarri nahi.

Jaieguna duzue, baina Zubietan zaude zu.

Zoritxarrez, min hartuta daramatzadan ia hamasei hilabete hauetan ez dut izan jaiegun askorik, egunero aurrerapausoak ematen jarraitzea garrantzitsua delako. Berrindartze prozesuan murgildurik nago oraindik, eta ez daramat taldekideen erritmo bera. Beraz, zeregina badaukat egunero, eta jaiegunetan Zubietara etortzen segitu beharko dut.

Halere, taldekideekin lanean aritu zara aste honetan, aspaldiko partez. Berri ona da hori.

Oso pozik nago. Beste gauza bat da Zubietara etorri eta lagunekin entrenatzea. Horren falta sumatzen nuen. Azken hilabetean lanean aritu naiz nire kontura, eta hobekuntzak nabaritu ditut; beraz, iritsi da garaia taldekideekin gauzak egiten hasteko. Pixkanaka partidek eskatzen duten lan karga sartuz joango naiz. Espero dugu aurrerapausoak ematen jarraitzea eta orkatilak behar bezala erantzutea.

Zer da ondo erantzutea, inolako minik ez sentitzea?

Azken lau hilabeteotan geldirik egon naiz gainkarga batzuk sortu zitzaizkidalako ezker hankan, orkatilaren ondorioz. Badirudi osatuta daudela gainkarga horiek. Orkatilan, berriz, minik ez dut. Egia da min txiki bat sentitzen dudala, baina ohituko gara horretara. Lehen ere banituen.

2015eko abenduaren 30a. Zer duzu gogoan Keylor Navasen sarrera hartaz? Bideorik ikusi al duzu?

Bai, bideoan ikusi dugu behin baino gehiagotan, eta ez dut arazorik dena gogoratzeko. Gertatu zenean, min handia sentitu nuen, eta gerora bideoan aztertzen hasi ginen lesioaren jatorria. Kolpea nola izan zen ikustea komeni zitzaigun irtenbide onena topatzeko. Irudiek ez didate hotzikararik eragiten. Lesioa gertatu zaidan gauza bat da, onartuta daukat, eta halakoak gertatzen dira. Asko ikasi dut ezohiko egoera honetatik.

Barkamena eskatu al dizu Keylor Navasek?

Ez, baina nahiago dut horretaz ez hitz egin. Detaile bat izango zela hori egitea? Ados. Baina kirol profesionalean egunero ematen ditugu ostikoak, eta nik zorte txarra eduki nuen. Real Madrilek animo gutunak bidali izan dizkit. Hura pasatu zen, eta aurrera begiratu beharra daukat. Beti pentsatzen da halakoak besteei gertatzen zaizkiela, baina niri egokitu zait oraingoan, eta ez dago besterik.

Hasieran lesioak ez zirudien hain larria, eta partida batean jokatu ere egin zenuen, iazko otsailaren 27an. Damutu zara inoiz hura egin izanaz?

Min arinekin nengoen artean, baina taldea egoera zail batean zegoen, jende gutxirekin. Beraz, zelairatzea erabaki genuen, denon artean. Orduan jokatu izanagatik ez dut uste atzerapausorik eman genuenik, ez bainintzen okerrago geratu. Hasi bezala bukatu nuen partida. Esan nuen berehala molestiak handiak zirela eta orkatila ez nuela ondo. Minutu haiek oso onak izan ziren niretzat, berdintzeko gola sartu nuelako, baina ez nengoen pozik. Garbi utzi nuen gaizki nengoela eta osatzen jarraitu beharra neukala. Ondoren etorri ziren ebakuntzak.

Ez duzu uste ebakuntzak beranduegi iritsi zirenik?

Hartutako erabaki eta emandako pauso guztiak ondo hausnartu eta pentsatutakoak izan dira. Orkatiletako aditu onenekin ibili gara, eta haiek esandakoa bete dugu. Nire lana izan da haiei informazioa ematea, sentitzen nuen guztia ahalik eta ondoena deskribatzea. Pentsatzen banuen zerbait ez zela funtzionatzen ari, esan egiten nien. Norabide berean joan gara guztiok, irtenbide onena lortu nahian.

Lehenak ez, baina bigarren ebakuntzak pozik utzi zintuen, ezta?

Bietara ilusioz gainezka joan nintzen. Lehena egin eta gero, ikusi nuen hor bazegoela zerbait ez zidana uzten ondo ibiltzen. Eta, bigarrena egin eta gero, azkar antzeman nuen ez neukala minik, eta bizpahiru hilabeteko suspertzea arazorik gabe joan zen. Azaro alde horretan, jokatzeko moduan nengoen, baina peronean gainkarga bat sortu zitzaidan, eta orain arte hori lantzen aritu gara. Gure helburua zen berriro azaroko egoera horretara itzultzea, eta horretan ari naiz. Egokitze prozesu bat igaro beharko dut taldekideen maila berean egoteko.

Azaroan hobeto al zeunden orain baino?

Berdintsu. Egia da azaroan ondo ari nintzela entrenatzen eta ondo nengoela jokatzeko, eta orain lanean jarraitu beharko dut lehen bezala egoteko. Sasoi onean jartzeko apur bat geratzen zait oraindik ere, baina badirudi tunelaren bukaera gertu dagoela.

Beldurrik ba al duzu berriro ere arazoren bat sortuko ote den?

Ez. Onartuta daukat gerta daitekeela, eta badakit gertatzen bada ere aurre egingo diodala, baina uste dut azken fasean nagoela eta hemendik aurrerako guztia ona izango dela. Helburu bakarra da atzerapausorik ez ematea. Niri berdin zait ohi baino abiadura motelagoan joatea, baldin eta dena aurrera egiten badugu.

Agirretxe noiz itzuliko den ez, baizik Agirretxe itzuliko ote den izan da galdera. Itzuliko da?

Bai, itzuliko naiz. Seguru nago. Ez izan inolako dudarik. Oso-oso ziur nago. Ez dakit noiz itzuliko naizen, eta ez daukat data zehatzik buruan. Orkatilak aginduko du, eta, ikusten dudanean prest nagoela, entrenatzaileari esango diot. Gaur-gaurkoz, nahiago dut horretan ez pentsatu, orkatilak berak esango baitu.

Zure tokian, askok etsi egingo zuten, baina harrigarria da zuk duzun baikortasuna.

Beti aurrera begira nago, ez dut beste erarik ikusteko halako lesio bat gainditzeko. Arazoak etortzen dira, futbolean zein bizitzan, eta bi bide daude hautatzeko: edo etsipenetik joz edo zezenari adarretatik helduz. Eta nik bigarren bide hori hautatu dut, ez dut beste modurik ikusten bizitzeko. Arazo hau gainditzeak duen saria ikaragarria da, eta horrek motibatzen nau eguneroko lanean. Futbola maite dut, futbola dena da niretzat, eta berriz zelaian egoteko aukera izateak emozioz betetzen nau. Maite dudan taldean maite dudana egiten aritzeko aukera izatea nahikoa arrazoi da bi besoak ez jaisteko.

Zer izan da gogorrena azken hamasei hilabete hauetan?

Prozesu luzea izan da, eta tratamendu asko egin ditugu. Hasieran, beti egon naiz ilusioz tratamendu horietan, baina, ikustean fruiturik ez zutela ematen eta beste bide bat hartu beharra zegoela, gogorra izan da. Egun zailagoak izan dira horiek, tristeagoak. Baina, tira, zorionez, lantalde handia dut ondoan, eta beti eduki ditugu beste bide batzuk jorratzeko. Kartutxo asko izan ditugu gerriaren bueltan. Horregatik, triste nengoenean ere, azkar izan dut ilusioa beste soluzio batzuk bilatzeko. Erraztasun asko izan ditut. Gorabeherak eduki arren, saiatu naiz baikor izaten.

Akaso, inoizko garairik onenean zeunden min hartu zenuenean. Nola onartu duzu hori?

Ez dakit. Ondorio bat atera dut: ez dagoela garai onik min hartzeko eta etorri bezala hartu behar direla lesioak. Egia da bolada gozoan nengoela eta asko ari nintzela gozatzen, baina lesio bera irits zitekeen kontrako egoera ere, eta okerragoa izango zen. Besteak beste, jendeak ez baitzuen esperoko berriro ere maila onenera itzultzeko aukerarik izango nuenik. Positibotzat hartzen dut hain garai onean min hartzea; neure buruari erakutsi nion nolako maila emateko gai naizen, eta jendea ere gogotsu ikusten dut berriz ere ni bueltan ikusteko. Hori motibazio handia da niretzat.

Ingurukoen babesa ezinbestekoa izan al zaizu?

Alde horretatik, pribilegiatu hutsa naiz. Zubietan taldekide guztien babesa izan dut egunero, eta asko lagundu didate, badakite eta zer pasatzen ari naizen. Medikuak ere ezin ditut ahaztu. Prozesu guztian hogei hegalditik gora hartu izango ditut, eta inoiz ez naiz bakarrik egon. Eta izugarria da familian zein herri mailan daukadan maitasuna. Bultzada hori eskertu egiten da, ez delako erraza aurrera egitea, baina ikustean nolako babesa duzun, indarra atera egiten da. Familiak lagundu egiten du guztia beste perspektiba batetik ikusten. Eta, zaleei buruz, zer esan. Hunkitu egin nintzen nire izena Anoetan abestu zutenean, Vila-realen kontrako partidan. Estadioan nintzen, eta asko eskertzen diet.

Bete berriak dituzu 30 urte. Adinak kezkatzen al zaitu?

Niri futbolak sortzen didan emozioa bakarra da, eta badakit hori bizitzeko lana gogor egin behar dudala. Zoritxarrez, adinean gora noa, eta gero eta denbora gutxiago daukat futbolaz gozatzeko. Baina ez naiz kezkatzen. Emozio horiek berriz sentitu nahi ditut, eta lortuko dut. Nahiago dut eguneroko lanean zentratu.

Gauza bat taldera itzultzea da, eta bestea nola itzultzen zaren. Fin ari dira aurrelariak. Arduratzen zaitu horrek?

Berdin dit horrek. Ni saiatuko naiz ahalik eta ondoena iristen, entrenamenduak ahalik eta gogorrenak egiten, baina egia da partidek ematen dutena lan saioetan ezin dela lortu. Pixkanaka joan beharko dut sasoian jarriz. Hainbeste denbora pasatu eta gero, badakit ez naizela iritsiko motor bat bezala; egokituz joan beharko dut, baina ilusio handiarekin nago, eta nire esku dagoen guztia egingo dut lehengo Agirretxe bera izateko. Hortik aurrera, entrenatzaileak dauka azken hitza.

Sailkatuko al da Reala Europarako?

Garesti dago, baina ondo ikusten dut taldea, konfiantza handiarekin. Joko maila izugarria erakutsi du, eta kanpotik asko gozatu dut. Partida asko egin ditugu osoak, emaitza onekin, baina egia da gorabehera batzuk izan ditugula azkenaldian. Bukatzeko jardunaldi gutxi falta direla, ondo kokatuta gaude sailkapenean, eta gure esku izango dugu Europarako sailkatzea. Sari hori lortzea beti da garesti, baina ahalegina egingo dugu lortzeko.

Zer moduz ikusten dituzu taldekideak? Sinetsita al daude Europan sartuko direla?

Joan den astean komentatu nuen taldea ez zegoela bere onenean konfiantza aldetik eta emaitza aldetik. Besteak beste, bi derbi jarraian galtzea ez zaio inori gustatzen, eta une horietan izan genuen halako txakalaldi bat. Hori bai, uste dut joan den astelehenean Sportingi irabazteak mesede egin digula; berriro ere lehengo sentsazioak berreskuratu ditugu. Partida bikaina jokatu genuen, aurkaria baino askoz gehiago izan ginen, golari begira ere asmatu genuen, eta hemendik liga amaitu bitarte horri eusten saiatu behar dugu.

Garai onik ez dago Bartzelonari bisita egiteko, baina izan daiteke aukera bikaina larunbatekoa hiru puntuak lortzeko?

Bartzelona beti da Bartzelona, eta Camp Nou beti da Camp Nou. Hori garbi dago. Halere, geure buruari begiratu behar diogu, eta Sportingen aurkako garaipenak emandako konfiantza baliatu behar dugu irabaz dezakegula sinetsita zelairatzeko. Jakin behar dugu zeintzuk diren gure armak, eta, noski, ikusi beharko da haiek nola dauden. Juventusen aurka 3-0 galdu ondoren, horri buelta ematea izan dezakete buruan, eta, hala bada, hobeto guretzat. Halere, ez da erraza izango irabaztea. Nik, adibidez, ez dut inoiz irabazi han. Badugu garaia ganorazko zerbait lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.