NOBk aste bukaeran erabakiko du Errusia Rioko Jokoetatik kanporatu ala ez

Olinpiar Batzordea atzo zen erabakia hartzekoa, baina atzeratu egin du epaia. TASek bihar jakinaraziko duen erabakiaren zain dago

Errusiako Olinpiar Batzordeko ataria. IURI KOTXETKOV / EFE.
2016ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak asteburuan erabakiko du Errusia Rioko Olinpiar Jokoetatik kanporatuko duen ala ez. NOB atzo zen erabakia ematekoa, baina atzeratzea erabaki du, TASek atleten auzian ematen duen epaia ezagutu arte. Batzordeak atzo aztertu zuen WADAk Errusiako kontrolatutako dopin sistemaren inguruan eginiko txostena, eta aztertzen ari da zein neurri hartu. «NOBk arreta handiz ebaluatuko du txostena, Errusiako kirolarien kanporatze kolektibo baten inguruko legezko aukerak aztertuko ditu, eta ea kirolarien eskubide indibidualak urratzen dituen», adierazi du ohar bidez.

Halere, NOBk erabaki batzuk hartuak ditu. Diziplina batzorde bat eratu du kasuaren nondik norakoak aztertzen hasteko. «Batzordea diziplina neurriak hartzen hasi da Errusiako Kirol Ministerioaren eta txostenean azaltzen diren beste pertsonen aurka, Dopinaren Aurkako Munduko Kodearen eta Olinpiar Kodearen aurkako erasoengatik». Era berean, ez dute Errusian kirol ekitaldirik antolatuko edo babestuko, eta ez diete Rioko Jokoetarako kreditaziorik bidaliko Errusiako Kirol Ministerioko ofizialei, ezta WADAren txostenen azaltzen direnei ere.

Horrez gain, NOBk jakinarazi du eskuragarri dituen dopin proba guztiak berriro ere analizatuko dituela, eta sakonki ikertuko dituela Sotxiko Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuten Errusiako kirolari guztiak, baita haien entrenatzaile eta ofizialak ere. «Diziplina batzordeak eratuko duen txosten horren arabera erabakiko ditu zigorrak».

Bestalde, Errusiako Gobernuak erreakzionatu du, eta, Vitali Mutko Kirol ministroak jakinarazi duenez, Kirol Ministerioko hainbat goi kargudun behin-behinean baztertu egin ditu. Halere, ministroak ez du dimisioa emango: «Nire aurkako salaketarik ez dago, eta ezin dira egon, ezinezkoa baita». Bestalde, ministroak azaldu du prest daudela «kirolariak eta haien entrenatzaileak soilik» bidaltzeko Rioko Olinpiar Jokoetara, neurri hori beharrezkoa balitz. Errusiaren parte hartzearen inguruan, «zentzuzko erabakia» har dezala eskatu dio NOBri.

Atleten epaiaren zain

TAS Nazioarteko Kirol Epaitegia atzo bildu zen Errusiako atletek euren kanporatzearen aurka jarritako helegitea aztertzeko, eta bihar emango du bere erabakiaren berri. IAAF Atletismo Federazioen Nazioarteko Elkarteak atleta errusiarrek Rioko Jokoetan parte hartzeko debekua ezarri zuen, eta 68 atletek horren aurkako helegitea jarri zuten. Ielena Isinbaieva pertika jauzilaria dago horien artean, eta hark hitz egin zuen guztien izenean atzo. Errusiako atletek bi eskakizun aurkeztu zituzten: TASen erabakia abuztuaren 21era arte atzeratzea, eta positibo emateagatik zigortu ez dituzten kirolarien egoera berrikustea. Horrek Rion parte hartu ahal izatea ahalbidetuko lieke.

TASek bihar jakinaraziko du atletismoaren inguruko epaia, eta horrek garrantzi handia izango du asteburuko NOBn erabakian. Hala onartu du batzordeak berak: «NOBk kontuan izango duTASen erabakia, baita Dopinaren Aurkako Munduko Kodea eta Olinpiar Kodea ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.