Gorka Elustondo. Athleticeko jokalaria

«Niri dagokit egokitzea eta joka dezakedala erakustea»

Oso pozik dago Elustondo Athleticen «beste etapa bat» hasi duelako, eta ez du hitz txarrik Realarentzat, bertan hazi baita pertsona zein futbolari gisa. Orain, Ernesto Valverderen konfiantza lortzea du xede.

Jon Ander De la Hoz.
2015eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Haurra zela, Zubietako aldagelan aldatzera ohitu zen Gorka Elustondo (Beasain, Gipuzkoa, 1987), baina Lezamakoan aldatzen da Athleticek fitxatu zuenetik. Orain, gogor entrenatu nahi du hamaikakoan postu bat lortzeko.

Zer moduzko harrera egin dizute Athleticen?

Bikaina, oso gustura nago. Lehendabiziko egunetik ondo hartu naute, bai taldekideek, bai klubeko gainontzeko langileek. Oso ondo sentitu naiz hasieratik, eta orain niri dagokit zelaian eskertzea.

Bihar jokatuko duzue, Bartzelonaren aurka, Espainiako Superkopako finaleko joaneko partida. Zer espero duzu?

Badakigu Bartzelonak zein maila duen; ez da erraza izango. Hala ere, uste dut gure mailarik onena emanez gero irabazteko gai izan gaitezkeela. Joanekoaren aurretik, aukeren erdia du talde bakoitzak, baina guk gure onena eman beharko dugu irabazteko.

Asteartean, oso partida borrokatua jokatu zuten Sevillaren aurka, eta bi eguneko atsedenarekin bakarrik iritsiko dira Bilbora. Abantaila al da zuentzat?

Beharko luke. Luzapen eta guzti jokatu zuten, eta, gainera, exijentzia handiko norgehiagoka izan zen; emaitza ikusi besterik ez dago. Guk hori baliatzen saiatu behar dugu, eta gakoa bizi jokatzea izango da. Partida fisikoa planteatu behar dugu gure aukerak handitzeko.

Neymar eta Jordi Alba min hartuta daude.

Haiek gabe ere talde ona dute, baina egia da aldeak markatzen dituztela, batez ere Neymarrek. Ondo datorkigu hark ez jokatzea.

Ligan ere Bartzelonaren aurka hasiko zarete. Zer-nolako traza hartzen diozu denboraldiari?

Nik uste denboraldi polita dugula aurretik. Orain, finalari begira gaude, eta gero Europa Ligako kanporaketa daukagu. Haien ostean, laster hasiko da Liga, eta berriz ere Europan sartzea dugu helburu. Dena den, ezin diogu ezeri uko egin.

Zilina egokitu zaizue aurkari Europa Ligako azken kanporaketan. Ezagutzen duzu?

Ez askorik; eguna gerturatu ahala hasiko gara bideoak ikusi eta aurkaria aztertzen. Lehen begiratuan, badirudi Inter Baku baino talde hobea dela, eta gehiago jotzen duela erasora.

Lehen partida ofizialetan, hamaikakotik kanpo geratu zara. Taldera egokitzeko denbora behar duzu oraindik?

Iritsi berria naiz, eta ni etorri aurretik kalitate handiko taldea zegoen hemen. Niri dagokit taldera egokitzea eta joka dezakedala erakustea. Ernestori [Valverderi] nire maila erakutsi behar diot, gogor entrenatu eta besteei postua lortzea zailduz.

Iturraspe, Rico, Beñat... lehia handia duzue tokia lortzeko.

Hala da; zelai erdian jende asko dago, baina inor ez dago sobran. Denboraldian guztion beharra izango du entrenatzaileak. Europa eta Errege Kopa tarteko, txapelketa asko jokatuko ditugu, eta aste askotan bi neurketa izango ditugu. Guztiok izango ditugu aukerak.

Realak kontratu luzatzea eskaini, eta ez zenuen onartu. Zer dela eta?

Aspalditik zebilkidan buruan taldea aldatzeko ideia, kontratua amaitzen zitzaidalako. Denboraldia amaitu baino lehentxeago, Athleticekin hizketan hasi nintzen, eta ados jartzeko aukera zegoela iruditu zitzaidan. Ez nuen zalantzarik egin: banekien nora nentorren eta zein helburu dituen taldeak. Oso pozik nago hartu nuen erabakiarekin.

Realaren zale batzuek txistu jotzen zizuten. Zer duzu horri buruz esateko?

Oso mediatizatua dago guztia; gizartea, kirola eta, bereziki, futbola. Askotan, denetariko kritikak jasotzen ditugu, baina onartu egin behar ditugu, ez dago besterik. Badakit kasu hauetan, nahiz eta gutxiengo bat izan, nahikoa izaten direla zarata ateratzeko, baina nik ez daukat mespretxurik ez Realarentzat, ez Anoeta doan zalearentzat. Alderantziz, miresmena diet.

Realari eskertua zaudela esan duzu behin baino gehiagotan.

Noski. Bizi guztia eman dut han. Txikitatik, bertan hazi naiz kirolari eta pertsona gisa, eta ezin dut hitz txarrik egin Realari buruz. Profesionaletan jokatzeko aukera eman didan taldea izan da. Etapa hori amaitua dago, eta orain beste talde batean nago, helburu berriei ekiteko gogoz.

Hamar urte bete dituzu futbolaren goi mailan. Zein balorazio egiten duzu?

Oso positiboa. Momentu on eta txarrak izan ditut, eta pertsona gisa hazteko baliatu ditut. Futbolean, 27-28 urterekin lortzen da sasoirik onena, eta, nahiz askotan ez dudan jokatu nahiko nukeen bezain segidan, sasoiko nago.

Zerbait aldatuko zenuke?

Ez. Botak jantzi nituen lehen egunetik, neroni izaten saiatu naiz; egunero lan egin dut helburuak lortzeko, eta gauzak etorri diren bezala onartu ditut, aukerak aprobetxatu, eta egoera zailetatik ikasi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.