Argi hitz egitea gustatzen zaio Erika Vazquez Athleticeko jokalariari (Iruñea,1983). Onartu du «gero eta zailagoa» dela Atletico Madrilen eta Bartzelonaren mailara iristea. «Talde horietako jokalariak profesionalak dira, eta hori nabaritu egiten da». Ligan dirua sartu eta goi mailako jokalariak aritzea ona dela nabarmendu du. «Prestigioa ematen dio». Baina ohar egin du: «Emakumeen futbolak bere nortasunari eutsi behar dio».
Sasoia hiru garaipenekin hasi zenuten. Aurreko jardunaldian, ordea, 6-0 galdu zenuten Atletico Madrilen aurka. Egun txar baten ondorio izan zen?
Espero dugu baietz, eta ikasteko balioko digula. Taldeak osoondo hasi zuen denboraldia, nahikotxukun ari ginen. Atletico Madrilen aurka, ordea, berehala sartu zizkiguten bi gol.Kolpe handia izan zen, eta zertxobait amore eman genuen. Atletico Madril maila handiko taldea da, ederki aprobetxatu zuen hori.
Hain talde gaztea izanda, halako egoerak hobeto kudeatzen ikasi behar duzuela uste duzu?
Bai, nik uste dut baietz. Azken sasoietan esperientzia handiko jokalariek utzi dute taldea, eta hori nabaritu egiten da. Taldea eraldatzen ari da, eta prozesu horrek halako egoerak ditu. Ikasi behar dugu horiek hobeto kudeatzen, eta beti partidan sartuta egoten. Baloia genuenean, lasaitasuna falta izan zitzaigun askotan. Oso azkar galdu genuen, eta erraztasun asko eman genizkion Atletico Madrili.
Zer esan zizuen Joseba Agirre entrenatzaileak neurketa amaitzean? Nola igarotzen da astea halako porrot baten ostean?
Argi dago ez genuela partida ona egin. Baina damutzeak ez du ezertarako balio. Alderantziz, porrot horrek indartsuago egin behar gaitu. Partidaren bideoa ikusi genuen, eta egin genituen okerrak aztertu genituen. Izan ere, halako porrot mingarriez gehiago ikasten duzu, garaipenez baino. Irabazten duzunean, gabeziak eta okerrak gutxiago ikusten dituzu, eta askotan ez diezu hainbesteko garrantzia ematen. Gogo handiagoz gaude lehiatzeko.
Bartzelonaren aurka ariko zarete gaur. Ez dirudi aurkaririk aproposena. Lider da Ligan. 23 gol sartu ditu, eta bat bera ere ez diote sartu. Nola helduko diozue partidari?
Irabazi nahi badugu; argi dago haien bikoitza eman eta korritu beharko dugula. Izan ere, goi mailako taldea da. Baina gogo handiz gaude, eta gauzak argi dauzkagu. Estutzera irtengo gara hasieratik, etxean jokatzen baitugu. Aukera gutxi izango ditugu erasoan, baina, aprobetxatzen baditugu, irabaz dezakegu.Talde oso zabala dute haiek, eta jardunaldiro egin dituzte txandakatzeak. Baina aste barruan Txapeldunen Ligako partida izan dute, eta horrek eragiten duen nekea baliatu behar dugu. Horretarako gakoa izango da baloia edukitzea.
Bartzelonak goi mailako hainbat jokalari fitxatu ditu, eta entrenatzailea ere berria da: Fran Sanchez. Asko aldatu da taldea?
Oso partida onak egiten ari da, eta gol asko sartzen ari da. Baina nik uste dut ez duela aurreko denboraldietan zuen talde izaera. Oraindik bateratzea falta zaio. Ondorioz, gehiago oinarritzen da buruz buru jokalari bakoitzak egiten dituen jokaldietan. Beraz, ez ditu horrenbeste lantzen jokaldiak, eta ez dio hainbesteko garrantzia ematen baloia edukitzeari. Joko zuzenagoa egiten du.
Atletico Madrilen eta Bartzelonaren mailara iristea ezinezkoa da zuentzat?
Ezinezkoa ez da. Duela bi denboraldi Liga irabazi genuen, baina, gero eta zailagoa da. Ez bakarrik guretzat, baita gainerako taldeentzat ere. Bi talde horietako jokalariak profesionalak dira, eta horrek eragina du. Bestalde, Ligara gero eta maila handiagoko jokalariak etortzen ari dira. Ondorioz, lehia gero eta handiagoa da. Sailkapen erdialdeko taldeak ere gero eta hobeto indartzen ari dira. Horrek ospea ematen dio Ligari, eta inportantea da.
Nola bizi duzue Liga irabazteko lehia horretan ez egotea, beti horretara ohituta egon ostean?
Errealista gara, eta horrek laguntzen digu. Gainera, niretzat, talde hau beti izango da txapelduna. Izan ere, duen filosofiarekin goiko postuetan egoten da urtero. Gainera, nik uste dut neurketa batean edozer gerta daitekeela, eta Atletico Madrili eta Bartzelonari irabazteko gai garela. Gure filosofiarekin, gainera. Filosofia horrek indarra eman behar digu.
Aukera gehiago ikusten dituzu Espainiako Kopan Ligan baino?
Aurreko sasoietan gertatu izan zaigu, Ligan indar guztiak jarri, eta nekatuegiak iritsi ginela Kopara. Liga irabazteko lehiatzeak presio eta desgastea dakar, eta ondorioak Kopan nabaritzen dira. Sasoi honetan, ordea, taldeak ilusioa du Koparekin.
Jokalari gazteek esperientzia hartu ahala aukera gehiago izango dituzue Liga irabazteko borrokan egoteko?
Gazteak mailara egokitu behar dira, bigarren taldetik lehenengora jauzia handia baita. Baina egokituz joan ahala, etorkizuneko proiektu ona osa daiteke, lehiakorra. Pazientzia izan behar da.
Nola ikusten dituzu gazte horiek?
Oso ondo. Oso jokalari onak dira. Nik uste dut beste taldeetan ez daudela Europako bost txapeldun. Horrek erakusten du harrobian egiten ari den lana ona dela,
Eskarmentua duten jokalariak nola ari zarete haiei laguntzen?
Haiekin hitz eginda, eta ditugun balioak helarazten. Guri ere egokitu izan zaigulako haien lekuan egotea. Beste taldekide batzuek guri lagundu ziguten bezala, orain gu ari gara lan hori egiten. Oso gustura ari gara, gainera. Gazte asko egon arren, izaeraz gure taldea heldua dela uste dut.
Orain goi mailara iristea desberdina da zuek iritsi zineten garaiarekin alderatuz?
Bai. Gizartea aldatu egin da, eta horren barruan baita futbola ere. Exijentzia eta konpromiso maila diferenteak dira. Guk gehiago baloratzen genituen gauzak. Izan ere, asko kostatu zitzaigun iristea. Ez ziguten ezta entrenatzeko eta jokatzeko arropa ematen ere, eta hareazko zelaietan jokatzen genuen. Zorionez, hori aldatu egin da. Erraztasun guztiak dituzte, eta horrek badu eragina.
Emakumeen futbola gizonezkoenarekin parekatzen ari da?
Dirua sartzen ari da, eta lehia eta maila gero eta handiagoa da. Hori ona da, emakumezkoen futbola hazten ari baita. Urrats garrantzitsuak dira horiek, baina emakumezkoen futbolak bere izaerari eta nortasunari ere eutsi behar die. Espero dugu gizonezkoengurpil-zoro horretara ez iristea.
Zein helburu duzu zuk sasoi honetan?
Nire helburua beti da bera: entrenatzea eta egunero hobetzea. Ondo sentitzea, eta lehen egunetik dudan ilusioarekin jarraitzea.
Aurreko sasoian Iraia Iturregik, Eli Ibarrak eta Irune Muruak erretiroa hartu zuten. 34 urterekin gertu ikusten duzu une hori?
Sasoi amaiera arte dut kontratua, eta ez dakit zer gertatuko den hortik aurrera. Behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari noiz iritsiko den erretiratzeko garaia, baina utzi duten jokalari ia guztiek esan didate norbera konturatzen dela horretaz. Oraingoz ez da iritsi, ondo nago, eta ilusioa dut sasoi honetarako.
Erika Vazquez. Athleticeko jokalaria
«Niretzat, talde hau beti izango da txapelduna»
Eskarmenturik handiena duen jokalaria da Vazquez, eta lehen taldera igo direnen erreferenteetako bat. Ligan, 320 partida jokatu ditu talde zuri-gorriarekin, eta 237 gol sartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu