Joaquim Rodriguez. Katuxako txirrindularia

«Niretzat gozamena da txirrindulari izatea»

Euskal Herriko Itzulia irabazteko zorian egon da Joaquim Rodriguez, eta hazita iritsi da Ardenetako hiru klasikoetara. Pasio bereziarekin bizi du txirrindularitza. Euskaraz hitz batzuk egiteko gai da oraindik, gazte garaian Euskal Herrian igarotako urteak gogoan.

unai zubeldia
Donostia
2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
«Klasiko bateko garaipena» falta da Joaquim Rodriguez Purito-ren garaipen zerrendan (Parets del Valles, Herrialde Katalanak, 1979). «Datorren astean kontrakoa esatea espero dut». Ordizia eta Azpeitia inguruan hazi zen txirrindulari gisa, Iberdrola taldean, eta Euskal Herriko errepideetan gozatua hartuta iritsi da Ardenetako hiru klasikoetara. Olinpiar urtean Olinpiar Jokoei begira egoten dira gehienak. «Baina Ardenetako klasikoak eta Munduko Txapelketa dira aurten nire Olinpiar Jokoak».

Zer-nolako sentsazioekin zaude Itzulia amaitu eta astebetera?

Nahiko aste gogorra izaten da Euskal Herrikoa, eta gehienok lasai egoten saiatzen gara gero. Hiru klasikoei begira indarrak berreskuratzea izaten da helburua. Hori bai, lehiaketako erritmoa hartzeko baliagarria izaten da Itzulia. Mendate motz eta gogorrak igo behar izaten ditugu, erritmo aldaketa handikoak, eta entrenamendu ona da hori.

Samuel Sanchezek Tony Martin zainduz egin zuen Oñatiko erlojupekoa, baina atzean zeukan arriskua. Hamabi segundo bakarrik...

Bai... Gogorra zen erlojupekoa, nahiko egokia niretzat. Jaitsiera tekniko eta igoera gogor horiekin, ezin nintzen ibili Samuel Sanchezengandik askoz urrutiago. Oso erlojupeko ona egin zuen hark, Itzulia eskuratzeaz gain, etapa bera ere irabazi zuelako. Baina oso harro nago erlojupekoetan eman dudan aurrerapausoarekin.

Batzuk harrituta geratu ziren ostiraleko etapa amaieraren eta erlojupekoaren berri ez zeneukala jakinarazi zenuenean.

Ondo ezagutzen nuen gehiena, gaztetan askotan ibili nintzelako inguru horietan. Baina egia da liburuxkari begiratuta ez nuela oso ondo ezagutzen Oñatiko azken aldapatxoa. Baina Euskal Herriko Itzulia edo Volta lehiatzea ez da arrotza niretzat, inguru gehienak ezagunak direlako.

1999an etorri zinen Euskal Herrira. Orduko grina eta ilusio berbera antzematen zitzaizun joan den astean.

Lasterketa polita eta antolakuntza onekoa izateaz gain, zoragarria da bide bazterrean pilatzen diren zaleek ematen duten berotasuna. Egutegiari begiratuta ere, apirila beti izaten da ona niretzat, apirila-maiatza buruan dauzkadala egiten dudalako neguko lan gehiena; klasikoengatik eta Giroagatik. Arazoren bat daukadan seinale izango litzateke Euskal Herriko Itzulian gaizki ibiltzea.

1999ra itzulita, Ordiziara iritsi zinen lehenengo, eta Azpeitiara joan zinen gero. Zer oroitzapen dauzkazu?

Ordiziako alberge-hotel txiki batera eraman gintuzten lehenengo taldeko atzerritar guztiak. 2000. urte hasieran, berriz, Azpeitiara joan ginen. Beti esan izan dut txirrindulari ibilbideko urterik onenak izan zirela haiek; izugarri gozatu nuen. Maleta bat hartuta, batera eta bestera, lagunekin, bizikletarekin... Gogoan daukat harrituta geratzen nintzela taberna batera joan eta txirrindularitzari buruzko solasaldiren bat entzundakoan. Katalunian ez da gertatzen halakorik. Bi aitona asteburuan aritu ginen probari buruz hasten ziren, agian, eztabaidan... Sinesgaitza zen. Ametsa.

Ordizia eta Azpeitia. Oso herri euskaldunak dira biak. Euskarazko hitzen bat ikasiko zenuen, noski...

Baten bat, bai; lehen urtean, batez ere. Arangurenen taberna txiki bat zeukaten, eta, arratsaldeetan aspertu egiten nintzenez, laguntzen aritzen nintzen. Zenbakiak kontatzen, «arratsalde on», «egun on», «zer moduz», «oso ondo»... [Euskaraz esan ditu denak]. Horrelako hitz batzuk ikasi nituen. Ez dizut esango dena ulertzen nuenik, baina zerbait banekien. Hori bai, ahaztu zaizkit gehienak.

ONCE, Saunier-Duval eta Caisse d'Epargneko garaiak iritsi ziren gero.

ONCEri esker bihurtu nintzen txirrindulari. Asko ikasi nuen Manoloren ondoan [Manolo Saiz, zuzendaria]. Bizitzako pausoak ematen erakutsi zidaten, entzuten, egiak eta gezurrak lasai hartzen. Lehen urtean lasaitasun handia eman zidaten; ikastera eraman ninduten Girora, 20 urterekin, hamar egun lehiatzeko asmoz. Eta amaitu egin nuen. Nola lan egin behar den erakutsi zidaten ONCEn.

Beste pauso bat emateko asmoz joan zinen Saunier Duvalera, ezta?

ONCEn ikasi nuen guztia praktikan jartzen saiatu nintzen. Konfiantza falta izan zitzaidan, agian, beste pauso bat emateko. Bigarren urtea hobea izan zen [Urkiolako Igoera eta Vueltako mendiko maillota irabazi zituen]. Bi urte horietan izugarri gozatu nuen arren, ordea, ezagutu nuen jendeagatik batez ere, ez nuen eman espero nuen pauso hori. ONCEn ikasi nuenetik taldeburu izatera pasatzea zen asmoa, garaipenen borrokan sartzea, baina...

Saunier Duvalen hain lan txarra egin ez zenuen seinale, Caisse d'Epargnek ireki zizkizun ateak gero.

Bai... Alejandro Valverde taldeburu izugarriarekin topo egin nuen han. Hura zen liderra, eta asko ikasi nuen haren ondoan. Irabazteko helburuarekin joaten ginen proba guztietara, eta asko ikasten da horrela. Aurrean egoteko nola borrokatu behar den ikasi nuen.

Ez zenuen zalantzarik izan, ordea, Katuxara joateko eskaintza egin zizutenean.

Bete egin ninduen Katuxaren proiektuak. Caisse d'Epargnen ez neukan aukerarik nahi nuen hainbat lasterketatara joateko, eta Katuxan eskura jarri zidaten dena. Askok esan zuten Tourrera joan nahi nuelako aldatu nuela taldea. Baina hori ez da hala. Caisse d'Epargnek bide batzuk itxi zizkidan, eta hori bakarrik nahi nuen, nire ustez txukun molda nintekeen lasterketa horietara joateko aukera izatea. Aurten, ehun kilometrotik gora dauzka Tourrak erlojuaren aurka, eta tontakeria litzateke bertan egotea. Horregatik joango naiz Girora, sailkapen nagusia buruan daukadala. Baina gertatu izan da Tourreko etapa amaiera batzuk niretzat zoragarriak izatea eta taldeak beste batzuen alde egitea. Alde horretatik behar nuen aldaketa.

Katalana, espainola, euskara... Katuxara joan, eta errusiarrez hasi behar hizketan?

Ez, ez [barrez]. Italiera da taldeko hizkuntza, eta, egia esan, ez da batere erraza. Hasieran, ez nintzen gai euren arteko elkarrizketak ulertzeko, baina, pixkanaka, ari gara ikasten. Italieraz eta ingelesez, moldatzen gara nolabait.

Aurten dezenteko aldaketa izan duzuela pentsa liteke Andrei Tchmilek manager kargua utzita, ezta?

Hala da, bai. Iaz arte Andrei Tchmil zen taldeko manager nagusia, eta Serge Parsani zuzendaria. Eta erabat aldatu da egitura. HTC zenaren Alemaniako oinarria bereganatu du taldeak; hango prestatzaileez eta zuzendariez gain, Valerio Piva eta Sebastian Weber etorri dira. Manager berria ere alemaniarra da, Hans-Michael Holczer. Gustura gabiltza.

Talde serio eta langilearen itxura dauka Katuxak kanpotik begira. Halakoa al da barrutik ere?

Talde gaztea da Katuxa. 2009an sortu zen, baina hain gaztea izanagatik, garaipen handiak lortu ditu jada. Lan ildo bat zeukan Tchmilen taldeak, eta beste bat daukate oraingoek. Kontzentrazio gehiago egiten ditugu orain, taldea kontrolpean edukitzea gustatzen zaie... Lehen, lan gehiago egiten zuen norberak bere kasa. Hori izan da nabaritu dugun aldaketarik handiena. Lehiatzeko moduak bere horretan jarraitzen du, urte asko daramatzadalako tropelean eta ez delako erraza urte batetik bestera dena aldatzea.

Oñatiko aldapa, Aiakoa, Montelupone, Huy, Valdepeñas de Jaen... Ezinezkoa al da aldapa motz eta gogor horietan inork zuri gaina hartzea?

Ezinezkoa ez da, irabazi izan didatelako. Baina egia da horrelako aldapak oso-oso egokiak direla niretzat. Sasoi onean nagoenean, oso ondo sentitzen naiz kokapen ona eta erritmo aldaketa eskatzen duten aldapa horietan.

Edertasunagatik edo gogortasunagatik, aldapa bakarra aukeratu beharko bazenu...

Irabazi ez dudan bat aukeratuko nuke: Huyko horma, Fleche Wallonnekoa. Hura da, agian, ederrena. Ikaragarri polita da. Gogortasunagatik, berriz, Montelupone da beldurgarriena; muga-mugan dago. Nire bizitzan inoiz ez dut igo aldapa gogorragorik.

Zein amets daukazu betetzeko?

Lieja-Bastogne-Lieja klasikoa irabaztea. Lasterketa hori da gehien gustatzen zaidana.

Txirrindulari batentzat zer da gogorrena?

Seme-alabak etxean utzita lasterketetara joatea. Baina galdera hori okerreko txirrindulariari egin diozu, nik gozatu egiten dudalako bizikleta gainean. Bizitza guztian lanbide honetan jarraitzea gustatuko litzaidake. Niretzat gozamena da txirrindulari izatea. Oinez ibiltzen hasterako jarri ninduten bi gurpilen gainean. Aitak afizio handia zeukan, eta horregatik maite dugu denok hainbeste txirrindularitza. Aitari furgoneta zahar bat oparitu nion, eta bere ametsa bete zuen, lasterketaz lasterketa semeari segika ibil daitekeelako horri esker. Nik baino are gehiago gozatzen du. Euskal Herriko Itzulian ikusi zenuten moduan, orain ere nire familia furgoneta batekin joaten da lasterketa askotara.

Semea ondoan zenuela igo zinen Itzulian podiumera. Jadanik hasi al da pedalei eragiten?

Nik gozatu dudan guztia gozatuta, zoratzen nengoke txirrindulari izan nahiko balu. Hark ere nik adina gozatzea gustatuko litzaidake, baina oraingoz ez dio askorik begiratzen. Aitak etxetik joan behar duen momentuarekin lotzen du bizikleta, nonbait. Baloia gehiago gustatzen zaio.

Bartzelona zalea izango da, noski...

Real Madrilekoa da! Badakizu, umeek edozer gauza egiten dute gurasoei kontra egiteagatik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.