Oier Sanjurjo. AEK Larnakako jokalaria

«Niretzat ez zutela tokirik esateak harritu ninduen»

Esperientzia berri bat bizitzeko joan da Sanjurjo Ziprera. «Erabat konbentzituta» egin du. Gaur egin dezake debut ofiziala Midtjylland taldearen aurka, Europako kanporaketetan.

AEK LARNAKA.
Iñaki Berastegi.
2022ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Osasunari dena eman ondoren, Oier Sanjurjori (Lizarra, Nafarroa, 1986) zaila egiten zaio geratu zaion sentimendua esplikatzea. «Asebeteta eta bake sentsazioarekin agurtu nintzen». Etapa berri bat abiatu du orain Zipren, eta familia noiz etorriko zain dago. Hilabete igaro baita AEK Larnakarekin sinatu eta arrapaladan hara joan behar izan zuenetik. Aldaketa handia izan den arren, «oso pozik» dago hartutako erabakiarekin. Gustura ari da entrenatzen, eta uste du taldearentzat jokalari «garrantzitsua» izan daitekeela. Urtebeterako kontratua sinatu du, eta, 25 partida jokatuz gero, automatikoki beste sasoi baterako berritzeko aukera dauka.

Zer moduz joan dira lehendabiziko aste hauek Zipren?

Pixkanaka egoera berri honetara egokitzen ari naiz, eta oso pozik nago. Erabat konbentzituta hartu nuen erabakia, nahiz eta egun gutxiko kontua izan zen. Argi neukan futbolean jarraitzekotan halako esperientzia ezberdin bat nahi nuela. Ez nuen Lehen edo Bigarren Mailan jokatzeko gogo berezirik. Zipre oso herrialde erosoa da, eta familiarentzat egokia. Gainera, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko aukera daukat, eta hori ere oso polita da. Egiari zor, harrituta nago hemen dagoen erritmo eta kalitatearekin. Argi dago ezin dela Espainiako Lehen Mailarekin alderatu, baina maila ona da.

Osasunan ez zenuela jarraituko iragarri eta gero, zer eskaintza izan zenituen?

Dena oso azkar joan zen. Liga amaitu baino astebete lehenago, Gijongo Sportingek deitu ninduen. Ez nuen guztiz argi hori nahi nuen, eta denbora eskatu nien. Sportingen aukera bazter utzi, eta berehala agertu zitzaidan aukera hau.

Nolakoak izan ziren Osasunan eman zenituen azken asteak?

Pena eta nostalgia puntu batekin egon nintzen, konturatu nintzelako nire ibilbidea Osasunan amaitzera zihoala. Era berean, bake sentsazio handia izan nuen, nire onena eman diodalako klubari. Asebeteta amaitu nuen. Pozik eta gustura atera naiz klubetik, aitortza eta maitasun handia jaso baitut.

Erretiroa hartzea benetako aukera izan al zen?

Bai, burutik pasatu zitzaidan zerbait izan zen. Pentsatu nuen beste zerbait egiteko garai aproposa izan zitekeela, baina emazteak gogorarazi zidan oraindik banuela futbola barruan, eta fisikoki ondo nengoela. Arrazoi zuen.

Osasunak eskaini zizun beste ardura batzuekin edo postu batean klubean jarraitzea?

Denboraldia hasi zenean banekien nire azken urtea izan zitekeela, baina denboraldiaren lehen erdian dezente jokatu nuen. Hasiera batean nire etorkizuna erabakitzeko aukera eman zidaten arren, gero aukera hori kendu egin zidaten. Abenduan eman zidaten aukera hori, baina futbolean gauzak oso azkar doaz, eta, martxoan berriro galdetu nienean, esan zidaten ez zutela niretzako tokirik ikusten, eta nahiago zutela gaztetxoren batek nire tokia hartzea. Ez zen negoziaziorik egon; batere. Erabakia onartu behar izan nuen, baina ezin dut ukatu harritu ninduela. Klubarekin bildu nintzen liga amaitutakoan nire asmoa zein zen jakinarazteko, eta esan zidaten klubaren aktibo garrantzitsu bat izan nintzela eta ateak zabalik nituela. Baina hori ez da eskaintza bat.

Diru kontuak aipatuta, zure ibilbidearen azken txanpan zaudela jakinda, horri ere begiratu diozu?

Bai, noski. Ez da Ziprera etortzeko arrazoi nagusietako bat izan, baina kontuan izan dudan zerbait da. Iazko soldatarekin alderatuta diru sarrera asko jaitsi da, baina dirua da oraindik ere. Emazteak esaten dit ea berari zenbat kostako litzaiokeen nik urtebetean irabazten dudana irabaztea: urte batzuk. Beraz, esfortzu hau egitea ere garrantzitsua da, betiere fisikoki eta buruz osasuntsu bazaude.

Agurreko prentsa agerraldian barkamena eskatu zenuen zuretzako hain gogorrak izan ziren hilabete horietan jarrera desegokiren bat izan bazenuen. Zer esan nahi zenuen horrekin?

Prozesu honetan guztian apur bat minduta ere sentitu nintzen. Azkenean, urte mordoa eman dut Osasunan, eta ez da erraza jaso nuen berri hura jasotzea. Berria jaso aurretik ere nabaritzen nuen zerbait gertatzen zela. Gutxi jokatzen nuen, nahiz eta uste nuen jokatzeko nengoela. Injustizia bat balitz bezala bizi duzu, zuk gehiago jokatzea merezi duzula uste duzulako. Uste dut ez zaidala asko nabaritu sentimendu hori, eredu izaten ahalegindu naizelako, baina ez da erraza izan.

Roberto Torresen denboraldia ere ez da erraza izan.

Antzeko egoera izan daiteke, baina badaude ezberdintasunak, bera gazteagoa delako eta beste urtebeterako kontratua duelako. Oraindik emango dio futbola taldeari. Atzera begiratuta, nire ustez, jokalari multzoaren kudeaketan beste kontu bat falta izan zitzaion entrenatzaile taldeari. Jokalari multzo bat zegoen ikusten genuena ez genuela asteburuko partidetarako kontatzen, eta aldagelaren osasunerako hori garrantzitsua da. Zaila izan zen, baina gure profesionaltasuna erakutsi genuen.

Jon Moncayolarekin gertatutakoari buruz zer esan dezakezu?

Jon ezagututa, oso arraroa egin zait horrelako afera batean egotea. Agian berak ere ez zekien hautagaietako bati baiezkoa eman ziola bere bitartekariak. Ez dakit noraino zen bera egoera horren jakitun. Kaltetua bera izan da.

Europako txapelketak jokatzeko aukera izan dezakezu. Ginga polita litzateke zure ibilbidearentzat?

Baiezkoa emateko orduan garrantzia izan zuen. Zaila izango da, jakin badakigulako talde xumea garela. Halere, uste dut gauzak zail jarriko dizkiogula Midtjylland taldeari. Lehen kanporaketa gaindituz gero, Conference Liga jokatuko genuke; bi gaindituta, Europa liga; eta hiru gaindituko bagenitu, Txapeldunen Liga. Nire helburua asko jokatzea da, eta fisikoki eta mentalki ondo ikusten dut neure burua. Pozik ari naiz entrenatzen. Gainera, uste dut taldearentzat garrantzitsua izan naitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.