Iñigo Larrinaga. Ondarroako patroia

«Niretzat, arrauna beti egin da herritik eta herriarentzat»

Ondarroako Arraun Elkartearen garairik gozoenak bizitzeko aukera izan du Larrinagak. Orain, baina, arrauna uztea erabaki du. Kontxan esango du agur.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun
«Berriz etorriko zera Ondarroako kaiera, han daukazu maitea, eta bihotza». Hala dio Ondarroako zaleek abesten duten kantuak. Baina, azken aldiz joango da Ondarroako kaira, lanera behintzat, Iñigo Larrinaga (Ondarroa, Bizkaia, 1985). Etxeko elkarteko patroiak arrauna uztea erabaki du, eta Kontxan agur esatea «ametsa» dela dio. Klubean 25 urte baino gehiago eman ditu. Abestiak dioen bezala, bertan ditu «maitea eta bihotza», Ondarroako Arraun Elkartean.

Zer moduz joan zen Kontxako lehen igandea?

Ondo, uste dut gure onena eman genuela. Estropada oso gogorra izan zen, baina gure mailan egindakoa. Irlatik hondartzarako bide horretan gehiago sufritu genuen, baina ikusita urte guztian Caborekin eta Getariarekin nola aritu garen, pozik.

Baina Ondarroa bezalako elkarte batentzat, Kontxan egotea bakarrik handia da, ezta?

Duda barik. Ez dakit zenbat urtetan hiru bider bakarrik sartu gara, eta Kontxan egotea pozgarria da. Beti esaten dugu gure finala ostegunean dela. Igandeetan gure onena ematera joaten gara, ilusio handiarekin, baina argi dago helburua guk ostegunean betetzen dugula.

Liga estuasun handirik gabe pasatu duzue, eta bikain amaitu duzue sasoia.

Bai, dena batu da. Batez ere gure garai zailenetan, edo ondo ez geundenean, Santurtzik akats batzuk eta zorte txarra izan zituen. Horiek aprobetxatu genituen. Aldaketa batzuk egon dira aurten taldean, eta arraunketa egonkortu dugunean eta konfiantzaz egon garenean, Ondarroarik onena ikusi da.

Zure azken denboraldia izango da. Zergatik hartu duzu uzteko erabakia?

Arraunlariak beti gabiltza gora eta behera, azken urtea izango dela edo ez dela. Baina erabaki bat hartu behar neban. Ikusi neban urte asko egin ditudala atzetik, eta bizitzako egoera edo garai batzuk iristen dira non erabakiak hartu behar izaten diren. Uste dut, gainera, uzteko garai ona dela. Ondarroa maila gorenean dago, gustura, sentsazio onekin... Hobe da horrela uztea urte txar batean egitea baino.

Noiz hartu zenuen arrauna uzteko erabakia? Noiz esan zenion klubari?

Esango nuke erabaki pertsonala, berez, sasoia hasi aurretik hartuta zegoela. Baita esanda ere. Egia da denboraldia hasi zenean beti daukazula esperantza segitzeko, baina ja hitz eginda zegoen, eta erabakia hartuta.

25 urte bat klubean. Nola azalduko zenuke klubaren eta Larrinagaren arteko erlazioa?

Beti aipatzen da, baina klub batean inor ez da ezinbestekoa. Jende asko pasatzen da arraun elkartetik, batzuk urte gehiago egiten ditugu eta beste batzuek gutxiago. Bakoitzak daukana ematen dio taldeari. Nik pertsonalki ez dakit zer eman diodan klubari, baina niri arraun elkarteak bizitza estilo bat eta lagun asko eman dizkit. Herritik eta herriarentzat egin dugu lana, eta askorekin kuadrillakoekin baina ordu gehiago eman ditut. Aitortuko dut: ez dakit zer izango den niretzat arraun elkarte barik bizitzea. Ahaleginduko gara modu batean edo bestean!

Eman bai, baina arraunak kendu ere egingo zizun, ezta?

Bai, eta erabakia bide horretatik doa. Ez dakit hitza kendu den. Baina nik oso gazterik egin nuen debuta, 15 urterekin. Azkenean, uda, oporrak... Horretarako gogoa ere badut, deskantsua hartu eta beste modu batera disfrutatzeko.

Egun zaila da hainbeste urte klub berean egitea. Izan duzu kanpora joateko eskaintzarik?

Gaur egun bizitzak edo gizarteak ohitu gaitu unean uneko erabakiak hartzera, eta ez gaude prest proiektu luzeetarako. Nik ez dut eskaintzarik izan, eta planteatu ere ez dut egin. Niretzat, arrauna beti egin da herritik eta herriarentzat.

Bide luzea egin du Ondarroak. KAE2ra jaitsi, KAE1era igo, eta Eusko Label ligan egonkortu.

Hasiera batean beste modu batera ikusten genuen arrauna. Orduan bai, orduan kuadrilla bat ginen, parrandarako lagun talde bat [barrez]. Txarto pasatu genuen KAE2ra jaitsi ginenean, baina horrek oinarri sendo bat eraikitzeko zerbait eman zigun. Zuzendaritza taldea ere aldatu zen, eta zein proiektu nahi genuen erabaki genuen. Asko disfrutatu dugu, baita sufritu ere. Baina denak balio izan digu ikasteko. Oso oroitzapen onak dauzkat.

Hainbeste urtetan gauza asko gertatuko ziren. Zein une duzu kuttunen?

Asko daude, baina, dudarik barik, iaz Ondarroan irabazitako bandera. Oso berezia izan zen. Badakigu zergatik irabazi genuen, baina irabazteko ere hor egon behar dugu. Herrian, gorengo mailan, eta herriko jaietan bandera irabaztea hunkigarria izan zen. Ongietorriko irudi batzuk betirako gordeko ditut gogoan.

«Ru-ru-ru Ondarru!» beti entzuten da estropadetan. Nola bizi da arrauna herrian?

Izugarria da. Arraun elkarteak maila hobetu duenean, herriak are gorago eraman du. Herrian gaudenean, denak dira hitz ederrak. Herri txiki batean denek ezagutzen dugu elkar. Atzo, entrenamendutik bueltan, 10-11 urteko neskato batzuek egin zidaten oihu kalean: «Aupa Iñigo, aupa Ondarru!». Adin guztietako jendeak bizi du. Andre nagusiek ere besarkatu egiten zaituzte, negarrez, makila eskuetan dutela.Oso hunkigarria da. Hori da arraunaren ederrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.