NIRE VUELTA. Ni ere erori egin naiz

2005eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Txiki-txiki eginda nago, porru eginda, minak akabatzen... nahi duzuena aukeratu. Heras eta Piil erori direla jakingo duzue dagoeneko, baina beste batzuk ere bai, ni tartean. Eroriko tontoa izan da, baina saihestezina. Aurre-aurrean erori da Piil, eta haren gainera joan gara denok, domino jokoko piezen antzera. Ziztada mingarri bat sentitu dut saihetsetan, eta arduratu samar nago. Taldeko medikuak hausturarik ez dudala esan dit, baino ez dakit, ez nago oso ziur. Masajean, arnasa sakon hartu eta kraketako bat sentitu dut. Beldurtu egin naiz.

La Bien Aparecidako bukaeran saiatzeko, ihesaldiren batean sartzeko asmoa nuen, baina orain, ez ihesaldirik, ez ezer. Non sartuko naizen ere ez dakit oraintxe. Ea zer moduz jaikitzen naizen eta etapa bukatzeko moduan nagoen. Hau da miseria, hau!Herasi buruz... kolpe handia hartu du, eta txirrindularioi pertsona normalei baino askoz gehiago kostatzen zaigu osatzea, osatzen bagara. Hiruzpalau egun beharko ditu Herasek berriro guztiz osatzeko, baina ez du hainbesteko tarterik. Biharko bete-betean egon behar du, eta biharko ez bada, etziko. Ez dakit lortuko duen, baina ni Libertyko kirol zuzendaria banintz, oso arduratuta nengoke, une txarrenean jausi delako taldeko liderra.Kolpe txikienarekin hematoma bat sortzen da, eta hematoma horrekin, normalean izaten ditugun balioak, gaitasuna, murriztu egiten dira. Herasek zauri handi samarra dauka, hematomaz gain, eta ikusi dudanez, odol dezente galdu du. 15 puntuek ere tira egingo diote, eta majo sufrituko du gaur.Ez dakit erorketaren erruz Vuelta irabazteko lehiatik at geratuko den, baina ez harritu. Gaurko bukaeran jakingo dugu ondo osatu den edo ez. Eta etaparako nire iragarpena, aspaldiko partez, ihesaldi batek arrakasta izango duela. Mirariren bat gertatu ezean, ez nauzue han ikusiko. Lastima!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.