Abila da taula gainean Nadia Erostarbe surflaria (Zarautz, Gipuzkoa, 2000), eta horixe erakutsi du beste behin ere: WCT lehiaketan parte hartu berri du, munduko surf zirkuiturik onenean —Euskal Herrian hori lortu duen bigarren emakumea da—. Bederatzigarren egin du Hawaiiko Lexus Pipe Pro txapelketan. Urduri ibili da, baina «pozik» dago lortutakoarekin, eta datorrenari aurre egiteko prest.
Zer esan nahi du zuretzat WCT lehiaketan aritu izanak?
Lorpen handia da. Hesi hori puskatu dut, eta konturatzen naiz eredu izango naizela jende askorentzat. Gustura eta pozik nago.
Urrats garrantzitsua da zure ibilbidean, ezta?
Garrantzitsuenetarikoa. Olinpiar Jokoetan parte hartzea izan zen lehena, baina hau parekoa da, maila berean dago.
Denboraldi oso ona egin zenuen iaz, eta gertu izan zenuen WCTra igotzea. Egindako lanaren saritzat duzu Lexus Pipe Pro txapelketan parte hartu izana?
Bai. Pasa den urtea luzea eta gogorra izan zen. Txapelketa asko izan nituen. Azken bi lehiaketetan min hartuta egon nintzen, eta penaz geratu nintzen, ezin izan nuelako nire onena eman. Gogorra izan zen hainbeste lan egin eta gero ez igotzea, zer-eta postu baten aldeagatik. Orain aukera izan dut, behintzat, txapelketa batean parte hartzeko; izugarria izan da.
Nola sumatu duzu zeure burua?
Hasieran urduri nengoen. Lehenengo txandaren ondoren lasaitu nintzen, baina, gero, egun asko eman genituen lehiatu gabe, ez zirelako olatu onak egon, eta urduri jarri nintzen berriro. Olinpiar Jokoetako txapeldunaren aurka lehiatu behar nuen, 2023an Munduko Txapelketa ere irabazi zuenaren kontra, eta presioa sumatu nuen. Garbi dut hobeto egin nezakeela, baina kontuan izanda zenbat denbora izan dudan txapelketa prestatzeko eta osatu berria naizela, ondo ikusi dut neure burua.
Aipatu bezala, lehen txanda gainditu ondoren final-zortzirenetan kanporatu zintuen Caroline Marks estatubatuarrak.
Akats batzuk egin nituen. Hasieran, biziago egon behar nukeen, eta olatu gehiago hartu, baina ohituta nagoenez taulan jarri eta olatu onei itxarotera... huts egin nuen hor. Gero, lehenengo bi olatuetan erori, eta urduri jarri nintzen. Olatu txar bat ere hartu nuen, eta oso zaila izan zen uretara sartzea. Motorrak eraman ninduen, baina leku txarrean utzi ninduen... Oso txarra izan zen bukaera. Baina tira, dena eman nuen, borrokan segitu nuen azkenera arte, eta harro nago horretaz. Hala ere, nire surfa erakusteko gogoz geratu naiz.
Maiz aipatu duzu urduritasuna. Urduritasuna gorabehera, gozatzea lortu duzu?
Txapelketaz gozatu dut; txandetan ez hainbeste. Ez dira txanda errazak izan, olatuak oso zailak izan dira. Lehenengo txandan apur bat gehiago disfrutatu nuen: borrokatu, eta kanporaketari buelta eman nion. Baina bigarren txandan ez nuen hainbeste disfrutatu. Gogorra izan zen: guztia eman nuen, baina dena gaizki atera zitzaidan, ezin nion buelta eman… Baina tira, orokorrean txapelketaz eta esperientziaz asko disfrutatu dut.
«Garbi dut hobeto egin nezakeela, baina kontuan izanda zenbat denbora izan dudan txapelketa prestatzeko eta osatu berria naizela, ondo ikusi dut neure burua»
Txapelketatik zer nabarmenduko zenuke? Zerk harritu zaitu gehien?
Nola tratatzen dituzten kirolariak, ze ondo zaintzen dituzten. Entzun egiten dituzte, eta benetan inporta du kirolariak zer esaten duen. Beste txapelketetan, askotan, ez da hala izaten: nahi dutena egiten dute, eta zuk diozunak ez du batere axola.
Baliabideei dagokienez jauzi handia dago Challenger Series txapelketatik WCTra, beraz?
Bai, denean.
Min hartuta egon zara. Guztiz osatu zara?
Ondo nago, guztiz errekuperatuta. Garbi dago min hartuta egon izanak txapelketan eragin zidala, baina gehienbat psikologikoa izan da. Izan ere, zera nuen buruan: haiek denbora pila bat daramate entrenatzen, eta nik hilabete daramat surfean, baina oso gutxi, egunean behin edo gutxiago. Uste dut mentalki gehiago eragin zidala. Surfean aritzeko gaitasuna ez da galtzen, surfa ez da beste kirol batzuk bezalakoa. Surf egiteko gaitasuna mantendu egiten da.
Behin estreinaldia eginda, gogoz zaude berriro gorenean lehiatzeko?
Bai. Ea zortea dudan, eta berriro deitzen didaten. Orain prestatuago egongo naiz, gehienbat psikologikoki.
Aurrerantzean, ze asmo duzu? Zein dira zure hurrengo helburuak?
Aurten ez dakit zenbatetan parte hartuko dudan WCTan. Horren araberakoak izango dira nire helburuak. Challenger Series txapelketan WCTra sailkatu nahi dut, hurrengo urtean ja barruan egoteko, eta ez egoteko deialdiaren zain. Aurten beste WCT batean sartzen banaiz, patxada handiagoaz aritu nahi nuke, eta txandetan gehiago disfrutatzen saiatu.