Atseden eguna du, bai, baina ez bereziki lasaia. Gorka Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1987) dioenez, ez dute denbora libre askorik izaten. Goizean bi ordu pasako itzulia egin dute, gero bazkaria, masajea, osteopata... Agenda bete-betea. «Siestarako denborarik ere ez. Pixka bat erlaxatu, eta berehala deitzen zaituzte». 65 kilorekin hasi zuen Tourra, eta pisu berean dago orain.
Zer moduz? Gustura harrapatu al duzu atseden eguna?
Besterik gabe, iritsi egin da. Aurtengo Tourra kosta egiten ari zait; gauza bategatik edo besteagatik, baina kosta egiten ari zait. Nerbio ziatikoko arazo batzuekin iritsi nintzen, Espainiako erlojupeko txapelketaz geroztik, eta arrastaka ekarri nituen. Txapelketak amaitu eta ez nuen astirik izan etxera etorri eta ondo tratatzeko. Bigarren egunean taldekako erlojupekoa zegoenez, ezin izan nion atsedena eman.Tourrera etorri eta taldeko osteopatarekin konponbidea jarriko niola uste nuen, baina ezin, ezin arrastoa aurkitu. Horretaz gain, eroriko pare bat izan ditut, eta lasterketan ez mugitzeko esaten didate... Baina, hala eta guztiz, nik ikusten dut ez nagoela ondo. Erdipurdikoa izaten ari da pertsonalki.
Arazo fisikoaren ondorioa da?
Hori pasatu zen: arazo horiek konponduta dauzkat. Egia esan, ez dut pedal kolpea aurkitzen. Pentsakor nago; kirolariok beti ematen dizkiogu bueltak halako kontuei. Uste nuen sekula baino hobeto iritsiko nintzela Tourrera, eta orain arte ez dut ezer erakutsi.
Oso gutxi agertu zara lasterketan. Ezinagatik agian, edo aginduak horiek direlako?
Aginduak horiek izan dira. Orain arte ez didate aukera bakar bat ere eman ihesaldi bat hartzeko. Hala eta guztiz, kirolariak badaki noiz dagoen ondo eta noiz gaizki, eta ez nago pedal kolpe onarekin. Egun pare bat izan ditut esan dudana: «gaur bai». Baina mendiko etapetan ez dut egun onik izan.
Buruari buelta asko ematen dizkiozu? Ala esperientziak lagundu egiten du halakoetan?
Ez asko. Denok ematen dizkiogu bueltak: berezkoa dugu hori. Konponbideak bilatu, erantzunak, zergatia galdetu... Baina badut eskarmentua; badakit buelta eman dakiokeela. Orain dator hirugarren astea. Agian hiru ihesaldi harrapatu eta etapa bat irabaziko dut, nork jakin.
Zuk esan duzu: hasiera kaskarra ezustekoa izan da zuretzat.
Hasieratik arazoak izan ditudala esan dut, baina arazo horiek pasatuta ere oraindik... Pirinioetako bi egunetan ez naiz ni izan. Orain Alpeak datoz, eta agian pedal kolpe egokia etorriko da. Arrazoi asko daude. Taldeak, orain, hausnarketa egin beharko du. Orain arte Fuglsangen alde egin dugu, eta taldeak, agian, ikusi behar du sailkapen nagusian aukera gutxi dituela eta beste jokabide bat hartzeko garaia dela.
Apustua serioa izan da, baina orain zuen liderra bederatzigarren dago, eta ia sei minutura.
Bai. Txirrindulari batzuek izan dituzte euren aukerak, Omarrek [Fraile], Pellok [Bilbao]... Euren aukera jokatzeko egunak izan dituzte. Pellok, egia esan, oso ondo jokatu zuen Pirinioetako lehen etapan. Baina besteok liderrarekin egon behar izan dugu.
Oso morroi aritu zara.
Aginduak hori izan direlako. Helburua hasieran garbi zegoen, irabaztea eta podiuma, eta, orain, azken egunak aztertuta, berrikusi behar dela iruditzen zait.
Aste hauek gogorrak izan dira Astanarentzat. Haize-babesen eguna ere hor egon zen.
Akatsak egon dira, handiak gainera. Taktikoak, teknikoak... Gu ere tartean egon gara sartuta: azken finean, txirrindulariok gabiltza hor. Haize-babesen eguna bereziki. Desastrea izan zen. Lehen astean egun pare bat izan genituen kritika batzuk eragin zituztenak. Elkarrizketa batzuk egon dira beste hedabide batzuetan, esanez horrela lan egitea alferrik dela hiru asteko itzuli batean... Ni zuzendaritzan banengo, agian, ez nuke horrela jokatuko, baina gu morroiak gara.
Egun hartako afaria ez zen gozoa izango.
Bada, ez. Bilerak ere egon dira, guztion aldetik. Halakoetatik ikusi egin behar da.
Ondo ez zaudenean, Tourrak ez du barkatzen.
Ez, ez du barkatzen. Baina ni sinetsita nago ondo nagoela; erakustea falta zait, baina.
Goibel dirudizu. Itzali samar.
Ez, ez... Ni zintzoa izaten ari naiz. Nik ez dut gezurrik esango. Zaleek ez ninduten asko ikusiko tropelaren buruan. Ni errealista naiz.
Baikorra al zara hirugarren astera begira?
Izan nahi dut! Bestela, herenegun etxera joango nintzen. Hau horrela izaten da.
Tourra uztea pasatu al zaizu burutik?
Bai zera! Ez, ez.
Zazpigarren Tourra duzu. Orain arteko gogorrena?
Ez, egon dira urte gogorrak. Hasieratik askatasuna eduki, eta saiatu ihesaldia hartzen, saiatu eta saiatu, eta ezin. Eta gero, hirugarren astean hiru ihesaldi hartu bata bestearen atzetik. Hori ere gerta daiteke. Baina orain arte saiatu ere ez naiz egin.
Iraganak dio hirugarren astean gora egiten duzula. Baikorra izateko argudio bat da.
Bai, pizgarri bat da. Beharrezkoak dira. Ikusiko dugu ea zer moduz doan hirugarren astea.
Nolakoa da azken astea? Nolakoak dira Alpeetako etapak? Ikusi al dituzu?
Gogorrak, oso gogorrak. Nik uste dut sailkapenean bueltak egongo direla. Pirinioetan egunero jendea erortzen aritu da, eta Alpeetan hala jarraituko duela uste dut. Eta, era berean, ez dut uste orain erorita dagoen norbaitek burua altxatuko duenik. Etapak ez ditut ikuskatu. Aztertuko ditut liburuan, iritsi hala. 32 kilometroko mendate bat dago, Galibier...
Ihesaldia hartzeko onak. Tourrean bigarren eta hamargarren arteko postu guztiak eginak dituzu etapetan. Bat falta zaizu.
Egia da, bitik hamarrerako guztiak. Baina hamarretik gorako gutxi batzuk ere bai. Ez dut helburu moduan jarrita. Lehen helburua neure burua ondo ikustea da. Dauphinen izan ditudan hankak edukitzea, Espainiako Txapelketetan... Azken finean, aurten izan dudan sasoi puntua litzateke.
Ausartzen zara kiniela ematen?
Podiumekoa? Nik uste du Alaphilippek ez diola eutsiko, eta Pinotek irabaziko duela Tourra. Tropela kiniela hartua nuen [barrez]. Eta Bernal eta Thomas jarriko nituzke atzetik.
Tour oso entretenigarria izaten ari da zaleentzat.
Nik uste dut gehienbat Ineosen aginterik ezagatik izaten ari dela. Beste urte batzuetan martxa hori jartzen zuten, taldeko bospasei txirrindulari tropelaren aurrean, eta inor ez zen mugitzen. Aurten, orain arte, halakorik ez dugu ikusi. Aldiz, Kwiatkowski lehen mendatean gelditzen ikusi dugu, Poels sufritzen... gizatiarragoak izaten nolabait. Horrek eragin du Movistarren jokabidea erasokorragoa izatea. Gero, Pinot eta Alaphilippe ematen ari diren maila ere nabarmendu behar da. Horrek guztiak egin du polit.
Ondoren, Vueltara?
Bai. Baina lehenbizi, Klasikoa. Asko gustatzen zaidan lasterketa bat da, eta gustatuko litzaidake aukeratxo bat izatea lehiatzeko. Etxean da, eta uste dut egokia izan daitekeela nire ezaugarrietarako. Baina hori aurrerago ikusiko dugu; eta, ondoren, Vuelta.
Frantziako Tourra. Gorka Izagirre. Astanako txirrindularia
«Nire sasoia aurkitzea da orain helburua»
Pattal antzean aritu da Izagirre Tourreko lehen bi asteetan. Arazoekin hasi zen, eta pedal kolpea aurkitu ezinda dabil. Hala ere, azken astean hobera egiteko itxaropena du; besteak beste, taldeak askatasun pixka bat ematen badio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu