«Nire presentzia igartzea desio dut»

Realak Natxo Monreal atzelaria aurkeztu du. Nafarrak bi sasoirako fitxatu du donostiarrekin, eta urtebete gehiago luza dezake kontratua. Jokalariak dio «gertuko» taldea izan duela Reala

Jon Ander De la Hoz.
<i>Donostia</i>
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Realak jarri dio ginga sasoi berriko proiektuari. Txuri-urdinek Natxo Monreal (Eskirotz, Nafarroa, 1986) atzelaria aurkeztu zuten atzo, eta orain arteko fitxaketa multzo zabalari jokalari beterano bat gehitu dio hala. Ingalaterrako Arsenal taldetik heldu da Monreal; sei urte igaro ditu Londresko klubean.

Jokin Aperribai Realeko presidentea lagun hartuta agertu zen Monreal prentsaren aurrera. Debako mandataria izan zen Zubietan hitza hartzen lehendabizikoa. Aperribaik «eskertu» egin zion nafarrak Donostiako taldearekin fitxatzeko agertu duen interesa: «Duela urtebete baino gehiago hasi ginen hizketan, eta gaur da Natxo hemen dugun eguna. Arsenalen izan duen jarrera onak eta etxera itzultzeko zuen gogoak egin du posible».

Monrealen arabera, iaz ere gertu izan zen taldera batzeko, baina orain arte «hiru aldeek» ezin izan dute akordioa itxi: «Iaz, Unai Emery Arsenalera iritsi berria zen, eta hark argi utzi zuen han jarraituko nuela, ez nindutela salduko. Orain ere nik han segitzea nahi zuen, baina bestelakoa izan da egoera».

Jokalari esperientziduna izanagatik, Monrealek uste du baduela Realari zer eskainia: «Beteranoa naiz, baina ez nator gazteei erakustera soilik. Adinaz gaindi, lehiakorra naiz, eta ondo nago fisikoki. Gauzak irabaztera nator, eta nire presentzia igartzea desio dut». Bi urteko kontratua sinatu du atzelariak, eta, bi aldeek hala hitzartuz gero, urtebete luzatu ahalko dute,

Zenbait baturaren emaitza

Zenbait alderdik bat egin dute Monreal Realera iristeko. Horietako bat «itzultzeko gogoa» izan dela azpimarratu du atzelari nafarrak: «Etxetik gertu dudan taldea da. Iruñekoa naiz, Osasunan hazitakoa. Bi taldeen artean beti egon da harreman ona, eta [Espainiako] selekzioko gazte mailetan beti aritu izan naiz Realeko jokalariekin. Klubak duen politika, jokatzeko modua... Oso gertuko ditut haiek guztiak».

Monrealek gorritxoekin egin zuen debuta Espainiako Lehen Mailan, 2006-07ko sasoian, eta 144 partida jokatu zituen. Iruñetik Malagara (Espainia) joan zen gero, eta azken zazpi denboraldietan Arsenalen aritu da; 485 partida jokatu eta lau titulu irabazi ditu han: «Zortzi urte luze eman ditut etxetik kanpo, eta urrats garrantzitsua da. Familiak zerikusia du; alaba txikia dut oraindik».

Sasoi hasieran Realak izandakojokatzeko moduak ere erakarri du Monreal: «Sentipen onak izan ditut. Banekien kalitatezko jendea zegoela. Talde ona da, baloia jokatzen dakiena eta ez zaiona hura erraz kentzen. Identifikatua sentitzen naiz». Arsenaleko kapitain ohiak ez daki zer postutan ariko den: «Entrenatzailearekin hitz egin behar dut. [Atzealdeko] ezker hegalean aritzen naiz erosoen, baina erdian ere gustura aritzen naiz».

Haren etorrerak lehen taldea osatu du, baina ez da donostiarren azken fitxaketa izan. Klub txuri-urdinak atzo arratsaldean jakinarazi zuen Robert Navarro 17 urteko erasoko erdilari nafarra fitxatu duela Monako taldetik. Hiru urterako sinatu du, baina Reala B-n ariko da hasieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.