Bere bertsio onenetik nahiko urrun egon zen iaz Gorka Izagirre (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1987). Itzuli berria zen Movistarrera, eta taldea nola, hala ibili zen bera ere. Ospitalean hasi zuen sasoia, Proventzako itzulian erorita. Gerora, asko kosta zitzaion burua altxatzea. Haatik, indarberrituta ekin dio sasoi berriari. «Pixkanaka, iazko aho zaporea kentzen hasi naiz. Hori da nire lehen helburua». Ez daki zer itzuli handi lehiatuko duen; hurrena, Paris-Nizan, Miguel Indurain Sarian, Itzulian eta Ardenetan ariko da.
Jo eta ke aritu zara denboraldiko lehen hilabetean. Atseden apur bat hartzeko unea iritsi zaizu?
Hori da. Atzo [astelehenean] iritsi ginen etxera, Andaluziako itzulia lehiatu ondoren. Lasai ibiliko naiz Paris-Niza bitarte. Sasoi hasiera arrunta ari da izaten. Beti gustatu izan zait Australian hastea, eta ez nuen bitan pentsatu hara joatea proposatu zidatenean. Gero, Murtziako eta Jaengo probak, eta Andaluziako itzulia egin ditut.
Lau aldiz sailkatu zara hamar onenen artean. Pozik zaude lehen emaitzekin?
Bai. Fisikoki ondo nago, eta pixkanaka iazko aho zaporea kentzen hasi naiz. Hori da nire lehen helburua. Ez zen urte ez erraza ez ona izan niretzat, baina orain ongi sentitzen naiz, eta ea bide honetatik jarraitzen dudan.
Movistarrera itzuli zinen iaz. Zer falta izan zitzaizun zure ohiko mailan aritzeko?
Gauza asko izan ziren. Lehen lasterketan erori egin nintzen, eta horrek eragin handia izan zuen. Asko kosta zitzaidan berriz ere erritmoa hartzea eta arrastoan sartzea. Nahiz eta gero Frantziako Tourra eta bestelako lasterketa on batzuk egin, luzimendu handirik gabeko urtea izan zen. Denboraldi amaieran ondo nengoen fisikoki, baina gaixotu egin nintzen, eta ez nuen ondo bukatzeko aukerarik eduki.
Taldeak, bederen, bukaera txukuna izan zuen, eta sasoi berriari bide beretik ekin dio. Beste talde bat ematen duzue.
Niretzat urte zaila izan zen, baina taldearentzat ere bai. Urtea hasterako, esan ziguten puntuak pilatu beharra zegoela World Tourrean jarraitu nahi bagenuen. Egoera berria zen denentzat, eta lasterketa askotan lotuta bezala aritu ginen, presioaren ondorioz. Baina bukaera ederra izan zen, helburua bete genuen, eta garbi ikusi denboraldi berriari ere indar horrekin ekin behar geniola. Gogotsu hasi gara, eta lehen emaitzak oso onak ari dira izaten.
Momenturen batean benetako arriskua ikusi zenuten World Tourretik kanpo geratzeko?
Bai, batik bat Tourrean, Enric Mas erretiratu zenean. Hura izan zen mugarria. Aurrez kalkuluak eginak genituen, Tourrean lortuko genuen puntu kopuruaren inguruan, eta ikusi genuen oso azpitik geratuko ginela. Gogorra izan zen. Oraindik Espainiako Vuelta falta zen, baina ezin genuen dena karta bakarrera jokatu. Beste txirrindulari bloke bat genuen, eta esperantza eta beharra tarteko, garaipenak eta postu onak lortzen hasi ginen.
Iazko larritasunak mentalitate aldaketa ekarri du Movistarrera?
Bai. Askotan ematen du taldea bakarrik itzuli handietara doazenek osatzen dutela, baina denen ekarpena da garrantzitsua. Gogoz aritu ginen iaz bigarren multzoko txirrindulariak, eta gure emaitzak funtsezkoak izan ziren taldearentzat.
Sei garaipen lortu dituzue dagoeneko. Aurrera begira, presarik eta presiorik gabe jarduteko aukera izango duzue.
Bai. Gainera, sosegu handia eman digu Enricek Andaluzian zer maila eman duen ikusteak. Oso lasaigarria da, eta konfiantza ematen digu helburuak ezartzekoan. Xede nagusia da Tourra Enricekin lehiatzea. Bera da gure lider bakarra. Koska bat gorago daude Vingegaard eta Pogacar, baina podiumera igotzeko moduan ikusten dut Enric.
2020an irabazi zenuen azkenekoz. Berriz ere besoak altxatzeko ilusioa duzu?
Lehen helburua zen ondo hasi eta iazko denboraldia ahaztea. Nire maila izan den hori berreskuratu nahi dut aurten. Gainetik liderrak ditudanean, nire zeregina lan egitea izango da, beti bezala. Irabaztea beti da gustagarria, baina ez naiz garaipenekin itsutzen. Batzuk baditut, baina tantaka iritsi dira. Asko kostatzen da, eta, gainera, batari eta besteari laguntzen aritzen naiz.
36 urte beteko dituzu aurten. Gertuago ikusten duzu ziklismoa uzteko eguna?
Badira urteak, baina oraindik gelditzen zait beste urte batzuetarako indarra eta gogoa. Buruz ondo nago, aparteko nekerik gabe. Entrenatzen-eta gustura aritzen naiz. Fisikoki, egia da iazko denboraldiak zalantza batzuk sortu zizkidala. Buruari bueltaka ibili nintzen. Zalantzak uxatu ditut jada, eta uste dut oraindik badudala zer eskainia. Kontratua aurten bukatuko dut, baina jarraitzeko prest nago.
Gorka Izagirre. Movistarreko txirrindularia
«Nire maila berreskuratu nahi dut»
Fin hasi du denboraldia Izagirrek, Movistarren bolada onak kutsaturik. Iaz une «gogorrak» bizi izan arren, mailari eutsi zioten, eta xede handiak lortzeko «konfiantza» dute sasoi honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu