Lucas Egibar. Snowboardlaria

«Nire maila berreskuratu dut; bigarrenez irabazi nahi dut Munduko Kopa»

Bizkarreko lesio larri bat gaindituta, Lucas Egibar snowboardarekin «gozatzen» ari da berriro. Munduko Kopako podiumera itzuli da zazpi urteren buruan. Ondo dagoen arren, ez du uste «sekula» berreskuratuko duenik lesio aurreko sasoia.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
Donostia
2023ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Denboraldia amaituta, etxean atseden hartzen ari da Lucas Egibar (Donostia, 1994). Udako etenaldiaren aurretik, ordea, maiatzeko lehen astean, Suitzara bidaiatuko du 2024rako material guztia hautatzeko. Gainera, aurki egingo diote bizkarrean duen lesioa nola dagoen jakiteko proba medikoa ere. «Zelula amekin egindako tratamendua oso mingarria izan zen, baina, berriro egin behar badut, egingo dut, bizitza aldatu dit eta». 2023ko Munduko Kopan bigarren amaitu eta gero, bere ibilbideko bigarren Kristalezko Globoa irabaztea du helburu 2024rako: 2015ean irabazi zuen lehendabizikoa.

Pozik amaitu duzu egindako denboraldiarekin?

Oso aho zapore onarekin bukatu dut, bai. Hala ere, egia da garaipena hain gertu izanda bigarren amaitzeak amorru pixka bat ematen duela. Hori izan zenlehendabiziko sentipena. Dena den, ni gauza onekin geratzen naiz beti, eta, nondik nentorren jakinda, oso pozik nago. Denboraldi ederra izan da, inoiz baino erregularragoa izan bainaiz: sei final jokatu ditut. Nire maila berreskuratu dut, eroso sentitu naiz taula gainean, eta gozatu egin dut.

Zu izan zara berriro ere?

Bizkarreko lesio larri bat izatea ez da huskeria. Nire kirolean aritu nintekeen, baina ez nintzen arintasunez mugitzen taula gainean, ez bainintzen gai nahi beste estutzeko edo nahi bezain azkar ibiltzeko. Aurten, lehen entrenamenduetan jada ikusi nuen hori berreskuratu nuela.

Lehendabiziko entrenamenduetan sasoiko zeundela ikusi zenuenean, zer helburu jarri zenion zeure buruari?

Helburua irabaztea da beti. Ondo nengoela ikusi nuenean, banekien goiko postuetan egoteko aukera izango nuela. Ez da ezustekoa izan, ez. Iaz, lesioagatik nire denboraldirik txarrenetakoa egin nuen arren, bi lasterketa irabazi nituen ia. Gainera, materialaren hautaketarekin huts egin nuen. Egia da denboraldi erdira arte gehiago kostatu zaidala irteerak egitea, baina, oro har, onenekin lehiatzeko gai nintzela ikusi nuen hasieratik.

Azkenera arte izan duzu Munduko Kopa irabazteko aukera. Pena izan da, ezta?

Bai, oso denboraldi ona egin dugu eta. Azken lasterketetan, Kanadan, oso lan ona egin genuen: bigarren eta laugarren amaitu nuen. Finalean banekien arriskatu egin behar nuela, eta kanadarra aurreratzen ahalegindu nintzenean, mugitu egin zen, eta abiadura galdu nuen. Edonola ere, Veysonnazen [Suitza] kale egin genuen, ez baikenuen asmatu ez estrategiarekin ez taularekin. Gure hutsa izan zen; halakoak gertatzen dira.

Postu onak ez ezik, garaipen bat ere lortu duzu Sierra Nevadan. Hori ere garrantzitsua izan da fedea berreskuratzeko?

Bai, noski. Sei final jokatu ditut, eta pena da sei final horietan hiru aldiz laugarren egin izana. Hor galdu dut puntu gehien, garaileak lortutako puntuen erdiak lortzen dituelako laugarrenak, gutxi asko. Martin Noerlek [2023ko Munduko Kopako garaileak] nik baino final bat gutxiago jokatu du, baina hiru aldiz irabazi du. Hor dago aldea.

Zer falta izan zaizu Munduko Kopa irabazteko?

Lasterketa bakoitza aztertu beharko genuke. Lehenengoan, laugarren izan nintzen, eta ahal bezainbeste puntu lortu nituen. Cervinian [Italia], talka baten ostean, atzean geratu nintzen lehen lasterketan, eta bigarrenean ere lurrera joan nintzen. Oker txiki horiek eragin handia izan dute. Ondoren, Cortina d'Amppezzon (Italia) ere antzera gertatu zitzaidan, baina Suitzakoak baldintzatu nau gehien.

Podiumera itzuli zara urte askoren ostean.

Nik banekien lor nezakeela. 2019an eta 2020an laugarren izan nintzen, eta orduan ailegatu zen lesioa. Iaz, lesioarekin, zortzigarren amaitu nuen sailkapenean. Arazo fisikorik gabe eta taulak ondo aukeratuta, hor egon naiteke. Taulak oso garrantzitsuak dira, eta iaz ez genituen taula onak izan.

Garaipenaren ehuneko zenbat dago taulen menpe?

Garaipena taularen menpe dago, ezbairik gabe. Taula azkarra izan ezean, ezin da irabazi. Hori hala da. 1 Formularen antzekoa da: Fernando Alonsok beti esaten zuen ez zuela auto azkarrik, eta niri, iaz, antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Denboraldi hau abiatu aurretik proba bat egin genuen taula berriekin, eta, taulak ia landu gabe, aurreko sasoikoak baino askoz ere azkarragoak ziren.

Maiatzean astebete egingo duzu Suitzan 2024rako materiala aukeratzen. Aste hori erabakigarria da, ezta?

Bai, aste erabakigarria da, taulak ez ezik gainontzeko materiala ere probatzen baitugu. Esaterako, aurten arazoak izan ditut botekin. Zure taldearengan konfiantza izatea oso garrantzitsua da, eta ni itsu-itsuan fidatzen naiz Marco Mihic nire taulen prestatzaileaz. Suitzan kale egin genuen, baina halakoak gertatzen dira batzuetan. Talde handiek lan horietarako gutxienez bi pertsona izaten dituzte, eta nik Marco bakarrik daukat [Mihic]. Gainera, talde bakoitzak lauzpabost kirolari dauzka, eta entrenamenduetako jaitsieran taula bakoitza argizari ezberdinekin probatzeko aukera izateak abantaila handia ematen du. Guk, ordea, aukera bakarra daukagu. Askotan gertatu zaigu hori amaitu berri den denboraldian. Adibidez, Kanadako azken proban, argizariarekin kale egin genuen lehen jaitsieran, eta, hasierako kanporaketetako lasterketa hura irabazi nuen arren, kanporaketako denborarik txarrenetakoa egin nuen.

Min hartu aurretik bezain ondo lehiatzeko gai izan zarela esango zenuke?

Ez dut uste hori sekula berreskuratuko dudanik. Kontu handiarekin ibili behar dut beti. Goizean dutxa bero bat hartu behar dut gorputza aktibatzeko, nire fisioterapeuta nirekin egoten da goizean goizetik, eta lasterketa amaitu bezain pronto atseden hartu behar izaten dut. Lasterketaren aurretik, errutina jakin bat daukat egunero; lehen ez nuen halakorik behar. Nire bizkarra prestatu behar dut, eta kontu handiarekin ibili lasterketatik kanpo.

Egunerokoan ere arazoak ematen dizkizu bizkarrak?

Bai, kontu handiarekin ibili behar baitut. Eskalatzea, golfean jokatzea eta surfa egitea gustatzen zait, baina, lehian nabilenean, ez zait burutik pasatu ere egiten horietan aritzea. Denboraldia amaitzean egin dezaket, baina jakinda hurrengo egunean mina izango dudala. Denboraldian, ez daukat berreskuratzeko astirik.

Nolakoak dira lasterketa amaitu osteko orduak? Lesioa dela-eta gogorrak egiten zaizkizu?

Iaz bai, lasterketa amaitu eta zuzenean sartu behar bainuen ohean: min handia neukan. Olinpiar Jokoetatik ezin izan nintzen zehaztutako egunean bueltatu, etahegaldia pare bat aldiz atzeratu behar izan genuen ezin nintzelako ohetik mugitu. Aurten oso bestelakoa izan da.

Gurutze bide moduko bat izan duzu lesioarekin?

Bai, urte eta erdiko bidea oso gogorra izan da. Infiltrazioei esker egin nuen aurrera 2022an.

Zelula amekin egindako tratamendu bati esker lortu duzu konponbidea. Asko kosta zitzaizun tratamendu hori aurkitzea?

Infiltrazioekin ari nintzela, lehengusinaren senarrak bere osabarengana joateko aholkatu zidan. Denboraldia jokoan zenez, sasoia amaitu arte itxaron nuen, infiltrazioen emaitza ona izaten ari zelako. Nahiz eta ezin nintzen nahi bezain ondo mugitu taula gainean, denboraldia ondo amaitzeko aukera izan nuen, gutxienez. Behin amaituta, Bartzelonara joan nintzen medikuarekin biltzera, eta ekainaren 1ean hasi nuen tratamendu berria.

Teknikoki, zer lesio duzu bizkarrean?

Izatez, ez da lesio bat ere. Bizkarreko diskoak higatuta dauzkat, beste edonork izan ditzakeen bezala, baina nire adinarekin eta zer kiroletan aritzen naizen ikusita, asko mugatzen naute. Snowboarda kirol oso gogorra da.

Egin dizuten tratamendu horrek iraungitze data dauka?

Bai, baina ez dakigu zehazki noiz. Maiatzean beste proba batzuk egingo dizkidate, eta hor ikusiko dugu zer egin.

Tratamenduarekin jarraitzeko asmoa duzu?

Bai, baina epeak hobeto kalkulatuta. Izan ere, iaz esan zidan tratamenduarekin hasi eta bi astera entrenatzen has nintekeela, eta ez zen hala izan. Oso gaizki pasatu nuen, inoiz ez bezala. Eskerrak nire fisioterapeuta nirekin zegoela: ezin nintzen ia mugitu ere egin hurrengo egunetan. Oso mingarria izan zen, baina, berriro egin behar badut, egingo dut, bizitza aldatu baitit.

Zure ibilbideko zein etapatan zaude?

Gorputzak jarraitzeko aukera ematen badit, baliteke nire ibilbideko aldirik garrantzitsuena izatea hau. Oso talde ona daukat, material ona daukagu, eta ni esperientzia handiarekin lehiatzen ari naiz. Nire kirolean, hori da garrantzitsuena: lasterketa ulertzeko duzun gaitasuna.

Epe luzera jarraitzeko aukera ikusten duzu? 29 urte baino ez dituzu.

Bai, baina bizkarreko lesioa izan nuenetik nahiago dut urtez urte joan. Hurrengo Olinpiar Jokoak 2026an dira, eta bi urte ditugu sailkatzeko. Kirolean gauzak azkar igarotzen dira, baina pixkanaka joan nahi dut.

Bigarren Kristalezko Globoa irabaztea da hurrengo helburua?

Dudarik gabe. Datorren urtean Munduko Kopa daukagu soilik, eta helburua hori izango da: bigarrenez irabazi nahi dut. Jakinda hor egon naitekeela, horren bila joango gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.