Aurreko bi aldietan finalaren atarian geratu ondoren, barruraino sartu da oraingoan Beñat Segurola (Aizarnazabal, Gipuzkoa, 1990). Bolada ona harrapatu du: azken binakakoa irabazi zuen, Iban Larrañagarekin. «Oso pozik» dago haren garapenarekin.
Erremontari saioaren hirugarren aldian sailkatu zara aurrenekoz finalerako. Pozik, ezta?
Oso. Aurreko bi aldietan finalerdietara iritsi nintzen, eta, oraingoan, beste pauso bat eman dut. Oso lan ona egin dugu Aritzek eta biok, eta ederra litzateke txapela irabazita biribiltzea.
Zer itxura hartzen diozu finalari?
Oso gogorra eta zaila izango da; horrelakoak dira Urrizaren aurkako partida guztiak. Hark txapel pila bat irabazi ditu, eta, oraingoan, Martirenarekin ari da; hura ere oso ondo ari da. Baina sinetsita nago gurea egiten badugu badugula irabazteko aukera.
Pozik zaudete egin duzuen txapelketarekin?
Bai. Oso ondo ekin genion txapelketari, baina ez gara gai izan partida berean biok ondo aritzeko. Finalean biok aritu behar dugu ondo; hori egin ezean, oso zaila izango da irabaztea. Baina konfiantzaz gaude; uste dut egingo dugula.
Zer moduz moldatu zara Juanenearekin?
Oso ondo. Aurrelaria zenean, elkar xaxatzen ibiltzen ginen, eta atzean hasi zenean, elkarrekin jokatu genuen, eta oso gustura aritu ginen. Horregatik, asko poztu nintzen berarekin jarri nindutenean. Gozatzen ari gara.
Baita sufritu ere.
Hala da. Uste dut partida bakarrean irabazi dugula lehen seta; behetik gora egin dugu beti, eta horrek meritu handia du. Baina finalean saiatuko gara lehen biak irabazten.
Hirugarren setean eta tanto bakar baten aldearekin irabazi zenieten ligaxkan. Horrek zerbaiterako balio du?
Ez. Hau beste partida bat da: finala da. Halere, Urrizari irabazi diot azken lau partidetan, eta horrek konfiantza handia eman dit. Ea bosgarrenez irabaz diezaiokedan.
Nola aritu dira haiek?
Behetik gora egin dute: lehen bi partidetan ahul aritu ziren; batez ere, Urriza. Baina azken lau partidetan sekulako erakustaldiak eman ditu; Martirena ere oso ondo aritu da. Oso bikote gogorra da.
Urriza saihestea da helburua?
Bai. Haiek pilota motelak aukeratu dituzte, komeni zaielako zazpiaren barruan egotea. Guk, ordea, biziagoak aukeratu ditugu, Urriza gainditu, eta Martirena errebotean urduri jartzeko; ahulune txikia du hor. Hori egiten badugu, asko izango dugu irabazia.
Azken binakakoan txapeldun izan zinen Iban Larrañagarekin. Bolada ona harrapatu duzu.
Azken urtean ikusi ahal izan da Segurolarik onena; nire kirol ibilbideko sasoirik onenean nago.
Zertan hobetu duzu?
Aurrerapausoa eman dut tantoa bukatzeko orduan. Halere, oraindik badut zer hobetua: batez ere, sake-errestoa. Baina gogor entrenatuko naiz hori hobetzeko.
Sagardoaren txapelketa. Beñat Segurola. Oriamendiko aurrelaria
«Nire kirol ibilbideko sasoirik onenean nago»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu