Aspeko pilotaria

Iker Salaberria: «Nire kirol ibilbideko garairik onenean nago»

IDOIA ZABALETA / FOKU.
IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun

Iker Salaberriak (Goizueta, Nafarroa, 1999) banakako hirugarren finala jokatuko du jarraian: iaz, txapeldunorde izan zen buruz buru, eta txapeldun lau eta erdian.

Bolada ona harrapatu duzu: banaka jokatu dituzun azken hiru txapelketetan iritsi zara finalera.

Gustatzen zait txapelen inguruan ibiltzea, baina zaila da urte osoan bete-betean aritzea. Zorionez, banakako azken hirurak jokatu ditut; oso pozik nago; lanaren fruitua da. Baina lanean segitu behar dut.

Zure kirol ibilbideko garairik onenean zaude?

Bai, baina hona iritsi banaiz, aurretik lan handia egin dudalako iritsi naiz. Finalak jokatzen ari naiz, eta txapel bat irabazi dut; hori kontuan hartuta, bada hau nire kirol ibilbideko garairik onena. Baina gogor segitu behar dut lanean; hemen denek asko estutzen dute.

Zertan hobetu duzu?

Lau eta erdiko txapelak konfiantza handia eman zidan neure buruarengan sinisteko. Lehen, une erabakigarrietan, hori falta zitzaidan. Orain, aldiz, adi eta borrokalari aritzen naiz hasi eta buka.

Burumakur ibili zinen aurretik, eta psikologo batengana jo zenuen. Argi dago on egin dizula.

Bai. Afizionatuetan ia dena irabazi eta gero, uste duzu profesionaletan berdin jarraituko duzula. Baina berehala konturatzen zara sekulako maila dagoela, eta zaila dela txapelak irabaztea. Horrek etsipena dakar, eta zeure buruarekin gustura ez egotea. Ni konturatu nintzen psikologo bat behar nuela. Harengana joan, eta harekin lanean hasi nintzen. Mesede egin zidan. Orain, oso gustura ari naiz, kantxan gozatzen.

Iker Irribarriak zioen pilota «eskuarekin» jotzen dela, baina jokatu, «buruarekin» jokatzen dela. Ados zaude?

Bai, eta banakako kiroletan are eta garrantzitsuagoa da arlo psikologikoa lantzea; futbolean, adibidez, oharkabean pasa zaitezke partida txar bat jokatuta; baina pilotan bakarrik zaude. Ez da erraza hori kudeatzea, eta nik hasieran hori kudeatzeko tresnak falta nituen. Orain baditut, eta lasaiago nabil. Kantxan igartzen da.

Finala jokatzea zen helburua?

Ez. Lau eta erdian gutxienez finala jokatu nahi nuen. Baina binakakoan ez nintzen oso fin ibili amaieran, lunbalgia bat dela eta. Horrek ez zidan utzi gero nahi bezala entrenatzen, eta konfiantza faltarekin ekin nion buruz burukoari. Baina Larrazabali irabazteak mesede egin zidan konfiantza berreskuratzeko; horri esker irabazi nien Zabalari eta Agirreri.

Zer itxura hartzen diozu finalari?

Uste dut gogorra eta luzea izango dela. Bakaikoak oso ondo egiten du dena; oso huts gutxi egiten ditu. Zaila da hari irabaztea. Baina ondo nago, eta gogor borrokatuko naiz.

Zein izango da gakoa?

Sakearekin asmatzea eta hura mugiaraztea; zuzen jokatzen du, eta zaila da joko horretan hari irabaztea. Nik ezarri behar dut erritmoa, eta angeluak bilatu.

Handia da saria.

Oso: txapela eta onenekin aritzea. Denok nahi dugu hori. Lau eta erdian izango dut aukera, eta ea buruz buru ere badaukadan.

Azken emaitzak kontuan hartuta, gertuago ikusten duzu onenekin aritzea?

Bai eta ez. Elordi ispilu da guretzat, baina bakoitzak bere prozesua eta denbora behar du. Garrantzitsuena da egunero egiten duzun lanarekin gustura egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.