Itzalean emandako pedalkada bakoitzari zentzua aurkitzen ari da Mikel Astarloza (Pasai San Pedro, Gipuzkoa, 1979). Frantziako Tourrean etapa bikaina irabazi berritan, 2009ko uztailaren 31n jaso zuen orain arteko kolperik handiena, ekainaren 26an egindako analisi batean EPO arrastoak aurkitu zituztela jakinarazi ziotenean. Bi urteko zigorra jaso, helegitea jarri, eta, entrenamendu egun bakar bat galdu gabe, egun bakoitzak 24 ordu baino askoz gehiago dauzkala jabetu da azken bi urteetan. Ondo bidean, datorren astean argituko da noiz itzuliko den lehiara, eta, ilusioari helduta, horregatik dabil telefonoari pega-pega eginda, albiste onen baten zain. Bi urteko kalbarioa amaitzera doanean, barruko sentimenduak askatzeko aukera eman dio Berria TBko Esan ahala elkarrizketa saioak, Digitalak ekoizpen etxearen estudioan.
Zertan da, une honetan, zure egoera?
Gezurra badirudi ere, oraindik ez daukagu berririk. Ia bi urte igaro dira zigorra jaso genuenetik, hilabete bakarra falta da zigorra amaitzeko, eta oraindik ez dugu jaso helegitearen berririk. Behin zigorra beteta, berriz ere lehiatzen hasiko naiz, baina helegitearen erantzunik jaso gabe.
Epaitegi arruntean dago zure auzia, eta bi egun ageri dira auzi horren atzean: ekainaren 26a eta uztailaren 31. Zein abantaila eta arrisku dauka egun bakoitzak?
Behin ekainaren 26a iritsita, zigorra betetzat joko dute, eta lehiatzen hasteko baimena edukiko dut. Baina helegitearen norabidearen barnean, zigorra ken diezadakete, edo uztailaren 31ra arte atzeratu; Tourra amaitu arte, azken batean orduan jakinarazi zutelako positiboa. Horren baitan hartuko dugu erabakia, lehiatzeko aukera izan arren, ez dugulako erabaki ekainaren 26an hasiko garen edo uztailaren 31ra arte itxarongo dugun.
«Ez dugu erabaki», esan duzu, baina, orain arte, ez zuk eta ez inongo taldek ez duzue jakinarazi zein talderekin itzuliko zaren lehiara.
Nik hasieratik esan dut Euskaltel-Euskadi dela etxeko taldea, eta nik han egin nituen azken lau urteak. Niretzat hori izan da beti lehentasuna, eta inoiz ez zait pasatu burutik beste talderen batera joatea. Ondo bidean, talde laranjarekin itzuliko naiz lehiara.
Tarte honetan, hala ere, jaso al duzu beste talderen baten eskaintzarik?
Eskaintzarik ez dut jaso, baina talde txiki batek galdetu zidan nire egoera zein zen. Talde txikiak askotan saiatzen dira nire egoeran dauden txirrindulariak erakartzen, oihartzuna lortzeko. Baina nik beti argi eduki izan dut etxeko taldean aritu nahi dudala.
Zigortuta egon arren, pentsatzekoa da hainbat txirrindularirekin harremana mantenduko zenuela.
Dezentetan hitz egin dut taldekideekin eta taldeburuekin, eta, oro har, denek berdina esaten zidaten: goiari eusteko eta gogor entrenatzen jarraitzeko; azken finean, kanpotik begiratuta bi urte azkar pasatzen diren arren, bazekitela niretzat luzeak izango zirela. Animoak besterik ez ditut jaso.
Iritsiko da ekainaren 26a edo uztailaren 31, eta Astarloza itzuliko da lehiara. Igor Gonzalez de Galdeanok zer eskatu dizu egun horretarako?
Gauza gutxi eskatu dizkit, eta lehengoan ere esan nion harrituta nengoela, errepidera itzuliko den txirrindulari batengan, normalean, mailaren inguruko zalantzak izaten direlako. Horixe galdetu nion, frogak froga, ea ez ote zeukan zalantzarik zer-nolako mailan itzuliko nintzen. Ezetz erantzun zidan. Aspalditik ezagutzen nau, eta badaki entrenatzeko garaian dezenteko egurra hartzen dudala. Nik badakit eta pentsatzen dut berak ere jakingo duela ezinezkoa dela entrenatu naizena baino gehiago entrenatzea. Ez dakit zein mailatan itzuliko naizen, baina egindako lana balekoa izan dela uste dut.
Iazko abenduan aitortu zenuen Tourrean parte hartzea zela zure amets bakarra; nahiago zenuela Tourrean parte hartzea, Vueltan etapa bat irabaztea baino. Ezinezkoa izango da.
Ezingo dut bete amets hori. Niretzat txirrindularitza Tourrera mugatzen da. Nik asko eman diot Tourrari, baina Tourrak ere asko eman dit niri. Eta hemendik aurrera ere horrela izatea gustatuko litzaidake. Aurten ez naiz izango Tourrean, eta Espainiako Vueltarekin etsi beharko dut. Orain arte ez zidan egiten aparteko ilusiorik, baina aurten ziurta dezaket ilusio gehixeago egingo didala han egote hutsak. Azken finean, horixe izango da aurtengo helburu bakarra edo garrantzitsuena. Baina 2012an, ondo bidean, Tourrean izateko aukera edukiko dut, eta horretan jarrita daukat burua.
Taldeari, hala ere, esan zenion aurtengo Tourrean egon nahi zenuela?
Bai, bai... Nire ilusioa beti izan da hori. Beti esan izan dut Tourrean azken postuan geratu arren bertan egon nahi nuela. Banekien lasterketa bakar batean parte hartu gabe zaila izango zela gero Tourrean maila ona ematea. Baina sufritzeko eta tropelaren atzean joateko prest nengoen. Dena den, ekainak 26, uztailak 31... ezjakintasun horrekin gaude oraindik, eta egoera horretan zaila da lehiatzea. Contador adibidetzat hartuta, uste dut oso zaila dela egoera horretan txirrindularitzan aritzea, zeure burua non dagoen ere ez dakizulako.
Contador aipatu duzu. Contadorrek lehian jarraitzen du; Astarlozak ez.
Nik ez dut beste inor kritikatuko. Bakoitzak badaki bere kasua nolakoa den eta zer gertatu den. Dena den, azkenaldian ohituta gaude astakeriak entzutera, eta onena opa diot. Zigorra kentzen badiote, poztu egingo naiz, orain arte berak aldarrikatu duen errugabetasuna muturreraino eramango lukeelako.
Fin zaude oso, eta egurra hartzen ari zarela esan nahi du horrek. Zer moduz doaz entrenamenduak?
Ondo. Iaz gehiago kostatu zitzaidan. 30.000 kilometro inguru egin nituen iaz, lehiatzen nintzenean adina, gutxi gorabehera. Baina kosta egiten zitzaidan egunero esnatu eta, inolako helbururik gabe, entrenatzera joatea. Aurtengo egoera desberdina da. Gabonetan oporrak hartu nituen, eta urtarrilaren 1ean ilusioz gainezka hasi nintzen entrenatzen, banekielako lehiaketara itzuliko nintzela.
Pirinio aldean ibili zara entrenatzen, baina, arrastoren bati segika hasteko, entrenamenduak norekin egin dituzun galdetu beharko da.
Ez naiz entrenamenduak bakarrik egin zalea, eta oraingoan ere egunero kide izaten ditudanekin joan naiz. Orbeako bi txirrindulari, afizionatu mailan aritzen diren beste bi... Garai honetan beti gustatzen zait Tourmalet eta Luz Ardiden inguruan entrenatzea, Euskal Herrian ez daukagulako horrelako mendi gogor eta luzerik.
Orain bi urte baino gogorragoak al dira Tourmalet, Luz Ardiden eta gainerakoak? Testen bat edo beste egingo zenuen aldaparen batean...
Asko gustatzen zait erreferentziak hartzea. Batzuek sentsazioen arabera egiten dituzte entrenamenduak, baina nik erreferentzia errealak behar izaten ditut; denborak, watt-ak, pultsazioak... Dena kontrolatu dut, eta gustura itzuli naiz etxera. Banekien etxeko entrenamenduak onak zirela, baina Pirinioetan egiten dira benetako testak.
Zenbat kilometro pilatu dituzu?
17.000 inguru. Entrenamenduak luzexeagoak eta gogorxeagoak izaten ari dira, azken batean lehiatzeko aukerarik ez daukadalako. Beste urteetan lasterketetan pilatzen genituen kilometroak, eta etxean atseden hartzen genuen. Baina aurten atseden gutxiago hartu dut. Lehiatzen hastean ikusiko dugu lan hori guztia islatzen den edo ez.
Lehiatzeko eguna geroz eta gertuago dago, baina jendeak azalpenak nahi ditu.
Ulertzen dut jendea hasieran bezala egotea. Bere garaian prentsaurreko bat eman nuen errugabetasuna aldarrikatzeko, eta taldeak ere babestu egin ninduen. Hortik aurrera mila hipotesi eta zurrumurru zabaldu dira. Baina nik ez daukat beste ezer esateko.
Zure barruak onartuko luke, hala ere, lehiara itzuli eta 2009ko ekainaren 26ko analisi harekin zer gertatu zen argitu gabe egotea?
Hasieratik onartuta daukat hori. Bizitzan nahiko errealista naiz, eta abokatuekin hitz egin ondoren ikusi nuen kasua asko luza zitekeela. Ez nuen uste hainbeste luzatuko zenik, baina orain badakit lehiatzen hasiko naizela, baina artean ezin izango dudala demostratu errugabe naizela.
Samuel Sanchez eta Igor Anton oso goian dabiltza; Mikel Nievek gora egin du; Jonathan Castroviejo eta Gorka Izagirre agertzen ari dira; hor daude Juanjo Oroz, Egoi Martinez eta Amets Txurruka... Zeure buruari galdetzen al diozu zein taldetan egongo zaren?
Askotan egin diot galdera hori neure buruari. Entrenamenduetan oso ondo sentitzen ari naiz, baina lasterketetan erabat alda daiteke egoera. Gustatuko litzaidake lehiatzeko garaian entrenamenduetako sentsazio on horiek berak izatea. Baina ezjakintasun hori badaukat, eta onartu beharra daukat nire izenak galdera marka bat izango duela aurten, erritmoa hartu bitartean ez dakidalako neure burua non kokatuta egongo den. Hala ere, argi daukat egungo mailarekin tropelaren erdialdetik aurrera ibil naitekeela.
Euskaltel-Euskadirekin itzultzen bazara, eta Vueltan parte hartzen baduzu, Igor Antonekin itzulia irabazteko lehian sartuta egon zaitezke .
Aurtengo Vuelta desberdina izango da niretzat. Igor Anton eta Mikel Nieve tartean egonda, lan egitea egokituko zait, etapak eta itzulia bera irabazteko hautagai sendoak izango direlako. Inoiz ez dut arazorik izan ez taldeburu izateko eta ez lan egiteko. Eta aurten ere gustura joango naiz lanera.
Une honetan zein da txirrindularitzaren gaitza?
Gaitz asko dauzka, baina, funtsean, gizartearen isla da txirrindularitza. Patrikak betetzea da jende askoren helburua, eta, hori lortzeko, beste asko kentzen dituzte paretik. Txirrindularitzaren gaitza kaleko berbera da. Gurean askotan esaten da UCIk kalte handia egiten diola kirol honi; gure zaindari izan beharko lukeenak, hark egiten digu kalte. Ulertzen dut guztien interesen alde egiterik ez dagoela, baina txirrindulariak gara zirku honetako protagonistak, nahiz eta ondoren geuk sufritzen dugun gehien.
BERRIAko zutabegile lanetan aritu zara azken urteetan. Irakurleek izango al dute aukerarik aurtengo Espainiako Vueltan zure iritzien berri izateko?
Bai, noski. Aurten Berriketan-en bakarrik aritu naiz hizketan, Euskal Herriko Itzulian eta Giroan, lasterketaren barruan egon gabe zaila delako bertako ideiak kaleratzea. Baina Vueltan izango naizenez, poz handiz ekingo diot berriz ere BERRIAko zutabegile lanari.
Mikel Astarloza. Txirrindularia
«Nire izenak galdera marka bat izango du aurten»
2010eko abenduan baino baikorrago dago Mikel Astarloza. Tunel luzearen amaieran argia ikusten hasi da pasaitarra, eta Espainiako Vuelta dauka jada buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu