Tropela mugimenduan dago beti, eta itxuraldatu egin da azken bi hamarkadetan. Talde eta txirrindulari berriak agertu dira, eta arauak, estrategiak eta jarrerak ere ez dira lehengo berberak. Bilakaera horren lekuko isila izan da Imanol Erbiti (Hiriberri, Nafarroa, 1983). Langile saiatua eta taldekide maitatua izan da, eta beti asmatu du unean uneko baldintzetara egokitzen, Movistarren elastikoa soinean. Ezer ez da betiko, ordea, eta aro bat bukatu eta beste bat hasteko garaia dela sentitu du ziklista nafarrak. Hala, bizikletatik jaitsi da, eta Ineosen autora igo.
Dagoeneko ez zara txirrindulari profesionala. Barneratu duzu?
Arraroa egiten zait oraindik, baina ari naiz ohitzen pixkanaka. Nire konfort eremutik kanpo nagoela sentitzen dut. Lehen, nire egunerokora oso ohituta nengoen, eta dena oso ondo kontrolatzen nuen. Orain, hiru aldaketa handi izan ditut: lanbidez eta taldez aldatu dut, eta beste hizkuntza bat erabili behar dut. Gauza berri askotara egokitu beharra daukat.
Hemeretzi urte egin dituzu profesional gisa. Denbora asko da.
Bai, baina oso azkar igaro da. Kirolean, beti hurrengo helburuaren atzetik gabiltza, eta ez daukagu epe luzeko begiradarik. Egunerokoan buru-belarri sartuta gaude. Bada, orain hasi naiz jabetzen zenbat denbora igaro den, eta zer gertatu den denbora horretan.
Nola eutsi diozu mailari horrenbeste urtez?
Lan egiteko izan dudan konstantziari esker. Dedikazio handia behar da kirol honetan urte luzez aritzeko. Horrekin batera, inguruaren garrantzia azpimarratuko nuke. Nire familiaz ez dut inoiz hitz egiten, baina esan beharra daukat: haiek gabe, ezinezkoa izango zen ziklismoan ia hogei urteko ibilbidea osatzea. Nire emaztea oso ulerkorra eta eskuzabala izan da beti, eta erraztasun guztiak eman dizkit. Asko zor diot.
Sasoiari ez ezik, gogoari eta ilusioari ere eutsi diezu. Nola lortu duzu hori?
Gogorra da txirrindulari bizimodua, exijentzia handikoa, eta, jasan ahal izateko, pasioa behar duzu. Bestela, astuna egin dakizuke. Baina nik pasioa izan dut beti, eta oraindik ere asko gustatzen zait bizikletan ibiltzea. Beti nago errepidean ibiltzeko gogoz. Barru-barruan daramadan zerbait da. Ez dut aukeratu; nire izateari atxikita dago. Horri esker iraun dut luze. Jada ez naiz profesionala, baina gustura jarraituko nuke orain arte bezala entrenatzen.
Zergatik erabaki duzu hauxe zela bizikletatik jaisteko garaia?
Adinarengatik, gauzek izan duten bilakaerarengatik… Ez dago arrazoi bakarra, baina sentituz joan naizen zerbait da. 40 urterekin, uste dut bazela garaia. Pozik nago, maila ona emanez eta errepidean gozatuz bukatu dudalako. Amaiera horrekin egiten nuen amets, eta gauzak, zorionez, nahi bezala atera dira.
«Movistarren beti izan dira jakitun langileon garrantziaz. Agian, beste talde batean ez nuen hainbeste iraungo»
Ziklismoarekiko duzun pasioaz hitz egin duzu. Nondik datorkizu?
Etxean betidanik ikusi izan da txirrindularitza. Eta bizikleta baten gainean ibili naiz ezaguera dudanetik. Umea nintzenean, Pericoren [Pedro Delgado] garaiak ziren, eta hura imitatzen hasi nintzen bizikletako gurpiltxoak kendu orduko. Gero, Migueli [Miguel Indurain] esker, indartu egin zitzaidan zaletasuna. Gainera, lehengusu batzuek eta osabak Donejakue bidea egin zuten, eta horrek ere motibatu egin ninduen.
Hori horrela, izena eman zenuen Ermitagaina txirrindularitza taldean. Orduan, amets lauso bat besterik ez zen izango profesional bihurtzea.
Garai haietan, jolas hutsa zen ziklismoa niretzat. Ikaragarri gozatu nuen. Lagun multzo ederra osatu genuen. Behin profesionaletara iritsita, ez nuen uste horren ibilbide luzea egingo nuenik. Urte pare batez gozatzea zen nire helburua. Baina ikasiz eta hobetuz joan nintzen, eta prozesuak honaino ekarri nau. Oso bide polita izan da.
Zerk bete zaitu gehien txirrindulari gisa?
Lehenik, maila ona emateko gai izateak. Gogoan ditut lehen urteak. Gero, garaipenak lortzeko gai izan naiz. Eta liderrei helburu handiak lortzen lagundu diet. Bere osotasunean bete nau urte hauetako ibilbideak. Ederra izan da tropelean eroso sentitzea.
Itzalpean egin duzu lan, ia beti besteren mesedetan. Estimatua sentitu zara?
Bai. Zorionez, Movistarren beti izan dira jakitun liderrei laguntzen aritu garenon garrantziaz. Talde oso egituratua da, eta langileak funtsezkoak dira taldeburuek distira egin ahal izateko. Bestelako filosofia duen talde batean aritu izan banintz, agian ez zidaten aitortza handirik egingo, edo ez nuen hainbeste iraungo.
Garaipen gutxi lortu duzu, hiru bakarrik, baina horietatik bi Vueltan izan dira. Eta Tourrean hurbil izan zinen 2021ean [bigarren izan zen hamabigarren etapan]. Ez dago batere gaizki.
Garaipenei ez diet arreta handirik eman. Bestelako zereginak izan ditut. Halere, ederra da irabaztea. Korapilo bat askatzea bezala da, batez ere aurreneko garaipena lortzen duzunean. Indarra ematen dizu: egiten ari zaren lanaren berrespena da. Vueltan irabaztea sekulakoa izan zen, eta Tourreko etapa hori luzaro izan dut buruan. Gertu ikusi nuen garaipena.
Tourrean etaparik irabazi ez arren, behin baino gehiagotan igo zara Parisko podiumera, taldekako sailkapena irabazi ondoren.
Saririk ederrenetako bat da podiumera igotzeko beste modurik ez dugunontzat. Agian ez zaio balio handirik eman, eta jendeak txantxetan bezala hartu du Movistar Tourreko talderik onena izatea. Baina hiru astez elkarren ondoan gozatu eta sufritu ondoren, berezia eta indargarria da podiumera denok batera igotzea.
29 itzuli handitan lehiatu zara guztira. Hiru asteko jardunean gozatu duzu gehien ziklista gisa?
Hala uste dut. Nire lanak bertan izan du zentzurik handiena, eta esperientzia ederrak izan ditut hiruretan. Giroa izan zen nire lehen itzuli handia, eta bertan ikusitako parajeak ez ditut beste inon ikusi. Tourra Tourra da, eta Vueltari estimu berezia izan diot, errepide ezagunetan lehiatu naizelako, eta jendea oso gertukoa izan delako nirekin.
«Maila handiko lider asko izan dut, baina Valverderekin eta Quintanarekin geratuko nintzateke, izan duten anbizioagatik»
Udaberri magikoa izan zenuen 2016ko klasikoetan: zazpigarren izan zinen Flandriako Tourrean, eta bederatzigarren Paris-Roubaixen. Zer oroitzapen duzu?
Aste zoragarria izan zen. Normalean, frustrazio dezente izaten nuen urtearen garai horretan, alergien ondorioz. Klasikoak ernegatuta bukatzen nituen. Urte hartan, aldiz, baldintza guztiak alde izan nituen. Konfiantzaz eta sasoi onean iritsi nintzen Kataluniako Voltaren ondoren, eta alergiek ez zidaten erasan. Hala, klasikoetan taldeak ematen zigun askatasuna baliatu nuen.
Lider askorentzat egin duzu lan. Nork utzi dizu arrastorik handiena?
Alejandro [Valverde] eta Nairo [Quintana] aipatuko nituzke. Maila handiko lider asko izan dut, baina bi horiekin geldituko nintzateke. Txirrindulari bereziak izan dira, mundu guztiak ikusi du. Izan duten anbizioa eta helburuak planteatu eta prestatzeko modua azpimarratuko nuke.
Liderren egoak kudeatzea zaila izan da batzuetan?
Denetariko momentuak egon dira. Baina taldearen barruan ez da egon liskar handirik, jendeak hala pentsatzen duen arren. Edozein txikikeriak piztu du eztabaida hedabideetan, eta mota guztietako interpretazioak egin dira. Ezin izan dugu itzal hori gainetik kendu. Guk, normalean, lasterketetan izan dugu arreta, eta ez bestelako saltsetan.
Asko aldatu da txirrindularitza urte hauetan guztietan?
Dena aldatu da: teknika, prestakuntza, materiala… Garapenik handiena azken urteetan nabaritu dut. Asko azkartu da dena. Prestaketa zehatzagoa da orain, eta zorrotzagoa ere bai. Akats asko saihesten dira, baina diziplina handia izan behar da, eta batzuetan ez da erraza. Garbitasunari dagokionez, egoera askoz hobea da orain. Dopinaren kontrako sistema oso eraginkorra da.
Movistarren egituran eman dituzu urte hauek guztiak. Nola ikusten duzu taldeak izaniko bilakaera?
Oro har, uste dut taldeak beti izan duela egitura sendoa eta jarduteko modu egokia. Azkenaldiko emaitzak ez dira inoizko onenak izan, baina garai berrietara egokitzeko lanean ari dira. Prozesu bat da. Lehenago edo beranduago, gorenera itzuliko da. Beti hor goian irautea ezinezkoa da.
Ineosen izango duzu zure lehen esperientzia kirol zuzendari gisa. Nola sortu zitzaizun aukera?
Txirrindulari nintzela eskaintzaren bat egin zidaten, eta denboraldi bukaeran sortu zen kirol zuzendari bezala hasteko aukera. Vueltan, Xabi Zandiok [Ineoseko kirol zuzendaria] esan zidan zuzendariren bat beharko zutela denboraldi berrirako, eta ni pertsona aproposa izan omen nintekeen. Hori horrela, World Tourrean kirol zuzendari izateko titulua atera nuen sasoia bukatu berritan.
Movistarren eskaintza ere bazenuen mahai gainean? Hala bada, zergatik lehenetsi duzu Ineos?
Eusebiorekin [Eusebio Unzue, Movistar taldeko managerra] hitz egin nuen, eta gure bideak banatzeko momentu ona zela ikusi genuen. Beste egitura bat barrutik ezagutu nahi dut, eta ikusi ea halako erronka bati nola egiten diodan aurre. Aldaketak hazteko balioko dit, asko baitut ikasteko. Lehen gauza taldearen dinamikara eta metodologiara egokitzea da. Alor asko hartu behar ditut kontuan: kudeaketa, koordinazioa… Baita psikologia ere.
Beste modu batera, baina ziklismoaz gozatzen jarraituko duzu.
Hori da. Txirrindularitza bizitzeko beste modu bat da, eta deskubritu egin behar dut. Grina hor dago oraindik ere, eta ea bideak nora eramaten nauen. Nire jakintzarekin Ineosentzat lagungarri izatea espero dut. Nagusi den txirrindulari bat falta izan zaio itzuli handietan gailentzeko. Bestela, oso lan ona ari da egiten, eta noizbait berreskuratuko du distira. Nire alea jarriko dut hori horrela izan dadin.