Masajea hartu ostean agertu da hitzordura Roberto Torres (Arre, Nafarroa, 1989). «Behar nuen. Azken batean, ez gaude ohituak aste bakarrean hiru partida jokatu eta hainbeste bidaiatzera». Edonola, zelaian ez zaio neke arrastorik nabari. Orain arteko neurketa guztiak jokatu ditu; oso-osorik gainera, bat izan ezik. Ezin du ezkutatu: «indar betean» dago.
Berdinketaren erregeak zarete: bost lortu dituzue zazpi partidatan. Hori ona edo txarra da?
Beti da ona puntuak lortzea. Baina hirunaka bada, hobe. Puntuz puntu, sailkapenaren erdialdean egon zaitezke, baina atzetik dituzunek irabaziz gero, behera zoaz. Edonola, puntu kopuruaz harago, behar bezala ari gara lehiatzen, eta sentipenak onak dira. Aurpegia eman dugu partida guztietan, etagaraipenetik oso gertu gaude.
Bitxia da: partidarik kaskarrenean lortu zenuten orain arteko garaipen bakarra. Halako gauzak ditu futbolak, ezta?
Hala da. Leganesen aurka aski izan genuen Chimyren [Avila] zartako bat hiru puntuak patrikaratzeko. Geroztik berdindu egin ditugu lehia gehienak, baina uste dut goranzko bilakaera garbia izan dugula. Baloiarekin geroz eta erosoago gaude, askatzen ari gara nolabait ere, eta, defentsan serio jarraitzen badugu, oso denboraldi polita izan dezakegu.
Gol aukera ugari ari zarete izaten, baina ate aurrean asmatu ezinik zabiltzate. Zergatik?
Zailena aurkariaren atera iristea da. Gehiago kezkatuko ginateke abagunerik sortuko ez bagenu. Orain artekoari eutsiz gero, iritsiko dira golak. Ea gaur eraginkor gabiltzan. Betis estu hartu genuen etxeko azken partidan, eta neurketa hori eredu ona izan daiteke. Maila bera erakusten badugu, ziur naiz irabazi egingo dugula. Aurkari gogorra da Vila-real, baina konfiantzaz gaude.
Idortea dagoenean, beti aurrelarien lana jartzen da jomugan. Urduri al daude?
Aurrelariak golak behar ditu, hori garbi dago. Dena den, ez gara kezkatu behar. Aurrelari guztiak ari dira lan ona egiten, bai lehendik zeudenak, bai iritsi berri direnak. Jokalari onak dira, asko ematen diote taldeari, eta badakigu noizbait hasiko direla golak egiten.
Aipatu duzun bezala, lehiakortasun handia ari zarete erakusten. Bada zerbait, igo berriak zaretela aintzat hartuz gero.
Hori zen gure helburua: onenen artean maila emateko kapazak izatea. Eguneroko lanean dago gakoa. Gogor ari gara lan egiten, eta horri esker, hamaikakoak lehiakorragoak dira. Elkarri gauzak zail jartzen dizkiogu. Eta zer esanik ez, entrenatzaileari. Postu guztietan dago lehia handia, eta horrek denoi egiten digu mesede.
Estiloari eustea ere ez da erraza izaten Lehen Mailara igotakoan. Zuek lortu duzue, ordea. Jagoba Arrasateren filosofia sustraitu den seinale.
Badakigu Jagobaren estiloa ezin hobea dela Osasunarentzat. Antzeko jokamoldea izan dute klubaren historiako talderik onenek. Gozatu egiten dugu zelaian, eta emaitza onak lortzen ditugu. Hori da bide zuzena. Elitean gauza gehiago egin behar dira, zailagoa da, baina garbi dugu zeintzuk diren gure oinarriak.
Igo berrien artean, denetariko jarduna ari zarete izaten. Mallorca ezinean dabil, Granada bigarren dago, eta zuek, erdibidean.
Goraipatzekoa da Granada egiten ari dena. Talde oso landua da, eta hor badago, merezi duelako da. Diegok [Martinez] ez zuen hemen asmatu, lana erruz egin arren. Granadan, baina, baleko tekla sakatu du. Igo berriak izan arren, ez dute gainontzekoak baino gutxiago direnik sentitzen. Beste horrenbeste gertatzen zaigu guri.
Zein traza hartzen diozu salbazioaren lehiari? Azken unera arte sufritu beharreko denboraldi horietako bat izango da?
Ezin gaitezke bestelako iragarpenak egitera ausartu. Batzuetan, Europan jokatzeko eraikiak izan diren talde batzuk ere egoten dira lehia horretan katramilatuta. Zaila da. Guk, edonola, geure buruari begiratu behar diogu soilik, beste ezertan arreta galdu gabe.
Jaitsiera postuetatik kanpo egon zarete orain arte. Lasaitasuna ematen al du horrek?
Bai. Gertatu izan zaigu, hasieran azpiko postuetan sartu, eta gero ateratzeko lanak izatea. Sasoiari gaizki ekiten diozunean, kolpe guztiek min handiagoa egiten dute, eta gehiago kostatzen da altxatzea. Guk sentipen onak ditugu, konfiantza daukagu, eta bide onean gaudela uste dugu. Zernahi ere, ahalik eta azkarren irabazi behar dugu berriro.
Atzera begiratuta, alde ederra dago Lehen Mailan igaro zenuten azken sasoiaren eta oraingo honen artean, ezta?
Ez dute zerikusirik. Hasteko, igoera oso modu ezberdinetan lortu zen batean eta bestean. Gainera, talde sendoagoa osatu dugu, eskarmentua duten jokalari gehiagorekin. Horretan zerikusi handia du, noski, egoera ekonomikoak. Orain ez dugu itolarririk, eta, horri esker, lehen ezinezkoak ziren ahaleginak egin ditugu.
Fitxaketez aparte, aipatzekoa da Jon Moncayolaren agerpena.
Oierrekin aipatu izan dut: etxeko jokalariek halako agerraldiak egitea da guri gehien gustatzen zaiguna. Lekukoa nori eman badugula ikusarazten digu horrek. Klubarentzat balio handia du Jonek, maila ikaragarria ari baita ematen lehen taldera igo bezain laster. Oso zaila da halako jauzi batera halako erraztasunez egokitzea. Orain, haren atzetik harrobiko jokalari gehiago azaltzea gustatuko litzaiguke.
Beste ezusteetako bat, Aridane da. Zer dago, zure ustez, haren eraldaketaren atzean?
Gakoa arlo psikologikoan dago. Ez zuen nahi beste jokatu joan zen denboraldian, eta orain dela bi, iritsi berritan, ez zuen eman jendeak beragandik espero zuen mailarik. Orain, besterik gabe, bere maial ematenari da. Lan asko egin du itzalpean, eta ereindakoa jasotzen ari da sasoi honetan.
Sendo zabiltzate defentsan: sei gol jaso dituzue lehen zazpi partidetan. Dena ondo dela, lekutan geldituko dira orain dela hiru sasoi jaso zenituzten 94 gol haiek.
Funtsezkoa da sendotasuna izatea. Puntu askok egin diezazukete ihes atzean erraztasunak ematen badituzu. Oso garrantzitsua da golik ez jasotzea, guk badakigulako sartuko ditugula. Ate aurrean asmatzen hasten bagara, garaipenak berandu gabe iritsiko dira.
Hamaikakoan erabat finkaturik zaude, eta bi gol sartu eta goleko bi pase eman dituzu orain arte. Pozik zure lanarekin?
Zenbakiak onak dira. Beti nahi duzu gehiago, baina pozik nago, bai. Horretaz gain, fisikoki ondo nago. Taldeari golak edo goleko paseak baino askoz gehiago ari natzaio ematen.
Eliteko azken egonaldi hartan pubiseko arazoek lanak eman zizkizuten. Nola zaude orain?
Hiru urte pasatu dira ordutik, eta jokalari ezberdina naiz orain. Gainera, egia da orduan sufrikarioa bizi izan nuela pubisarekin. Ezin izan nuen gozatu. Hori bai, badirudi jendeak ez duela oroitzen, baina zazpi gol sartu nituen. Ez da kopuru makala. Bada, aurten gainditu egin nahiko nuke.
Zure ibilbideko boladarik onenean al zaude?
Konbentzituta nago hala dela. Aurrekoa nire sasoirik onena izan zen, eta jarraipena ematen ari natzaio orain. Indar betean ikusten dut neure burua, egiten ari naizen lan guztiari esker.
Kluba ere azken garaietako unerik onenean dagoela dirudi.
Momentu latzak bizi izan ditugu, iraganeko akats larri eta ugarien ondorioz. Ordea, klubak norabide zuzena hartu du azken urteetan, eta Osasuna izan zenera itzultzea lortzen ari gara. Igoerek hauspo ekonomikoa eman digute, eta horrek dena aldatzen du. Orain, oso garai gozoan gaude: estadioa eraberritzen ari gara, aurki mendeurrena ospatuko dugu…
Eztabaida zahar bat berpiztu zuen Real Madrilen aurka. Etxeko jokalari bakarra egon zen hamaikakoan, eta bi besterik ez deialdian. Zer iritzi duzu zuk?
Min hartuta zeuden harrobiko jokalari gehienak. Ez nuke bestelako ondoriorik aterako. Bestalde, klubaren apustua hor dago. Lehenago Moncayolaren kasua aipatu dugu, baina badira etxeko beste jokalari batzuk ere, Juan Perez eta Endika Irigoien adibidez. Jokatzeko aukerarik apenas izan duten orain arte, ez baita erraza lehen taldean tokia egitea. Pazientzia eduki behar da.
Oier eta biak zarete Taxoareren ikurrak, eta ematen du hala izango dela datozen urteetan ere. 2021era arte duzue kontratua.
Urte asko daramatzagu hemen, eta badakigu pixkanaka gure arrastoa ari garela uzten klubaren historian. Ekintzen bidez, gogor lan eginda erakusten dugu kapitainak garela. Nire ispilua Patxi Puñal izan da beti, eta esaten zuenak baino, egunero erakusten zuen konpromisoak harritzen ninduen. Lema Oierrek eta biok daukagu orain, eta, noizbait, Unai eta David Garciaren txanda iritsiko da. Hau belaunaldika doa
Roberto Torres. Osasunako jokalaria
«Nire ibilbideko garairik onenean nago orain»
Osasuna «denboraldi polita» egiteko gai ikusten du Roberto Torresek, betiere sendo jarraitu eta gol eskasia eteten badu. Gorritxoek Vila-real hartuko dute gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu