Film baten titulua da, baina Pablo Berasaluzeren ibilbideko azken bi urteena ere izan zitekeen. Nire ezker oina (My left foot, Jim Sheridan, 1989) film hunkigarria da, eta Christy Brown artista eta idazle irlandarraren istorioa kontatzen du. Garun paralisiaren eraginez elbarri eta mugikortasun arazo larriekin jaio ondoren, ezker oinarekin idazten eta margotzen ikasi zuen. Brownentzat oin hori arnasbide izan zen; Berasaluzerentzat, aldiz, arazo iturri. 2013an orpazurda hautsi zuen, eta iazko udan bi hatz. Gorputzeko atal txiki bat da, baina, lesio eta ebakuntzen erruz, bi urte daramatza egunero hari begira.
«Ondo nago, ez dut nahi jendeak negarrez ari naizela pentsa dezan. Binakakoaren finalerdietan sartu naiz, eta pilotari handi asko kanpoan daude. Pozik nago lortutakoarekin, baina egia da puntu bat falta zaidala nire mailarik onenera iristeko», azaldu du Berasaluzek. Puntu hori segidak emango dio bakarrik, minik gabe entrenatu eta jokatu ahal izateak. «Duela hilabete arte ezin nuen gogor entrenatu. Arineketan partidetan bakarrik egiten nuen. Astean bizpahiru aldiz joaten nintzen Gasteizera berrindartze lana egitera: fisioterapia, ariketak, bizikleta... Oraindik ere barne zola berezi bat erabili behar dut. Buelta asko eman ditut lesioarekin».
Berasaluzek iazko abuztuaren 4an hartu zuen min, Beran (Nafarroa). Ezker oineko hatz luze eta nagia hautsi zituen. Iltze bidez lotu zizkioten, eta bi hilabeteko sendatze epea jarri. Irailaren 13an itzuli zen, eta urriaren 26an berriz ere etena egin behar izan zuen. Minak ez zion jokatzen uzten. Lau t'erdikoari uko egin eta abenduaren 8an hasi zen jokatzen. «Ez da denbora asko pasa. Erabat ondo jartzeko gehiago behar dut. Orain ez dut minik sumatzen, baina kargatu egiten zait, eta konfiantzan eragiten du, pilotaren bila joatean eta... Guk esprintak oin puntetan egiten ditugu eta hori da behartzen dugun puntua». Pixka bat estutu eta bere sasoia kuantifikatzen ausartu da. «Ez dakit, %70ean? Puntu bat falta zait, denbora asko izan da geldirik».
Alderaketak egitea saihestezina da, pilotazaleek oraindik ez dutelako ahaztu 2013ko binakako finalean, apirilaren 27an, orpazurda hautsi zuenekoa. «Oraingo lesioaren berrindartze prozesua okerragoa izan da. Orpazurda haustea lesio larriagoa zen, baina behin ebakuntza eginda ez nuen minik sumatzen. Indar falta bai, baina minik ez. Orain, aldiz, jokatzen hasi eta mina nuen. Probatu eta mina... Esan dizut, duela hilabete arte arazoak nituen behar bezala arineketan egiteko».
Orpazurda hautsi eta 2013ko abenduaren 8an itzuli zen lehiara. Binakako txapelketan kostata ibili zen. «Ekainera arte ez nuen berreskuratu nire mailarik onena; urtebete pasa. Orduan ahalaren %80-90ean nengoen. Pentsa, sanferminak irabazi nituen, Beroizekin. Eta handik gutxira min hartu nuen berriz». Zorte txar gehiegi? «Ez nuke esango zorte txarra izan dudanik. Orain bi lesio izan ditut jarraian, baina ia nire ibilbideko bakarrak izan dira, eta hamazazpi urte daramatzat profesionaletan».
Igandean, Artola
Berasaluzek igandean jokatuko du finalerdietako bigarren partida, Gasteizen. Ligaxkako aurrenekoa 22-9 galdu arren, ez du ilusioa galdu. «Ez zen emaitza ona izan, eta eurek oso ondo jokatu zuten. Zubietak eta biok hitz egin dugu eta zerbait aldatuko dugu. Irabazten badugu, hor egongo gara». Iñaki Artola izango du aurkari aurreko koadroetan. Alegiako aurrelariak ezker eskua pixka bat minduta zuen, baina atzo, pilota aukeraketan, proba txikia egin, eta jokatzeko moduan dagoela ikusi zuen.
'Nire ezker oina'
Pablo Berasaluzeri bi ebakuntza egin dizkiote oin berean azken bi urteetan. Bigarrena udan izan zen, eta oraindik ez du sasoirik onena hartu: «%70ean nago, baina ez naiz kexatzen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu