Futbolari distiratsua izateko baliabide gehienak dauzka Adnan Januzajek. Lan saio eta partida oro azaltzen dituen detaile teknikoak oso gutxiren eskura daude, eta begien bistakoa da oinetan zerbait berezia duela. Ordea, aurreikuspenetatik urrun ari da oraingoz Realean, soilik hiru gol sartu baititu orain arte, bi Espainiako ligan eta bat Europa ligan. Lesioek ez diote lagundu, eta nahi adina jokatu gabe dago: hamazazpigarren jokalaria da minutu gehien jokatu dutenen zerrendan. Halere, ziur dago maila onena laster hartuko duela, udan Errusian jokatuko den Munduko Kopara joatea baitu helburu, Belgikako selekzioarekin. «Kolpea hartuko dut ez banoa», aitortu du. Umila da, lotsatia, baina Donostian «etxean bezala» sentitzen dela adierazi du.
Hilabete batzuk badaramatzazu jada Realean. Zer moduz egokitu zara?
Oso ondo. Bat gehiago naiz taldekideen artean. Lehendik ere banekien zer zen talde berri batera iristea, eta ez dut arazorik izan egokitzeko. Kirol arloari begiratuta, ez nago kontentu egiten ari naizen lanarekin, batez ere lesioek ez baitidate batere lagundu. Gaixoaldi bat ere izan nuen tartean. Jada osatuta nago, eta hori da garrantzitsuena. Gainerakoan, ez naiz damutzen Realera etorri izanaz. Denek hartu naute esku zabalik, eta futbolean jokatzeko leku perfektuan nago. Gustura sentitzen naiz.
Zein taldekide dituzu gertukoen?
Lehen egunetan Kevinen ondoan egoten nintzen gehienbat, harekin frantsesez hitz egin nezakeelako. Asko lagundu zidan taldekideengana hurbiltzeko garaian. Orain, edozeinekin daukat harreman bikaina. Oso erraza da talde honetan harreman onak izatea. Jende jatorra da, eta edozertan laguntzeko prest daude. Zerbait bisitatu nahi badut, haiei eskatzen diet aholkua, eta berehala ematen didate gomendioren bat.
Zer moduz dago taldea animoz? Emaitzak ez dira onak izaten ari.
Badakit. Ohartu naiz familia moduko bat dela Reala, eta talde osoak norabide berean egiten duela lan. Gehiegitan galdu dugu pozik egoteko, baina lanean jarraitu beste aukerarik ez dugu. Oraindik hamar partida falta denboraldia amaitzeko, eta aukera daukagu irudi eskasa txukuntzeko. Autokritika egin behar dugu, ez baikara aritu taldeak merezi duenaren pare.
Zein da arazo nagusia?
Gauza askoren pilaketa izan daiteke, baina, nik ikusi dudanaren arabera, erasoan ez daukagu aparteko arazorik, golak sartzen badakigu eta. Willian Joseren lana oso ona izaten ari da. Defentsako lana da hobetu beharrekoa. Lerroak gehiago elkartu behar genituzke talde sendoago baten traza hartzeko. Kontuan izan behar da partida asko jokatu ditugula bata bestearen jarraian, eta neke fisikoak eragina izango zuela, baina hori ez da aitzakia. Golak errazegi sartzen dizkigute. Askotan ahaztu egiten gara atzean egin beharreko lanaz, eta aurrelariei laguntzeko erarik onena golik ez hartzea da.
Arazoa psikologikoa ere ez al da?
Izan daiteke. Adibidez, niri neuri min handia egin zidan Europa ligatik kanpo geratzeak. Realera etorri nintzenean ilusio izugarria neukan lehiaketa horretan oso urrun iristeko, baina ezin izan da. Okerrena da Salzburgo baino talde hobea dela Reala. Uste dut ez dugula gaizki jokatzen, baina, funtzionatzen ez badugu, zerbaitegatik izango da. Kolpe asko hartu ditugu sasoi honetan, eta konfiantza galtzeak min egin dio taldeari. Orain, galtzeko ezer ez daukagunez, ea liga duin amaitzen dugun.
Ulertzen duzu zaleen haserrea?
Bai, noski. Gaztea izan arren, badakit gorabeherak askotan izaten direla futbolean, eta Reala iritsiko da gora ere. Oraintxe, inoiz baino gehiago eskertzen dugu jarraitzaileen babesa.
Eusebio Sacristanen etorkizuna Realetik urrun dagoela ematen du. Zer diozu?
Nik ez dakit ezer. Esan dezakedan bakarra da entrenatzaile ona iruditzen zaidala. Inor ez dago Eusebiok agintzen digunaren aurka, baina emaitzek ez dute laguntzen, eta ikusi beharko da zer gertatuko den. Lanean jarraitzeko esaten digu berak, hori dela gora egiteko modu bakarra. Entrenatzaile zintzoa da.
Entrenatzaile mediatikoak izan dituzu zure ibilbidean: Alex Ferguson, Louis Van Gaal eta Jose Mourinho. Nolakoak dira?
Zortea izan nuen Manchester Uniteden Alex Ferguson ezagutzeko. Nahiz eta denbora gutxian izan, haren itzalaz jabetu nintzen, eta hura izan zen lehen taldera igo ninduena. Betiko gordeko dut hori. Van Gaal etorri zen gero, eta esperientzia txarra eduki nuen. Mourinho ere ezagutu nuen. Entrenatzaile ona da, eta hitz onak besterik ez daukat, hark utzi baitzidan irekita taldetik ateratzeko atea. Nire helburua orain da Manchester Unitedi erakustea gaizki egin zuela niri taldetik joaten utzita.
David Moyes Realeko entrenatzaile ohiarekin ere bat egin zenuen iragan sasoian Sunderlanden. Zer esan zizun Realaz?
Oso gutxi hitz egin genuen Realaz. Nahiko lan bazuen berak taldea gidatzen, eta ez nion nahi beste ezer aipatu. Haren laguntzarik gabe ere nahiko garbi ikusi nuen Realera etorri nahi nuela. Azken bi urteak gogorrak izan dira niretzat, inon ez nuelako lortzen egonkortzerik, eta Realak erakutsi zidanean nigan sinesten zuela ez nuen dudarik izan. Klub handi batzuen eskaintzak banituen, baina Reala ere handia da. Aparteko esfortzua egin zuen ni fitxatzeko.
Oso gaztetatik nabarmendu zinen, baina aspaldian itzalean zaude. Realera etortzea aurrerapausoa izan al da?
Bai, ezin baita ahaztu oraindik 23 urte ditudala. Denbora asko daramat futbolaren goi mailan, eta askok uste dute beteranoa naizela. Baina ez, oso gaztea naiz oraindik. Futbolari bat 25-26 urterekin egoten da bere onenean normalean, eta nire helburua hazten jarraitzea da. Futbola asko gustatzen zait, gozatu egiten dut, eta jendeak ere nirekin goza dezan nahi dut. Realak oso talde ona du, Txapeldunen Ligan egoteko modukoa, eta ea denborarekin halakorik lortzen dugun.
Erakusleiho egokian zaude, beraz.
Dudarik gabe. Realean oso jokalari onak daude, talentua dago, askok onerako harritu naute, eta, gainera, Espainiako liga munduko onenetakoa da. Norberaren ibilbidean pauso bat atzera egin behar da gero bi aurrera egiteko. Hazten segitzea soilik dut xede, egunen batean munduko onenetako bat izateko. Titulu bat lortzea gustatuko litzaidake, eta ez dut uste hori Realean ezinezkoa denik.
Nola eraman duzu hain gaztetatik nabarmendu izana?
15 urterekin fitxatu ninduen Manchester Unitedek, eta oso gaztetan egin nuen debuta lehen taldearekin. Dena oso azkar gertatu zitzaidan, baina saiatu nintzen dena lasai hartzen. Beti eduki izan dut konfiantza handia neure buruan, eta ez naiz estresatzen. Futbolean dena ezagutu dut, ona eta txarra. Bi egoeretako batean ere ez naiz estresatzen, uste baitut okerrago dela, eta pertsona behin bakarrik bizitzen dela. Horregatik, badakit Realean ere garai onak helduko direla. Gorabeherak normalak dira.
Nolako aldea dago Manchester Uniteden eta Realaren artean?
Atzo [herenegun] Txapeldunen Ligatik kanpo geratu da Manchester United, Sevillaren aurka, ezustean, eta oso kolpe gogorra hartu zuten klubak eta jokalariek. Presio izugarria dago han, ia neurketa denak irabaztera behartuta baitaude, eta ez zitzaien erraza egingo aurpegia ematea. Horrela bizitzea zaila da, eta Reala ezberdina da. Ez da hain mediatikoa. Familia moduko bat da, eta futbola lasaiago bizitzeko aukera dago. Hori bai, erantzukizunari ezin zaio uko egin.
Hobetzeko tarte handia al daukazu?
Bai, izugarria. Nire erdia ere ez dut eman sasoi honetan. Esperientziarekin eta denborarekin hobetuz joango naiz, jokalari hobea bilakatuz. Lesioek hori egiten uztea da lehen baldintza, eta, orain erabat osatu naizela, azken partidetan gora egin nahi dut. Badakit kalitate handia dudala, baina beste gauza askotan hobetzea falta zait: jaurtiketetan, paseetan... Sasoiz, hori bai, ondo nago. Beste asko leher eginda iristen dira 80. minutura, baina niri ez zait hori gertatzen. Beti izan naiz indartsua.
Hiru gol daramatzazu, eta goleko beste hiru pase. Espero zenituen datu horiek?
Denboraldi hasieran oso gutxi jokatu nuen min hartuta egon nintzelako, eta orain ere ez nahiz ohikoa hamaikakoetan. Segidarik izan ezean, oso zaila da konfiantza lortzea, eta, hori dena aintzat hartuta, ez dira horren zenbaki txarrak. Dena den, askoz gehiago eman dezaket. Asko falta zait nire lanarekin pozik egoteko.
Udan jokatuko da Munduko Kopa, Errusian. Itxaropenik ba al duzu Belgikako hautatzaileak deitzeko?
Ez deitzea kolpe galanta izango litzateke. Duela lau urte han egoteko aukera izan nuen, eta espero dut orain ere hala izatea. Nire esku dago, eta azken hamar partidetan ondo aritzen saiatuko naiz. Lehiakortasun handia dago, kalitate handiko jokalariak daudelako deialdian, baina ni ere ez naiz atzera geratzen. Ilusio izugarria daukat lehiaketa horretan egoteko. Gogoz nago.
Belgika hautatu aurretik, beste selekzio batzuekin jokatzeko aukera ere izan zenuen: Turkia, Ingalaterra, Serbia, Albania, Kosovo… Zergatik Belgika?
Nire familia Albaniakoa eta Kosovokoa da, eta haiek bisitatzera joaten naiz sarri, baina Belgika izan da niri jaten eman didan herrialdea. Bruselan jaio nintzen, han hasi nintzen futbolean, eta ni belgikar sentitzen naiz. Herrialde guztiak maite ditut, baina nahi ala nahi ez eman behar nion baiezkoa Belgikari.
Adnan Januzaj. Realeko jokalaria
«Nire erdia ere ez dut eman»
Urte erdia igarota, Realean «erabat egokituta» dago Adnan Januzaj. Pozik dago taldean eta hirian, baina ez eman duen mailarekin. Sarritan min hartu izanari egotzi dio. Esan du defentsako lana dela taldearen gabezia nagusia, baina baikor dago. «Txapeldunen Ligan egoteko moduko taldea» dutela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu