Txirrindularia

Alex Aranburu: «Nire denboraldirik onena da hau; ea Munduko Txapelketan biribiltzen dudan»

Elite mailako gizonezkoen lasterketan arituko da bihar Aranburu, Espainiako selekzioarekin. Bi euskal ziklista izango ditu alboan: Mikel Landa eta Pello Bilbao. Sasoiko daude. «Ea hiruretako bat dominen lehian sar daitekeen. Ederra izango litzateke».

Movistar Team
Movistar Team
enaut agirrebengoa
2024ko irailaren 27a
05:05
Entzun

Azken asteetan klasikoz klasiko aritu ostean, Munduko Txapelketara pedal kolpe onarekin iritsiko da Alex Aranburu (Ezkio, Gipuzkoa, 1995). Tartean, egun batzuk egin ditu Andorran, eta ostegunetik dago Zurichen (Suitza). Gainontzeko taldekideek baino beranduago egin zuen bidaia. Lasaitasun apur bat behar zuen, igandean ahalegin betean aritu aurretik. Ibilbide menditsua izango dute, baina Aranburuk ez du uste beretzat gogorregia denik.

Urteko txapelketa nagusietako bat da Munduko Txapelketa. Prest zaude?

Hala esango nuke. Zenbait klasiko egin ditut aste hauetan, eta gero eta hobeto sentitu naiz. Egia da denboraldi ia osoa daramadala gelditu gabe, eta nekea nabaritu egiten da. Hala ere, indartsu sentitu nahiz lasterketen azken zatian. Belgikan gorputzaldi ona izan dut [bigarren izan zen Valoniako sari nagusian], eta gogotsu nago Munduko Txapelketan aritzeko.

Frantziako Tourra bukatu ostean, egun bakarreko probak egin dituzu bakarrik. Hori lagungarri izan dezakezu igandean?

Batez ere, egin ditudan klasikoen distantziak du zerikusia. Olinpiar Jokoetako lasterketa, Donostiako Klasikoa, Plouay… Oso proba luzeak dira. Alde horretatik, gorputza ohituta daukat Munduko Txapelketan egingo dugun kilometro kopurura [274 kilometro izango ditu gizonezkoen lasterketak].

Horrez gain, konfiantza emango dizu denboraldian emandako mailak. Bi garaipen eta postu on asko lortu dituzu. Inoiz baino hobeki aritu zara?

Irabazi ezean, ematen du ez zarela guztiz ondo aritu, baina iazko denboraldia ere oso ona izan zen. Aurten, bide beretik jarraituta, garaipenak iritsi dira [bata Espainiako Txapelketan, eta bestea Baloise itzulian]. Esango nuke nire denboraldirik onena dela hau. Azkenean, urtez urte gehiago exijitzen diozu zeure buruari, eta badakizu zer lasterketatan ibil zaitezkeen ondo. Urte hasierako lesioa kenduta, dena oso ondo joan da. Ea orain urtea biribildu dezakedan.

Munduko hirugarren Txapelketa izango da zuretzat. Eskarmentuak zenbateko garrantzia du halako lasterketa batean?

Laguntzen du. Oso lasterketa berezia da: interes ezberdin asko daude, eta zaila izaten da egoera kontrolatzea. Gainera, urteko proba nagusietako bat da. Aurreko aldietan oso urduri sentitu nintzen; ordea, uste dut oraingoan lasaiago ariko naizela.

Kontrolik eza aipatu duzu. Horrek zerikusia du taldeka aritu ordez selekzioka aritzearekin? Asko aldatzen da lehiatzeko modua?

Taldeetan gauzak antolatuago daude, urte osoan zehar egiten baitute lan txirrindulariekin. Dinamika jakin bat sortzen da. Selekzioetan, ordea, gauzak desberdinak dira. Taldekide batzuk ezagutzen dituzu, baina ez denak. Eta ez dakizu bakoitza zer egiteko gai izango den. Lasterketako plana azken momentuan esaten digute. Espainiako selekzioan oso maila oneko txirrindulariak ariko gara, eta pentsatzen dut erasoaldi bakoitzean taldekide bat irtengo dela.

«Taldeetan gauzak antolatuago daude. Dinamika jakin bat sortzen da. Selekzioetan, ordea, gauzak desberdinak dira»

Ibilbidea ohi baino menditsuagoa izango da aurten, eta 4.500 metroko desnibela izango da. Igotzaile ez denak sufritu egingo du, beraz.

Gogorra da ibilbidea; hala ere, suitzar bat dut taldean, eta esan dit lasterketa hau ez dela izango Montrealgo klasikoa baino gogorragoa. Desnibela, behintzat, antzekoa izango da. Hori bai, oso ezberdina da ibilbidea paperean ikustea edo zuzenean. Zalantzarik ez dut asko nekatuko garela. Kilometroek aurrera egin ahala, eskalatzaile asko jokoan sartuko dira. Hala ere, irabazleak ez du zertan igotzaile petoa izan. Jende azkarra ere izango da aurrean. Zirkuituaren azken itzulietan multzo batzuk sortuko dira lasterketa buruan, eta uste dut lehia polita ikusiko dela.

Ibilbidea, beraz, ez da gogorregia izango da zuretzat? Zeure burua aurrean sartzeko moduan ikusten duzu?

Hala esango nuke. Gero ez dakit zer gertatuko den, baina horrelako ibilbideak gustuko ditut. Erritmoaren araberakoa izango da. Gerta liteke lasterketa 50 kilometroren faltan lehertzea, eta hor, oso zaila izango litzateke aurrean kokatzea. Baina konfiantza handia dut lasterketa ona egiteko.

«Ibilbidea gogorra izan arren, irabazleak ez du zertan igotzaile petoa izan. Jende azkarra ere izango da aurrean»

Zurekin batera, beste bi euskal ziklista ariko dira: Mikel Landa eta Pello Bilbao. Badute aurrean izateko aukera?

Ziur naiz oso ondo ariko direla. Mikel sasoi betean egongo da, Vueltan aritu ondoren. Eta Pello oso fin aritu da azken lasterketetan. Montrealen, adibidez, bigarren izan zen. Soilik Pogacar izan zuen aurretik. Azken igoeran hankaz gora utzi ninduen. Kontua da aurten hiru euskal herritar ariko garela, eta ea hiruretako bat dominen lehian sar daitekeen. Ederra izango litzateke. Dena den, oso zaila izango da, jendea oso fin baitabil.

Dominak aipatuta, nor da zuretzat urrea irabazteko faborito nagusia?

Nire ustez, hiru dira: Van der Poel, Pogacar eta Evenepoel. Beste maila batean daude. Haiek lasterketa nolabait kontrolatzen saiatuko dira, baina jende asko egongo da gauzak nahastu nahian. Lasterketa zabaldu egin liteke momenturen batean, eta faboritoak elkarri begira gelditzen badira, kontuz. Funtsezkoa izaten da ihes egiteko momentuarekin asmatzea. Olinpiar Jokoetan, adibidez, aurrera eginda ibili ginen Oier [Lazkano] eta neroni, baina harrapatu egin gintuzten. Eta azkenean, hartu ez genuen ihesaldiak egin zuen bidea. Ea oraingoan zortea dugun.

Kopecky eta Vollering faborito bihar emakumezkoen proban

Bigarrenez jarraian munduko txapeldun bihurtzeko erronka du Lotte Kopeckyk (Belgika). Ordea, Demi Volleringek (Herbehereak) ez dizkio gauzak erraz jarriko. Zilarra kolkoratu zuen iaz, eta aurrenekoz jantzi nahi du ortzadar maillota; falta zaizkion garaipen apurretako bat da. Elisa Longo Borghini (Italia), Kasia Niewiadoma (Polonia), Grace Brown (Australia) eta Marianne Vos ere (Herbehereak) dominen peskizan ariko dira. Elite mailako eta 23 urtez azpiko txirrindulariek aldi berean jardungo dute, eta bi euskal ordezkari izango dira tropelean: Usoa Ostolaza eta Eneritz Vadillo. Lau bira emango dizkiote zirkuitu aldapatsu bati; 154 kilometro izango dira guztira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.