Olinpiar Jokoak bukatu, eta etxera itzuli zen Andy Criere surflaria (Donostia, 1995). Portugalen bizi da duela urte batzuetatik, Ericeira herrian, Lisboatik 40 bat kilometro iparraldera. «Oso leku ona da surferako, oso olatu onak daude». Bigarren txandan kanporatu zuten Teahupo’on (Tahiti) jokatu zen lehiaketan. Egunerokora itzuli da, «lasai eta motibatuta» aldi berean.
Lehenbiziko aldiz lehiatu zara Olinpiar Jokoetan. Zer-nolako esperientzia izan da?
Orokorrean, oso esperientzia polita izan da. Arlo asko hartu ditu, bai surfari dagozkionak, baita pertsonalki ere. Hasteko, taldearekin bizi izan dut oso esperientzia polita, eta laguntza handia eman dit gauza guztiak ondo egiteko. Txapelketari dagokionez, gustatuko zitzaidakeen urrunago iristea eta aukera gehiago izatea, baina ez nuke ezer aldatuko. Azkenean, egin ditudan entrenamenduekin eta Teahupo’on ikasi dudan guztiarekin pozik nago. Oso txapelketa zaila izan da mentalki, eta presioarekin ondo jokatu dut. Aritz Aranburu izan da gure entrenatzailea, mentorea, sensei-a eta nahi duzun guztia [irri egin du], eta harekin hitz egin nuenean gauza bera pentsatzen zuen. Horrek niretzat esan nahi du bide onean nabilela.
Hain zuzen, Aranburuk txapelketaren ondotik nabarmendu zuen lehenbiziko txandako lehenbiziko olatuan jaso zenuen puntuazioa.
Txandak 30 minutukoak ziren, eta, kasu horretan, 25 minutuz aritu nintzen saiatzen aukera onik aurkitu gabe. Baina ondo atera zen: 8,5 puntuko olatua atera nuen 10etik. Bai txanda horretan, bai bestean, neure buruarengan sinesten jarraitu nuen, saiatzea delako garrantzitsuena niretzako. Eta, kasu horretan, banekien saiatuta ondo ateratzeko aukera zegoela.
Presioarekin ongi moldatu zinela erran duzu arestian. Zer helbururekin joan zinen Jokoetara?
Neukan helburua zen Teahupo’on ondo lehiatzea. Hori eginda, beste guztia etorriko zen. Neure buruan ez nuen espero gertatu dena gertatzea, baina hori da azkenean kirolaren parte zirraragarriena. Nire bertsio onena topatu dut, momentu zailetan hor egon naiz, eta aukera izan dudanean saiatu naiz azken segundora arte. Oso maila handiko surflariekin topo egin dut, eta ez bakarrik olatuetan, baita estrategian eta olatuak hartu baino lehen ere. Oso aukera gutxi uzten dituzte, eta, horrek, nire kasuan, presioa handitzea eragiten du, baina horregatik dira munduko surflaririk onenak.
«Oso txapelketa zaila izan da mentalki, eta presioarekin ondo jokatu dut»
Anitz nabarmendu da hori, txapelketak maila ona izan duela.
Hori izan da esperientziarik onena: han zeuden surflariak nola ari ziren surfean, egoera guztietan, presio handiko momentuetan, azkeneko olatuetan... Horrek asko inspiratu nau, baita neskek egin duten txapelketak ere: Nadia [Erostarbe] eta Janire [Gonzalez Etxabarri] nola sartu ziren baldintza horretan, eta amaieraraino sinetsi zuten beren buruan. Maila handiko surflaria da baldintza horiekin Teahupo’oko olatuan sartzen dena, eta, gero, surfean ondo egitea olatu horretan esperientziak ematen dizu.
Olatuaren indarrak eta eguraldiak eman zuten zer errana egun horietan. Arriskutsua izan al zen surflarientzat?
Olatu horretan beti daukazu arrisku sentsazioa. Ur gutxi dago, eta sakontasun txikian korala nabarmentzen da. Gero, olatuak indar asko dauka, eta ez dakizu nondik aterako den; ez ditut bi surf aldi berdin egin olatu horretan, azkenean. Baina hor dago ikasi dudan punturik nabarmenena: zure intuizioan eta hartu dituzun olatu guztien esperientzian sinetsi behar duzu. Baina olatu horretan izan daiteke 10a, edo 1a.
Gorabehera handiko olatua da, hortaz?
Oso handia. Batzuetan, sartuko zara uretan 30 minutuz eta dena ondo aterako da, eta, beste batzuetan, ez duzu ezta olatu on bat hartuko ere. Horrelako olatuei world class deitzen diegu, munduko olaturik onenetako bat. Horrelako olatuetan erraza da surfean egitea, baina zaila da surfean ondo egitea; eta hor daude maila handiko surflariak, eta horregatik ateratzen dituzte oso olatu onak eta oso txanda onak. Urrezko domina irabazi duena [Kauli Vaast], adibidez, hor jaio da, eta 4 urtetatik egunero egin du surfean olatu horretan. Ez dago kasualitaterik.
«[Ziklo olinpikoek] Gauza onak ekar ditzakete, baina oraindik ez ditugu lau urterako programak»
Paristik 15.000 kilometrora lehiatu zineten. Surflariak bakarrik egonda, nolakoa zen giro olinpikoa?
Niri neuri lagundu egin dit horrelako txapelketa egiten eta lasai egoten. Gure giroan egon gara, etxean bezala. Irekiera zeremonia polinesiar erara egin zuten, oso polita, eta Tahiti paradisua da. Bukatu genuenean Parisera joan ginen bi egunetarako, eta hor ikusi nuen Olinpiar Jokoak zer ziren. Egia esateko, ez nekien horrelakoak zirenik: erraldoiak. Skatea ikustera joan ginen, baita atletismoa ere Stade de Francen. Egundokoa izan da ikustea Paris nola zegoen. Oso ondo antolatu dute, eta eskertu egin nahi diet boluntarioei egin duten lana, oso esperientzia erosoa izan da horri guztiari esker.
Surfa bigarren aldiz izan da Olinpiar Jokoetan. Ziklo olinpikoek zer eragin izanen dute?
Gauza onak ekar ditzakete, baina oraindik ez ditugu lau urterako programak.
Surfak oraindik berezko ibilbide bat du, hortaz?
Beti arraroenak gara; kasu honetan ere, Olinpiar Jokoak Parisen, eta gu Tahitin [irri egin du]. Baina bai, surflari guztiak eta antolakuntza guztiak oraindik bidea bilatzen ari gara, momentua ailegatzerakoan prest egoteko.
Zer plan duzu orain?
Hurrengo sei hilabeteetan surfean entrenatzen jarraitu, nire taldearekin konklusioak atera, eta World Surfeko txapelketa pare bat izango ditut —bata Pantinen, Galizian, eta bestea Angelun [Lapurdi]—. Urte amaieran zirkuitu nazionaleko pare bat txapelketa ere izango ditut Kanaria uharteetan, eta horiek gustura egingo ditut, ez baitut hainbeste aukera lehiatzeko, eta niretzat garrantzitsua da lehiatzen segitzea, horrela hobetuko naizelako.