Unibertsitateko klaseak amaitu berritan jarri du hitzordua Elur Zalduak (Usurbil, Gipuzkoa, 2004), Zubietako plazan (Gipuzkoa). Ezaguna da han daudenentzat. Maila bat gorago ariko da datorren denboraldian, baina azken urtean lortutako emaitzei jarraipena eman nahi die.
Hilabete batzuk badira mendi eskiko denboraldia amaitu zenuela. Zer-nolako zaporearekin amaitu zenuen?
Azkeneko lasterketa bikotekako Espainiako Txapelketa izan zen, Candanchun [Espainia]. Aurretik aritutakoetan, Sierra Nevadan [Espainia] eta Vaqueira Bereten [Herrialde Katalanak], ez nintzen oso gustura gelditu. Candanchukoan, ordea, bai. Gaztela eta Leongo [Espainia] Teo Perezekin aritu nintzen, eta oso ondo moldatu nintzen. Bigarren izan ginen; denboraldia amaitzeko emaitza ezin hobea izan zen. Bikotekideari tiraka amaitu nuen lasterketa hura.
Azken denboraldian jendea harrituta utzi zenuen erakutsitako mailarekin. Espero zenuen horren ondo aritzea?
Udan jada erabaki nuen denboraldia serio hartu nahi nuela. Aurreko urteetan entrenatzen nintzen, eta eskiatzen nuen, baina ez behar adina. Irailean, entrenatzaile batekin hasi nintzen lanean, eta, ordutik denboraldia amaitu arte, hiru egun baino gehiago ez nituen pasatu kirolik egin gabe. Euskal selekzioarekin egindako lehen entrenamenduan, Igor Alzelai hautatzailea eta taldekideak harrituta gelditu ziren jada nire aldaketarekin. Banekien Espoten (Herrialde Katalanak) jokatu behar nuen lehen lasterketan sasoiz oso indartsu egongo nintzela. Halere, ez nuen espero hain indartsu egotea.
Denboraldiaurrean argi zeneukan gorputza ere aldatu behar zenuela?
Abuztuan oporretan egon nintzen AEBetan, eta hiru kilo gutxiagorekin etxeratu nintzen. Ondoren, argi neukan gogor entrenatu behar nintzela denboraldia hasten zenerako. Janaria ere asko zaintzen hasi nintzen, eta, geroztik, ia beste hamar kilo jaitsi ditut. Asko nabaritu dut aldaketa gorputzean. Orain, askoz arinago nago.
Gorputza ez ezik, asko aldatu zenuen mentalitatea ere?
Banekien hogei urtez azpiko mailan jokatuko nuen azken sasoia zela. Hurrengo denboraldian jada maila nagusian jokatu beharko dut, eta horretan izugarri onak dira. Azken urtean zerbait egin nahi nuen. Hurrengo urteetan gauzak asko zailduko zaizkit, eta oso zaila izango da emaitza onak lortzea.
«Azken urtean zerbait egin nahi nuen. Hurrengo urteetan gauzak asko zailduko zaizkit, eta oso zaila izango da emaitza onak lortzea»
Lehen lasterketetan jada oso ondo aritu zinen.
Bai. Halere, lehen lasterketa ez zen atera nik espero bezala. Lehen egunean, esprintak jokatu genituen, eta lasterketaren une batean, eskularrua trabatuta gelditu zitzaidan eskiaren loturan, eta azken postuan sailkatu nintzen. Oso haserre amaitu nuen. Hurrengo egunean, berriz, igoera bertikala jokatu behar genuen. Alzelaik lasai hasteko gomendatu zidan. Lehen bederatzi minutuetan kontrolatzeko agindu zidan, eta handik aurrera nire onena emateko. Halaxe egin nuen. Hirugarren postuan nindoan une oro, eta sinistu ezinda nengoen. Oso erraz nindoala ikusten nuen, eta atzekoei ere aldea ateratzen nien. Azkenean, hirugarren sailkatu nintzen. Hunkitu eta dena egin nintzen! Ez nuen inondik inora espero. Egun horretan nirea izan zen selekzioaren podium bakarra. Jende askok zoriondu ninduen egun hartan egindakoagatik.
Urtarrilean egindako elkarrizketa batean, Alzelaik esan zuen inoiz ez zuela zeurea bezalako hobekuntzarik ikusi hain denbora gutxian. Zuretzat ere hainbestekoa izan da?
Bai, noski. Irailean, gogor entrenatzen hasi nintzenean, ez nuen pentsatu ere egiten Munduko Kopako proba batean egoteko aukerarik izango nuenik. Nik neuk ere ez nuen espero halako jauzia egitea.
Denboraldia aurrera joan ahala, Espainiako selekzioaren deia jaso zenuen.
Espoten lortutako hirugarren postuari esker Europako Txapelketara joateko aukera izan nezakeela esan zidaten. Inoiz ez nintzen hain aurrean ibili, eta hautatzaileek ere zalantzak zituzten nirekin. Halere, esan zidaten Andorrako hurrengo proban ondo ibiltzen banintzen aukera gehiago izango nuela Alemaniako Munduko Kopara joateko. Zorionez, banakakoa irabazi nuen, eta bertikalean bigarren izan nintzen. Zalantzak uxatzeko balio izan zidan. Inoizko sasoikoen egon nintzen Andorran.
Gero eta zailagoa da denboraldi guztian sasoiko egotea?
Bai. Sasoi bete-betean hasi nuen denboraldia, eta jarraipena ere eman nion denboraldiaren erdira arte. Ondoren, txakalaldi moduko bat izan nuen, baina berriro ere oso ondo bukatu nuen. Pena eman zidan Munduko Kopan gaixo egon izanak; ezin izan nuen nire onena eman. Ez nintzen batere gustura gelditu. Haren ostean, beste bi lasterketatan ere ez nintzen ondo aritu, baina gai izan nintzen berriro indarberritzeko.
Nolako esperientzia izan zen Munduko Kopan lehiatzea?
Alzelaik esan zidan eramango nindutela, baina nik deialdia ikusi nuen arte ez nuen sinetsi badaezpada. Niretzat izugarria zen itsas mailan bizita mendi eskiko Munduko Kopa baterako hautatua izatea. Halere, banekien han gauza gutxi egingo nituela. Gozatu egin nahi nuen edozeren gainetik. Beste helburua zera zen: nire mailako Espainiako selekzioko onena izatea. Hiru joan ginen Alemaniara; Teo Perez, Gael Alvarez katalana eta hirurok. Apur bat gaixo joan nintzen hara, eta lehen proban, bertikalean, azkena geratu nintzen hiruretatik. Igandean, berriz, banakakoan, hobeto sentitu nintzen, eta ni izan nintzen lehena hiruren artean. Une batean probako lehen bosten artean egon nintzen.
«Niretzat izugarria zen itsas mailan bizita mendi eskiko Munduko Kopa baterako hautatua izatea»
Munduko onenekin lehiatzea beste kontu bat da?
Oso maila ona zegoen han. Banekien izugarri onak zirela, eta frantziarrek eta italiarrek dena irabaziko zutela. Ez dakit nola entrenatzen diren, baina zaila izango da ni baino gehiago entrenatzea. Aldea zera da: haiek ia egunero eskiatzen dutela. Horrek harritu ninduen gehien; katalanek ere ia egunero eskiatu arren, nola ateratzen zieten horrenbesteko aldea. Hegan egin zuten. Oso urruti ikusten ditut gugandik; beste maila batean daude. Haiengana gerturatzeko, konstantzia handia behar da, eta, noski, ahalik eta denbora gehien entrenatzea elurretan. Ikusi besterik ez dago Iñigo Martinez de Albornozen adibidea: elurretan denbora gehiago pasatzen duenetik askoz hobeto ari da.
Espainiako selekzioko hautatzaileek gustura amaitu zuten egin zenuen lanarekin?
Haiek badakite zein den gure maila eta irabazleena. Argi esan ziguten hasieratik emaitzak ez zirela garrantzitsuena. Barruan genuen guztia ematea zen garrantzitsuena, eta geure artean harreman ona izatea. Horiek ziren helburu nagusiak, eta uste dut lortu genituela.
Zuk ere gustura amaitu zenuen?
Aita eta osaba ni ikustera joan ziren. Lehen egunean ez neukan hitz egiteko gogo handirik. Nekerik ere ez nuen sumatzen, eta ni ere harrituta nengoen. Normalean, bertikal bat amaitzean, hankak txikituta amaitzen duzu, eta, ni, berriz, ezer egin ez banu bezala nengoen. Orduan konturatu nintzen katarroa izan nezakeela. Lortutako emaitzak ere argi uzten zuten zerbait banuela: esaterako, Teo Perezi Andorrako bertikalean hiru minutu atera nizkion, eta Munduko Kopan, aldiz, berak atera zizkidan 30 segundo. Banakakoarekin pozik gelditu nintzen.
Azken urtea izan zenuen hogei urtez azpiko mailan. Zer-nolako maila dago?
Esprintetan dago mailarik handiena. Igoera bertikaletan eta banakakoan, berriz, ez nuke esango hainbestekoa denik. Nire bi modalitaterik gustukoenak dira azken bi horiek. Esprintek teknika eta potentzia eskatzen dute, eta ni horretan ez naiz hain ondo moldatzen. Halere, nire mailako eskiatzailerik onenak Munduko Kopako proba bat irabazi du, eta horrek zerbait esan nahi du.
«Aurten, berriro sasoi betean egon nahiko nuke abenduan; lehen probatik erakutsi nahi dut nire maila»
Zertan moldatzen zara ondo?
Lehen, esaterako, gorrotoa nien igoera bertikalei, eta aurten, aldiz, gustua hartu diet. Beti banakakoen zain egoten nintzen lehen, gehienbat jaitsieratan ondo moldatzen naizelako. Agian, hamahiru kilo gutxiago ditudalako eta sasoiz ere ondo aurkitu naizelako ditut orain gustuko bertikalak [barrez]. Oso ondo pasatu dut bertikaletan. Esprintetan, berriz, asko daukat hobetzeko.
Atsedenaldi bete-betean zaude orain, baina udan zerbait egiteko asmorik baduzu?
Mendiko bi lasterketa jokatu ditut: Mondraitz [Arrasaten, 21 kilometroko luzera eta +1.200 metroko desnibela], eta Txindokiko Bertikala [Abaltzisketan, 3,6 kilometro eta +980 metro). Uztailean, erabat atseden hartzeko aprobetxatuko dut. Aurten, denboraldiaurrea aurreratuko dut, eta abuztuan hasiko naiz entrenatzen. Buruan daukat aste pare batez Tignesera joatea [Alpeak, Frantzia]. Aurten, berriro sasoi betean egon nahiko nuke abenduan; lehen probatik erakutsi nahi dut zer egin dezakedan. Oraindik ez daukat egutegia antolatuta, baina Euskal Herriko txapelketetan ondo lehiatu nahiko nuke emaitza politak lortzeko.
LABURREAN
Mendiko eskian egin duzun lagunik onena?
Rafa Urbizu.Lasterketa bat?
Panticosako banakakoa [Espainia].
Entrenatzeko leku bat?
Andatzako ingurunea [Gipuzkoa].
Mendiko eskiatzaile bat?
Kilian Jornet eta Iñigo Martinez de Albornoz.
Beste kirol bat?
Mendiko lasterketak.
Kirolari bat?
Cristiano Ronaldo.
Sareetan gehien jarraitzen duzun kirolaria?
Jornet.
Jateko?
Pizza.
Edateko?
Ura.
Musika talde bat?
Zetak.
Kanta bat?
Hegan (Bulego).
Oporretarako toki bat?
Dolomitak [Italia].