Futbola

Nico Williamsek bere sare sozialak ezabatu ditu irainak jaso dituelako

Athleticeko aurrelariak bi aukera argi huts egin zituen Osasunaren aurkako finalaurrekoan.

Nico Williams aukera bat huts egin eta ger, atzo, San Mamesen. LUIS TEJIDO / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko apirilaren 5a
11:25
Entzun

Ezbairik gabe, Nico Williams izan zen Athleticek eta Osasunak atzo jokatu zuten neurketako protagonistetako bat. Zuri-gorrien aurrelariak gola sartzeko bi aukera on izan zituen bigarren zatian, baina kanpora bota zituen biak. Haietako bat sartuz gero, Athletic Espainako Kopako finalerako sailkatuko zen zuzenean, luzapena jokatu gabe.

Ikusi gehiago: Azken tragoa Osasunarentzat

Hainbat zale zuri-gorrik, euren taldea kanporatu dutelako haserre, Williams anaietan gazteenarekin ordaindu dute sare sozialetan. Besteak beste, zalantzan jarri dute haren kalitatea, eta golak sartzeko gaitasun txikia izatea egotzi diote, nahiz eta aurten zazpi egin dituen 32 partidatan —beste hiru sartu zituen iaz—. Hori ikusirik, hogei urteko jokalariak Twitterren eta Instagramen zituen profilak ezabatzea erabaki du.

Neurketaren ostean ez zuen hitz egin Nicok, baina bai Iñakik, haren anaia zaharrak. Hark sartu zuen Athleticen gola. «Normala da [Nico] izorratuta egotea, taldekide guztiok gaude izorratuta, final baten atarian geratu gara berriz ere, eta ez dut hitzik. Oso-oso triste gaude, oso izorratuta, baina saiatuko gara burua altxatzen eta itzultzen», esan zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.