Nico Williams, Unai Simon eta Xabi Alonso, onenekin lehian

Wiilliams Urrezko Baloia lortzeko hautagaien artean dago; Unai Simon, urteko atezainik onenaren sarirako zerrendan, eta Xabi Alonso, urteko teknikari onenen artean.

Nico Williams Athleticeko jokalaria
Nico Williams, Atletico Madrileko Marcos Llorente atzean utzi nahirik. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko irailaren 4a
22:12
Entzun

France Football aldizkariak urriaren 28an jakinaraziko ditu Parisko Chatelet antzokian bere urteko sariak, eta Euskal Herriko bi futbol jokalari eta entrenatzaile bat daude horietako hiru jasotzeko hautagaien zerrendan: Nico Williams eta Unai Simon Athleticeko jokalariak, eta Xabi Alonso Bayer Leverkuseneko teknikaria.

Nico Williams Urrezko Baloia irabazteko aukera duten 38 futbolarien artean dago; Unai Simon, berriz, Yashin saria jasotzeko aukera duten atezainen multzoan. Bestalde, baliteke Xabi Alonso urteko entrenatzaile onena izendatua izatea. Lehen aldia da Athleticeko jokalari bat Urrezko Baloia eskuratzeko zerrendan dagoela.

Jokalari zuri-gorriek bi titulu eskuratu zituzten aurreko sasoian: Espainiako Kopa Athleticekin eta Eurokopa Espainiako selekzioarekin. Unai Simonek, gainera, Zamora saria jaso zuen, Lehen Mailan gol gutxien sartu dizkioten atezaina izan baitzen: 33 sartu zizkioten, jokatu zituen 36 partidetan.

Xabi Alonsok, berriz, estreinakoz egin zuen Bundesligako txapeldun Bayer Leverkusen, eta klubak garaikur horrekin zuen madarikazioa eten zuen hala. Gainera, partidarik galdu gabe lortu zuen hori. Alemaniako Kopa ere irabazi zuen, eta Europa ligako finalera iritsi. Atalantaren kontra galdu zuen final hura. 

Xabi Alonso Leverkuseneko entrenatzailea
Xabi Alonso Leverkuseneko entrenatzailea, aginduak ematen. RONALD WITTEK / EFE

Urrezko Baloia bakarkako sari preziatuena da futbolarien artean. Adituen ustez, Jude Bellingham eta Vinicius Junior dira hura irabazteko hautagai nagusiak. Gaur zabaldutako zerrendan daude, besteak beste: Erling Haaland, Phil Foden, Martin Odegaard, Florian Wirtz, Kylian Mbappe, Lamine Yamal, Mats Hummels, Harry Kane, Lautaro Martinez, Declan Rice...

Unai Simonek, berriz, aurkari gogorrak ditu atezain onenaren saria lortzeko: Diogo Costa, Gianluca Donnarumma, Gregor Koel, Andrei Lunin, Mike Maignan, Giorgi Mamardaxvili, Emiliano Martinez, Yann Sommer eta Ronwen Williams. 

Unai Simon
Unai Simon zaleak agurtzen, aurreko sasoiko partida batean. RAUL BOGAJO / FOKU

Alonso, berriz, ondorengo entrenatzaile hauekin lehiatuko da: Carlo Ancelotti, Luis de la Fuente, Gian Piero Gasperini, Pep Guardiola eta Lionel Scalonirekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.