Nerea Zusberro Alberro.
Futbol entrenatzailea eta kazetaria

Nico Williams izango da gakoa

2024ko uztailaren 14a
05:10
Entzun

Ingalaterra zen finalera iristeko faboritoetako bat; ez, ordea, Espainia. Hala ere, Luis de la Fuentek entrenatzen duen selekzioa erregularrena izan da txapelketa osoan. Bere bertuteak oso jakinak izan arren, oraindik inor ez da gai izan horiei aurre egiteko.

Ingalaterrarentzat mugarri izan zen Eslovakiaren aurkako final-zortzirenetako partida. Inoiz baino nabarmenagoak izan ziren ingelesen arazoak jokoa sortzeko. Suitzaren aurkako final-laurdenean, berriz, Gareth Southgatek Mainoo gaztea jarri zuen Riceren aurretik, eta horrek dena aldatu zuen: Bellingham areara hurbildu zen, Fodenek bere posizioa erdiratu zuen, eta Ingalaterrak Sakari, bere jokalaririk desorekatzaileenari, baloia abantailan eramatea lortu zuen. Baloirik gabeko jarrera ere aldatu zuten, bloke baxutik altura pasatuta.

Southgatek planari jarraipena eman, eta Espainiaren zelaian 5-2-3an kokatzen bada, Olmok euskarrien bizkarrean korrika egiteko tartea izango du. Ingalaterrak erraztasun gehiegi emango lituzke Espainia Lamine Yamalengana eta Nico Williamsengana iritsi dadin. Ingalaterrak baloia ez duenean Saka hegalekoa izango da, eta Nico aurrean izango du. Hori da, ziurrenik, partidako duelurik desorekatuena.

Hala ere, Espainiarentzat abantaila izan daitekeena arazo bihur daiteke. Ingalaterrak jokalariak pilatzen ditu ezkerrean, aurkaria batera eta bestera mugitzera behartzeko. Fodenek, Mainook eta erdilari lanetan aritzen den Kanek jokoa eskuineraino biratzen dute. Nico Williamsen itzulerak ezinbestekoak izango dira Sakak buruz burukorik ez egiteko. Ez bada iristen, Sakak Cucurella izango du parez pare: Eurokopako atzelaririk sendoena dueluetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.