Pedreñan hiru urte egin eta gero,Lapurdik fitxatu du Joseba Fernandez (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1974). KAE 1 ligara igo berri da Lapurdi, eta «talde lehiakorra» egitea du helburu. Donostiako Kontxako hondartzan jarri du hitzordua. Han jokatu zen joanden astean Europako Kostaldeko Arraun eta Hondartzako Esprinten Txapelketa, eta zale modura bildu zen bertara.
Zergatik Lapurdi?
Lehenik, beraiek interes handia adierazi zidatelako hasieratik, eta horrek aukera eman zidalako nahi nuen jokalekuan ipintzeko; hau da, etxetik gertu aritzeko. Bestalde, Pedreñan neukan egoera ez zen erosoena. Etxetik bi ordu ingurura dago, eta egitura falta handia dauka. Orkestra gizona zara han, eta, batzuetan, entrenatzaile batek egin behar ez dituen gauzak egin behar izaten dira. Gustura egin ditut, baina ez dut hori nahi.
Zer eskatu dizu klubak?
Uste dut Lapurdik beren arraun kultura aldatzeko pertsona bat bilatu nahi zuela. Beti ongi aritu diren arren, beharbada lehiakorragoak izatea falta izan zaie. Haien hitzetan, hori aldatu nahi dute, eta pertsona egokia ni naizela uste dute.
Zer aurkitu duzu zuk?
Oraindik egokitzeko prozesuan nabil. Gogo handiz etortzen ari diren arraunlariak ikusten ari naiz oraingoz, eta, orain agertzen ari diren jarrera, nahia eta konpromisoa aurrerago agertzen badute gauza politak egiteko aukera izango dugu. Hala ere, nik oso ondo ezagutzen dut arrauna; 34 urte daramatzat bertan, eta badakit non dauden arraunak dituen oztopoak. Negu beltzari aurre egin behar zaio, eta batzuetan kosta egiten da. Pixkanaka, helburu handirik gabe hazi egin nahi dugu
Nolakoa da kluba instalazioeta aukera aldetik?
Alde horretatik, ez daukat kexarik. Lapurdin topatu dudana ondo dago; beste klubetan adina material daukate. Beharbada, traineru eguneratu bat behar dute, baina Ibaialdek badauka traineru hori, eta espero dugu arazorik ez izatea hura erabiltzeko.
Nolako prestakuntza egin nahi duzu neguan?
Helburua talde gisa haztea da, baina, beste edozeren gainetik,taldea lehiakor bihurtu nahi dut. Aurpegia eman dezala, eta, batez ere, ausarta izan dadila. Horretarako, neguko lehiaketak beharrezkoak dira. Neguko estropadetan parte hartu nahi dut, baita ontzi txikietan egiten direnetan ere. Bateletan eta trainerilletan Gipuzkoako Ligan parte hartuko dugu.
Zeintzuk izango dira kirol helburuak?
Talde lehiakor bat nahi badut, gora begiratu behar dugu. Badakit igo berriak garela. Horrelakoa da nire izaera, eta ez dut aldatuko; langa gero eta gorago jartzen saiatzen naiz. Oraindik ez dakit taldearen benetako maila zein den, eta ezin dut zehaztu non egon daitekeen Lapurdi datorren urtean, baina lana eta jarrera goi mailara begira jartzeko izango dira.
Nolako taldea egingo duzu? Dagoenarekin pozik zaude, edo jendea fitxatu behar da?
Daudenak etxekoak dira, %95. Orain, 21 lagun gaude. Niri 26ko taldea izatea gustatzen zait, neguan itsasoko entrenamenduetan bi ontzi betetzeko. Horrekin oso gustura sentitzen naiz. Horrela, ez dut inor lehorrean uzten, eta bakoitzak aukera du uretako kilometroak egiteko eta dituen dohainak erakusteko. Oraingoz, patroiak baditugu, baina ez dakit 26ra iritsiko garen. Hala ere, 20 edo 21eko multzoa egokia dela uste dut. 26ra iristen ez bagara, traineruarekin eta trainerillarekin arituko gara neguan entrenatzen.
Zure kirol ibilbide luzean zer-nolako mugarria da Lapurdira joatea?
Niretzat erronka polita da. Amaren aldetik familia daukat Ziburun [Lapurdi]. Niri gustatzen zaidana egiteko leku egoki bat izan daitekeela iruditzen zait. Dena ez da liga irabaztea. Irabazleak erakartzen ditu foku guztiak, baina aurten, Getariak Urdaibaik adina edo gehiago egin duela iruditzen zait. Lapurdirekin talde lehiakor bat lortzen badut, eta, nahi dudan maila ikusten badut, nire liga irabazia daukat.
Zergatik erabaki duzu Pedreña uztea?
Distantziagatik gehienbat, eta familia kontuengatik. Orain arte, familiarekin moldatu nintekeen, baina aurten ezin izan dut, eta oso gogorra egin zait; batez ere, jakinda etxean zer eginik banuela.
Helburua bete duzu Pedreñan?
Helburu nagusia ez da lortu. Nik argi neukan aukera izango nuela Pedreña TKE ligan jartzeko. Lehenengo urtean lortzekoak ginela uste dut, baina huts larri bat egin genuen, eta ni izan nintzen horren arduradun nagusia. Ondorengo bi urteetan, berriz, pandemia tartean zegoela, helburuen gainetik izan gara. Aurten, kanporaketak jokatzea miraria izan da. Harro bukatu dut, baina helburu nagusia ez da bete.
Urte batzuk dira Eusko Label ligatik kanpo ari zarela. Itzultzea da helburua?
Bai, argi eta garbi. Neure burua goi mailako entrenatzailetzat daukat, eta emaitzak hor daude. Beti umiltasunez lan egingo dut, baina ezin diot horri uko egin. Orain arte, Urdaibaik kaleratu ninduenetik inork ez dit proiektu bat eskuen artean jarri goi mailan entrenatzeko. Suertatzen bada, aztertuko dut, baina edozein proiektu ere ez nuke hartuko; hori oso argi daukat. Nik nire liburutxoa daukat, hemezortzi urtean garatutakoa, eta emaitza oso onak ekarri dizkidala uste dut. Hala ere, niri berdin zait non dagoen taldea; ni zoriontsua naiz arraun talde bat zuzentzen baldin badut.
Orain da denboraldi berriari begira aldaketak proposatzeko garaia. Zer aldatuko zenuke oro har? Eta KAE 1 ligan?
Garrantzitsuena, eta alde handiarekin gainera, arraunlari elkarte baten beharra ikusten dut; ezinbestekoa da. Gero, arazo oso handi bat ikusten dut, eta areagotzen ari da. Arraunlariek Eusko Label ligan bakarrik aritu nahi dute. Benetako lotura bat falta da ligen artean, askotan nahiago izaten dutelako ordezko izan goiko talde batean KAE 1 ligan titular modura aritzea baino. Eusko Label ligaren egoera ona ikusita, behera gehiago begiratu beharko litzateke, eta jokaleku hori gehiago zaindu. Uste dut egoera asko ez liratekeela gertatuko arraunlarien elkarte bat balego.
Joseba Fernandez. Lapurdiko entrenatzailea
«Ni zoriontsua naiz arraun talde bat zuzentzen baldin badut»
Lapurdiko entrenatzaile berriaren ustez, gustatzen zaiona egiteko, «leku aproposera» joan da. Aurrez, Pedreña utzi zuen, hiru urteren ostean; «etxetik gertu» egon nahi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu