Aurreko denboraldia bukatu zenean, Joseba FernandezUrdaibaiko entrenatzaileak (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1974) mila azterketa egin zituen udan gertatuaz, eta bat hauxe izan zen, atzo bertan kontatua, Donostiako taberna batean, garai batean Atotxa futbol zelaia zegoen leku berean: «Uztaila oso ona izan zen guretzat, baina abuztuan justu antzean ibili ginen, gehiegi estutu genuelako aurreko hilabetean». Azterketa horrek erabaki hau ekarri zion burura denboraldi honetarako: «Kontuan izanda ekainean lau estropada izango genituela, inoiz ez bezala, lasaixeago hastea pentsatu nuen, pixkanaka gorantz joateko».
Sentitu, pentsatu eta ekin. Horrela hasi da Urdaibai, «lasaixeago», eta ondo doa Fernandezen plangintzan, baina Eusko Label ligako lau estropada jokatzea nahiko izan da egungo txapelduna lehiaketa irabazteko lehiatik kanpo geratzeko. «Sekulako kolpea da guretzat, oso ligazaleak baikara Bermeon, eta ez genuen horrelakorik espero». Aurkarien maila «izugarri ona» ere aipatu du nolabaiteko deskalabru hau azaltzeko: «Ikaragarri dabiltza, eta gu ez gara gai orain haien pare ibiltzeko. Tira, orain arte ez gara gai izan». Ez da, baina, aurkarien maila handian ezkutatu, eta autokritika gordina egin du: «Ni naiz Urdaibairen liga hasierako emaitzen erantzulea».
Espero ez zuen egoera petral batean dago Urdaibai: «Ez dugu liga irabazteko inolako aukerarik», onartu du. Halako kolpea hartuta, taldea nola dagoen galdetuta, segurtasun hitzak atera zaizkio: «Oso erantzun ona ari da ematen taldea. Kolpea izan da, jakina, baina arraunlariek ondo erreakzionatu dute. Aste honetan bertan, oso entrenamendu onak egin ditugu, eta garbi daukat bide onean goazela».
Ligako lau estropadak ondo baino hobeto aztertu dituzte taldean, batez ere lehen hirurak, eta taldea hain gaizki ez zuela ikusi dio entrenatzaile pasaitarrak: «Bilbon, azkenera arte bigarren ginen, Orio handi baten atzetik, baina azkeneko pusketan behea jo genuen. Gainera, gai izan ginen atzetik aurrerako estropada egiteko, lehen luze oso txarra egin genuelako. Bigarren egunean, Zierbenan, lan ona egin genuen, eta baita Santanderren ere, hirugarren luzean kale egin arren. Baina Santurtziren abiadura berean joan ginen beste hiru luzetan, eta hitz potoloak dira horiek». Ase ez duen estropada bakarra igandekoa izan zen, Lekeitiokoa, azkena: «Bezperan, mutilek uste izan zuten ez zutela lan ona egin, eta, igandean, konfiantza gutxirekin aritu ziren arraunean. Garesti ordaindu genuen».
Galizia, gustuko lekua
Lekeitiokoaren ondoren, astelehenean, talde osoa Bermeon elkartu zuen, asteko lehen egunean bakoitzak bere herrian entrenatzeko aukera izan ohi duen arren: «Taldeko terapia egin behar genuen, eta horretan aritu ginen, larunbateko estropada aztertzen. Ondorio onak atera genituen, eta, lehen esan bezala, aste oso ona daramagu entrenamenduetan». Arraunlariak «gosez» ikusten dituela esan du: «Irrikaz daude trainerua azkar ibiltzen denean izaten dituzten barne bizipenak berriz sentitzeko, eta horren bila ari dira, jarrera txalogarriarekin».
Fernandezek esaten duenari segika, garbi dago nolako Urdaibai aterako den uretara bihar, Coruñan (Galizia). Zakur amorratuaren pare, eta emaitzak emaitza, konfiantzarekin. Gainera, gustuko eremuak dituzte Galiziakoak: «Bermeon egin ditudan lehen bi urteetan, hamar estropada jokatu ditugu Galizian, eta zortzi irabazi ditugu, zazpi bandera tartean». Arraunlariei konfiantza emateko, ez da datu txarra.
Garaipen batek uxatuko lituzke denboraldi hasiera honetako kontu ilunak taldetik, eta ligan irabazteari sekulako balioa eman dio Fernandezek: «Ez daukat batere dudarik liga hau historikoa izango dela. Talde asko daude estropadak irabazteko moduan, eta begira hasiera hau: hiru traineruren artean banatu dituzte lau banderak. Oso zaila da hemen irabaztea, eta sekulako balioa du bandera bat eskuratzeak». Banderak irabaztea, estropadaz estropada ale bakarrak balira bezala hartzea, horra Urdaibairen asmoen artean bat hemendik aurrera begira: «Hasi baino ez da egin denboraldia, eta tokitan dago iraila. Ligako estropada asko falta dira oraindik, eta gure nahia izango da banderak irabaztea».
Onartu du, hala ere, plangintza orokorrean badituela helburu zehatzak, eta horiek prestatzeko garaian balitekeela ligan egunen batean sakrifizioak egitea: «Bost helburu ditugu orain, eta txapelketak daude hor, Bizkaikoa, Euskadiko eta Espainiakoa. Gero, Zarauzko Estropada ere begiz jota daukagu, eta, nola ez, Kontxako Bandera, irailean. Oraindik ere aukera asko dauzkagu denboraldi polita osatzeko».
Eusko Label liga
«Ni naiz erantzule nagusia»
Urdaibai seigarren dago Eusko Label ligan, lau estropada jokatu eta gero, eta Joseba Fernandez entrenatzaileak autokritika egin du: «Lasaixeago hasi nahi izan dut, gero indartsu egoteko, baina, aurkarien maila ikusita, gutxiegirekin hasi gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu