Entrenamendua amaituta, Ante Budimirri atera jaurtiketa batzuk egiten lagundu ostean hartu du kazetaria Jorge Herrandok (Arrizabalaga, Nafarroa, 2001). Pozik da, gero kroaziarrak gola sartzen duenean, badakielako lan horren guztiaren atzean bere aletxoa dagoela. Ez da elkarrekin ariko diren azken aldia. Aurrelariak egin dio hurrengorako gonbita. Liga osoa dute aurretik. Denboraldia bihar abiatuko dute, etxean, Leganesen aurka (19:00).
Amaitu da itxaronaldia. Nola zaude denboraldi berriari begira?
Gogotsu nago. Iaz lehen taldeko dinamikan izan nintzen, baina bigarren taldeko fitxa nuen. Aurtengoa nire lehen denboraldia izango da Lehen Mailako jokalari moduan, eta oso pozik nago.
Denboraldiaurrea berezia izan da, entrenatzaile berriarekin. Ondo joan al da?
Bai. Aldaketa batzuk egin ditu. Jokatzeko moduan, eguneroko martxan, entrenamenduetan… Baina oso azkar ohitu gara. Ondo hartu dugu elkar, eta lehiari ekiteko gogoz gaude.
Jagoba Arrasateren aginduetara egoteari utzi, eta Vicente Morenoren esanetara zaudete orain. Aldaketa handia sumatu duzu?
Entrenamenduetan, esaterako, ariketa gelditzea eta azalpen taktikoak ematea gustatzen zaio Vicenteri. Hori da aldaketa aipagarrienetako bat, nire ustez.
Ez du lantegi erraza, Jagobak arrasto handia utzi baitu Osasunan. Morenok horren harira zerbait esan al dizue?
Ez. Alderaketa horiek inori ez diote mesederik egiten. Pertsona guztiak gara desberdinak. Badakigu zerbait berria dela, baina horrek ez du esan nahi okerragoa izango denik. Bi entrenatzaile desberdin dira, gauza desberdinak egiten dituzte, eta gu gauza berriak ikasteko ilusioz gaude.
Orain dela bi sasoi egin zenuen debuta Lehenengo Mailan, baina iaz hasi zinen partidak bata bestearen atzetik kateatzen. Maila ikusgarrian aritu zinen, azken partidetan bereziki. Espero al zenuen maila hori ematea?
Egia esateko, ez dakit esan behar dudan, honek oso handiuste traza-edo izan dezakeelako, baina ni konbentzituta nengoen. Ez akaso eman nuen maila eman nezakeela, baina bai ondo ibil nintekeela Lehen Mailan. Jagobari berari ere esan nion bizpahiru partida jarraian emanez gero ni ziur nengoela ongi jardun nezakeela.
Sasoi berriari begira. Helburu pertsonalik ezarri al duzu?
Nik beti diot hamazazpi partida baino ez ditudala jokatu Lehen Mailan. Beti esan ohi da zailena ez dela Lehen Mailara iristea, bertan mantentzea baizik. Pausoak ematen jarraitu nahiko nuke.
«Badakigu [Morenoren entrenatzeko era] berria dela, baina horrek ez du esan nahi okerragoa izango denik»
Zertan hobetu dezakezu, zure ustez?
Erdiko atzelariaren jardunean asko laguntzen du eskarmentua izateak. Brauliok eta Catak behin baino gehiagotan esan didate eskarmentuak asko laguntzen duela, jokaldiak eta egoera desberdinak irakurtzeko orduan. Espero dut hori guztia partiden joan-etorriarekin ikastea.
David Garciarekin eta Alejandro Catenarekin ibili zinen gehienbat. Aurten, baina, lehena joan egin da. Kapitaina izateaz harago, erdiko atzelaria izaki, hutsune hori nabarituko duzu, ezta?
Oso hutsune garrantzitsua da zelai barruan zein kanpoan. Erreferente bat da niretzat. Baina hemen guztiak gara garrantzitsuak. David oso jokalari inportantea zen, baina aurrera jarraitu beharra daukagu.
5 zenbakidun elastikoa libre utzi du, eta zuk hartu duzu. Horrek zerbait esan nahi al du?
Niri zenbakiarenak ez dit asko axola. Ahalko banu, 28arekin jarraituko nukeen, otsailaren 28koa bainaiz, eta, gainera, Cesar Azpilikuetak ere jantzi zuen. Baina ezin dut fitxa kontuengatik. Libre geratu zen, eta Promesasen beti jantzi izan dut 5a, baita Logroñon egon nintzenean ere. Catenak ere, Rayo Vallecanon egon zenean, zenbaki bera izan zuen, eta bion artean hitz egin ostean esan zidan ni etxekoa izanda, ilusioa egiten bazidan, hartzeko. Davidi idatzi nion erreleboa hartuko niola esateko.
Braulio Vazquez kirol zuzendariak argi esan du beste erdiko atzelari baten bila dabiltzala. Konpetentziarik ez zaizue faltako.
Konpetentzia beti da ona. Ez lasaitzera eta beti adi egotera behartzen zaitu. Eta ikasteko ere oso aproposa da. Nik asko ikasten dut entrenamendu guztietan gainerako taldekideengandik.
Urtetik urtera gora egin du taldeak, iaz izan ezik. Sabaia jo du Osasunak? Edo aurten beste koxka bat gora egin dezake?
Denboraldi baten barruan gauza asko gerta daitezke: boladak, lesioak, sentsazio aldaketak… Partidak joan ahala ikusiko dugu non gauden. Ilusio erabatekoa piztuko digun sasoia egin dezakegu, baina batek daki. Niri ez zait puntuekin eta sailkapenekin itsutzea gustatzen, uste dut ez dela onuragarria. Guk gure lanari erreparatu behar diogu. Lana ongi eginez gero, emaitzak iritsiko dira.
«Ezin dugu ahaztu Lehen Mailan elastiko honekin jokatzen dugun partida bakoitza oso berezia dela»
Argi dago hori ikusteko denboraldia ondo hastea komeni dela. Eta, aurten, estreinako lau partidetatik hiru Sadarren jokatuko dituzue. Hori baliatu beharra dago.
Sadarren jokatzea oso berezia da. Etxean indartsuak izan beharra daukagu, bertan emaitza onak ateratzea oso garrantzitsua delako helburua betetzeko.
Iaz bost partida baino ez zenituzten irabazi Sadarren, eta, halere, begira non bukatu zenuten. Hor al dago hobekuntzarako premia aurten?
Bai, egiten genuen partida motarengatik. Protagonismo handia izaten genuen baloiarekin, baina hor gero ez genuen asmatzen. Hor hobetu dezakegula uste dut.
Orain dela bi sasoi baino gol gehiago sartu zenituzten iaz. Baina Ez Abdek bere garaian egin bezala, Bryan Zaragoza iritsi berriak zirrikituak bilatzen lagunduko dizue, ezta?
Bai, seguru. Ezaugarri desberdinak dituzten jokalariak oso aberasgarriak dira. Asko lagunduko digulakoan nago.
Urrutira joan gabe, bihar ekingo diozue ligari, Leganes igo berria hartuta. Haiek ilusioz gainezka etorriko dira; Osasunak nola erantzungo du?
Lehen Mailara itzultzearen ilusio hori izango dute, baina guk ere ilusio handiarekin erantzungo diegu. Ezin dugu ahaztu Lehen Mailan elastiko honekin jokatzen dugun partida bakoitza oso berezia dela. Sekulako oparia da guretzat horrelako neurketak Sadarren jokatzea. Hori abiapuntutzat hartuta, gauzak ondo egin eta irabazten saiatu.