Azken partida irabazi izanak pixka bat gozatu dio aldartea David Merinori (Villar de Torre, Espainia, 1990). «Alde handia zegoen galdu ala irabazi. Halere, bultzada handiena animikoa da; irabazi beharra genuen». Badaki ez direla ari euren maila ematen, eta ez du aitzakiarik jarri.
Azken partidak arnasa eman zizuen. Beraz, oraindik bizirik?
Oso zail dago; lehen itzulia oso txarra izan da, baina aukerak dauden bitartean... Sailkapenari begiratu gabe jokatu behar dugu, irabaztera irten. Jokinek eta biok gure maila ematen badugu, edozeini irabaz diezaiokegu.
Altuna III.a-Merinok goian beharko lukete. Zerk egin du kale?
Saiatu gara egoerari buelta ematen. Lehen partidan oso ondo aritu ginen, baina gero beste pare bat izan genituen, estu-estuak eta azken unean ihes egin zigutenak. Gero hiru partida txar egin genituen, eta aurkariak hobeak izan ziren. Egia da bikote moduan ez dugula jokorik batu, eta hori hobetu behar dugu. Jokin eta biok ondo moldatzen gara kantxa barruan eta kanpoan, baina emaitzek ez digute lagundu.
Gakoren bat? Fisikoa, eskuak...
Jokinek egun batean arazo txiki bat izan zuen eskuan, eta, azken partidan, hasi eta berehala ni leher eginda nengoen, baina azkenean ondo bukatu nuen. Beste partida batzuetan, berriz, Irujoren aurka esaterako, nik gaizki jokatu nuen. Gakorik? Bada, ez dakit, saiatu gara ez itsutzen , elkarri animoak ematen, jarrera baikorra mantenduz; baina partida hasi, eta ez zaizkigu gauzak irteten.
Partida batzuetako azken txanpetan, fisikoki pixka bat behera egin izanaren itxura eman duzu.
Izan daiteke, baina ondo ikusten dut neure burua. Eginiko test fisikoetan, hauspo emaitzak onak dira, eta egia da txakalaldiren bat edo beste izan dudala, baina ez diot horri leporatzen galdu izana.
Ikusmin handia sortu duzue. Zama izan al da hori?
Presioa ez. Ikusmina sumatu genuen, eta nik ilusio handia nuen. Jokinek eta biok oso gustura jokatu genuen udan: Donostian finalera iritsi ginen, sanmateoak irabazi... Joko handia genuen, eta ikuskizuna ematen genuen. Baina beti ez zaude berdin, eta, behin txapelketa hasita, gauzak okertu egin dira. Orain zazpi partida ditugu gozatzeko, eta ea pare bat irabazita lehian sartzen garen.
Aurretik, aurrelari eskarmentudunekin jokatu duzu txapelketan: Irujo, Titin, Xala... Orain beteranoa zu zara. Alderik?
Beteranoekin jokatzean, ardura batzuk haien gain uzten dituzu, haiek agintzen dute: non eta nola esaten dizute, zein pilota hautatu... Halere, nire iritziak ere garrantzia zuen, eta urteak pasatu ahala, gehiago. Orain Jokin eta biok gaude, eta ni beteranoagoa naiz, baina nik hari adina aholku eman dizkit hark niri.
Zer moduz eskuak? Azken urteetan arazo asko izan dituzu.
Ondo, zorionez. Ez dut arazorik.
Iazko arazoen ondoren, orain hobeto zaintzen dituzu eskuak?
Noski. Takoak jartzean, beste puntu batzuk babesten ditut. Iaz ez nekien kailua nuenik ere! Eta askotan gainean jartzen nuen takoa, eta kolpe guztia horra zihoan. Esku barruan zer nuen ez nekien. Orain masaje gehiago hartzen ditut eskuetan, eta ukenduak ematen ditut egunero.
Iazkoa urte oso gogorra izan zen zuretzat: bolada txar oso luzea, eskua gaizki... Zer ikasi zenuen?
Buruari bueltak ez ematen. Asko estutzen nuen, gehiegi. Gauzak ondo egiteko gogo handia nuen, eta kasualitatez 6-6 joan eta 7-11 galtzen jartzen banintzen, hari buelta ematerik ez zegoela iruditzen zitzaidan. Udan bi partida irabazi, eta berehala konturatu nintzen lan eta lan eginda partidei buelta eman dakiekeela. Ezin duzu partida bat nola edo hala bota. Eskuko minetik mentalki gogorrago irten naiz.
Hiru urte dira ez zarela binakakoaren finalerdietan sartu.
Ni ere konturatzen naiz. Lehen bi urteetan finalerdietan sartu nintzen, eta, hurrengoetan, ezer ez. Eta aurten ere ez du itxura onik. Baina nire onena ematen jarraitu behar dut hurrengo urtean berriz sar nazaten eta aukera baliatzeko.
Debutatu berritan, bilakaera handia izan zenuen zure jokoan, baina kosta egin zaizu beste pauso bat ematea. Ez aurrera eta ez atzera gelditu al zara?
Lehen bi urteetan jauzia egin nuen, eta ni ere harritu ninduenbilakaera hark. Orduan dena ateratzen zitzaidan; orain, aldiz, gehiago kostatzen zait. Asko hitz egin dut gaiari buruz Joaquin Plazarekin. Lehen nituen gauza batzuk galdu ditut, baina baita beste batzuk hartu ere. Eboluzioa da, eta gauza batzuk ahaztu egiten zaizkizu. Baina egia da bolada hobeak izan ditudala, eta ea falta zaidan hori berreskuratzen dudan.
Urteak daramatzazu profesionaletan. Orain non ikusten duzu pauso hori emateko aukera?
Dena hobetu dezakezu. Nik eskarmentua hartu dut, sufritzeko eta eusteko ahala. Lehen urteetan ia ezinezko ikusten nuen pilotakada askoko partidetan irautea. Hobetzeko zer? Arlo teknikoak, aireko defentsa, sotamanoak... Batzuetan atzean lokartu egiten naiz, jokoa ikusten, eta sartuago egon behar dut. Xehetasunak dira, izan ditudanak eta berreskuratu behar ditudanak.
Txapelketari buruzko zer iritzi duzu, oro har?
Gureari begiratzen diot, eta argi dago hobetu dezakegula. Baina gauza bat esan nahi dut: Pilotei buruz hainbeste hitz egiten denean, guk ere gustuko pilotak izatea nahiko nuke. Beste bikoteek ez ditzatela gureak lehen unetik kritikatu, eta berriz ere ez daitezela agertu. Guk lehen partidan izan genituen bakarrik. Aldiz, beste bikote batzuek jokatu dutenean pilota gehiago ikusi dut. Errespetua nahi dut, eta bikote guztiek izan ditzatela gustuko pilotak.
David Merino. Aspeko pilotaria
«Ni ere harritu ninduen nire bi lehen urteetako bilakaerak»
Altuna III.arekin ari da txapelketan Merino, eta oso zail dute finalerdietan sartzea. Ez dute eman eurengandik espero zenik, eta atzelariak ezin izan du azaldu zein den arrazoi nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu