Alex Uranga. Bodyboarderra

«Ni bezala ibili diren asko daude, babesleen laguntzarik gabe»

Reunion uharteko munduko txapelketako proba irabazi berri du zumaiar gazteak, eta datorren urtean onenekin ariko da.

Zumaia
2011ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Askoren ametsa da onenen artean onena izatea. Munduko txapeldun izatea. Isil-isilik eta inongo oihartzunik egin gabe ibili da denbora askoan Alex Uranga (Zumaia, 1989), baina Reunion uharteko (Frantzia) munduko txapelketako proba irabazi ondoren, zeresana ematen ari da. Datorren urtean munduko hogeita lau onenen artean ariko da, eta noizbait munduko txapeldun izatea du amets.

Egun batzuk pasatu dira jada txapelketa irabazi zenuenetik. Lortutakoa barneratzeko denbora eman al dizu?

Gehiago sinetsi nuen hona etorri nintzenean, han amaitu berritan baino. Bertakoekin eta anaiarekin ospatu nuen momentuko emozio hura, baina hona etorri nintzenean, eta lagun guztiak nirekin zeudela ikustean, orduan bai, orduan sinetsi nuen garaipen handia lortu nuela eta guztientzat pozgarria zela.

Nola izan zen herriak eta familiak egin zizuten ongietorri hori?

Ongietorria oso beroa eta herrikoia izan zen. Aurretik, nire bila joan ziren Miarritzeko aireportura familia eta lagun guztiak. Nik gurasoak bakarrik espero nituen, baina hegazkinetik jaitsi orduko, lagunek inguratu ninduten, eta zeharo hunkitu nintzen. Oso babestuta sentitu nintzen.

Oro har, nolakoa izan zen txapelketa? Behe-behetik hasi zinen, eta, azkenean, txapelketa irabaztea lortu zenuen munduko onenen aurka.

Hasiera ez zen erraza izan. Sorbaldako minez joan nintzen, eta horrek zertxobait arduratzen ninduen, ez bainekien nola erantzungo zidan. Marrazoen erasoak ere oso ohikoak dira leku horretan, eta ni joan baino egun batzuk lehenago eraso batzuk izan ziren. Lehenengo sailkapen txapelketa izan nuen, eta ongi aritu nintzen. Egun bakarreko jardunaldia izan zen, eta irabazi egin nuen. Sekulako konfiantza eman zidan. Bi eguneko atsedenaren ondoren, berriro ekin nion txapelketari. Sorbaldako minak hor jarraitzen zuen, baina, behin uretara sartuta, gorputzak ongi erantzuten zidan. Txandaz txanda aurrera egin nuen, eta, azkenean, irabazi.

Zer sentitu zenuen irabazi zenuela jakin zenuen momentu horretan?

Pentsatu nuen: Egin dut! Gehienbat txapelketan zehar pilatutako tentsioak askatzeko balio izan zidan momentu hark. Izan ere, sailkapenean irabazi nuenetik urduritasun askoko egunak pasatu nituen, txapelketan ondo aritu eman nahi nuelako.

Datorren urtean onenekin arituko zara garaipenari esker. Badakizu zer-nolako egutegia izango duzun?

Egutegia oraindik zehaztu gabe dago, baina aurtengoaren antzekoa izango da. Probaren bat edo beste kenduko dute agian, baina txapelketa garrantzitsu bat sartuko dutela uste dut, Tahitikoa (Polinesia Frantsesa). Olatu oso indartsua eta zaila da. Hamabi bat proba izango dira. Horietatik bostek puntuatzen dute, eta kirolari bakoitzak aukeratu behar du zein txapelketara joan.

Bodyboarda beti egon izan da surfaren itzalean, eta Euskal Herrian bereziki lagun askok egiten duten kirola bada ere, oihartzun txikia du. Zergatik dela uste duzu?

Egia da orain arte oihartzun falta izugarria izan duela, baina jende askok egiten duen kirola da. Hemen, Zumaian, ikusi besterik ez dago. Dena den, inguruan bada surfa erakutsi duen herri indartsua, bikain, gainera; surfa egiteko olatu egokia dute, eta kirolari onak eman ditu.

Zarautzi buruz ari zara, noski.

Bai, hala da. Dena den, hemenbadaude ni bezala ibili diren beste asko ere, babesleen laguntzarik gabe. Sopelan ere David Perez eta Eunate Agirre daude. Horiek guztiek laguntza falta izan dute baliabideen aldetik. Agirrek, halere, sekulako maila lortu du azken urteotan,eta egun babesleen laguntza handia dauka.

Zure kasuan, babesleen laguntzarik jaso al duzu?

Jada lau bat urte daramatzat maila honetan, goi mailako txapelketak jokatzen, Europako eta munduko txapelketa batzuetan emaitza onak lortzen. Baina garaipen honi esker ari naiz oihartzun pixka bat handiagoa izaten babesleen artean. Nik aurretik izan ditudanei eman nahi dizkiet eskerrak. Ea hemendik aurrera are gehiago laguntzen nauten.

Horrelako denboraldi bati aurre egitea garestia izango da. Nola egiten diozu aurre gastu horri?

Oso garestia da, bai. Azkenean, gogoa baduzu, eta nik bezala zortea baduzu herrira iritsi eta lana aurkitzeko, bidaiatu dezakezu. Familiaren laguntza ere izaten dut.

Nola aurreikusten duzu hemendik aurrera zure kirol ibilbidea? Horretatik bizi nahiko zenuke?

Aurrera begira, nahiko nuke honetatik bizi. Profesional mailako garaipenez gain, mailarik altueneko txapelketak ere irabaztea espero dut, horrek esan nahi duen guztiarekin. Hau da, profesionala izateko norberak behar duen bizitzeko egoera lortu nahi dut. Goi mailako zirkuituan urte batzuk pasatu nahi nituzke.

Nolatan hasi zinen bodyboarda egiten?

Herrian daukagun olatua bodyboarderako oso egokia da, eta horrek asko lagundu dit hobetzen. Baina hasi, anaiari esker hasi nintzen. Bera ere bodyboarder bikaina izan da.

Non eta nola entrenatzen zara?

Bost axola dit zer eguraldi egiten duen. Ahal dudan guztietan, itsasoaren baldintzak onak badira behintzat, uretara sartzen naiz. Horretan nahiko autodidakta izan naiz. Nire ikasketak beti izan dira kirolaren ingurukoak, eta, beraz, momentu bakoitzean jakin izan dut nire prestaketa nola eraman: noiz entrenatu uretan, noiz kiroldegira joan... Olatuak hartzen Itzurunen (Zumaia) ibiltzen naiz ia beti, baina euskal kostaldean leku asko daude: hemendik Oriora bitartean edo Donostian, eta, haizearen arabera, baita Frantzian ere.

Zein da zure ametsa?

Batez ere neure buruarekin gustura egon nahiko nuke.

Eta munduko txapeldun izatea?

Zergatik ez! Halere, urte batzuetan hor goian egotearekin konformatzen naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.