Neurrira eginda daude

Javier Urrizak eta Jagoba Labakak bigarrenez jarraian irabazi dute erremonteko Binakako Txapelketa. Kantxan zein hortik kanpo «oso harreman ona» dutela azpimarratu dute biek.

Jagoba Labaka eta Javier Urriza, garaipena ospatzen. MAIALEN ANDRES.
Iñaki Berastegi.
2022ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Zazpi bider irabazi du Javier Urrizak (Iruñea, 1981) binakakoa, baina atzelari batekin baino ez du irabazi behin baino gehiagotan: Jagoba Labakarekin (Azpeitia, Gipuzkoa, 1981). Elkarren segidan irabazi dituzte azkeneko bi txapelketak. Era berean, atzelari azpeitiarrak bere ibilbideko bi txapelak Urriza alboan zuela jantzi ditu. «Aurreko aldian ere oso ondo ulertu genuen elkar. Javi pertsona erraza da. Asko laguntzen eta animatzen zaitu, eta ederra da harekin jokatzea. Oso harreman ona dugu», esan du Labakak. «Oso pozik nago Jagobarekin berriro txapela irabazi izanagatik. Harreman oso ona dugu, eta kantxan ere oso ondo uztartu gara bi txapelketa hauetan», gehitu du Urrizak. Jokatzeko estiloa ere antzekoa dute bi erremontistek: ziurtasunean eta akats gutxi egitean oinarritzen da. Beraz, neurrira eginda daudela dirudi.

«Ez gara agian jokalari ikusgarriak, baina bai fidagarriak. Bikote sendoa osatzen dugu, eta egoera zailetan gai gara lasai jokatu eta gure onena emateko. Ea ez den Jagobarekin jokatzen dudan azken txapelketa, bikotekide aparta delako», aztertu du Urrizak. Iritzi berekoa da Labaka: «Huts gutxi egiten dituen bikote bat gara. Ez naiz kolpea duen pilotari bat, eta, hortaz, pilota baztertzen ahalegintzen naiz. Javik ere ez du duela urte batzuetako kolpe apurtzailea, baina oso zaila da hari tantoa egitea». Jokatzeko modu hori ez da ikusgarriena, baina eraginkorrena izan da. «Finalak partida ikusgarriak izatea zaila da. Azken hau apur bat deserosoa izan zen, baina garrantzitsuena ondo egokitu eta 40. tantora iristea da. Ansak eta Martirenak oso joko erasokorra dute, eta gure estiloa pilotakada bat gehiago ematean oinarritzen da. 38 tantoan Ansak arriskatu egin zuen, eta gutxiagatik ez zitzaion atera. Gure estiloa nagusitu zela esan daiteke», azaldu du Urrizak.

Enpresaren erabakia

Txapelketa nagusian sartzeko, Ibai Martirenarekin eta Aritz Zubirirekin atzelarien atariko fasea jokatu behar izan zuen Labakak. Sailkapena lortuta, enpresaren erabakia izan zen atzera ere Urrizarekin jartzea. Horren harira, Joxin Aizpuruk esandakoa gogoratu du azpeitiarrak: «Aizpuruk esan zidan Martirena Urrizarekin jarri izan balute oso bikote ezberdina zitekeela, Urriza eta biok elkarrekin jokatzeko eginak gaudela dirudielako. Ni edozeinekin pozik aritzen naiz, baina egia da Javirekin jokatzea luxua dela».

Txapela lortuta eman diote errematea biek 2021ari. «Hamarreko nota emango nioke urteari, niretzat aparta izan delako. Txapela bat irabazi dut, baina Sagardoaren Txapelketako finala ere jokatu nuen, besteak beste. Oso gustura aritu naiz», dio Labakak. Urrizarentzat, berriz, «bikaina» izan da: «Jokatu ditudan txapelketa guztietako finaletara iritsi naiz, eta banakakoa da irabazi ez dudan bakarra: Barrenetxeak sekulako finala jokatu zuen».

Binakako zazpi txapel ditu Urrizak, Patxi Zeberiok bezain beste. Aurretik duen bakarra Koteto Ezkurra da, 11rekin. «Banakako eta binakako zazpina txapel ditut. Oso pozik nago erremonteak eman didan guztiarekin eta lortzen ari naizenarekin. Ea ez den azkena, baina Kotetoren 11 txapeletara iristea ezinezkoa izango zait. Ez da helburua, eta ez dut uste onuragarria denik halako marka berdintzeko nahia izatea». Bigarrena du Labakak, eta, biak bereziak badira ere, 2020koa «bereziagoa» da, ez zuelako irabaztea «espero».

Etorkizunera begira, azken urteetan bezain «lehiakor» jarraitzea da Urrizaren asmoa: «Badakit azken bi urteetan bezainbeste txapelketa irabaztea zaila izango dela, baina neure burua orain arte bezain lehiakor eta sasoiko ikusten badut borrokan jarraituko dudala uste dut». Banakako txapela zortzigarren aldiz irabaztea da duen «erronkarik handiena». Hori lortzeko, argi dauka zeintzuk izango diren aurkaririk gogorrenak: «Endika Barrenetxeak eta Imanol Ansak elkarren artean final asko jokatuko dituzte datozen urteetan, baina, oraindik ere, pixka batean haiekin lehia horretan egoteko esperantza dut».

Labakak, berriz, 2021ean eginikoa lehen mailako erremontista gisa «sendotzeko» baliatu nahi du: «Jagoba Labaka kontuan hartzeko atzelari bat dela esateko garaia da. Ez naiz punta-puntako atzelaria izango, baina maila horretan ari direnekin jokatzeko gai ikusten dut neure burua. Hainbesteko alderik ez da». Hamabost egun barru hasiko den Banakako Masterrean izango dute euren uste eta asmoak frogatzeko lehen aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.