Neurria hartzen ari dira

Martxel Iztuetak eta Arkaitz Eskuzak denbora gutxi daramate profesionaletan. Biek sumatu dute jauzia. Argi dute nola arindu: lana eginez eta asko jokatuz.

Arkaitz Eskuza Aspeko atzelaria, norgehiagoka batean. ASPE.
Julen Etxeberria.
2023ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Ibiliz egiten da bidea. Eta badabiltza Martxel Iztueta (Tolosa, Gipuzkoa, 2004) eta Arkaitz Eskuza (Laudio, Araba, 2004). Biak lehen urratsak egiten ari dira pilota profesionalean: Iztuetak zazpi hilabete daramatza profesionalekin jokatzen; Eskuzak, berriz, bost. Biek gaztetasuna dute bidelagun, biek adinez nagusi izan berritan egin baitute jauzia: tolosarrak, Baiko enpresarekin; laudioarrak, berriz, Asperekin. Atzelariak dira biak.

Biek hartua diote aurreneko itxura erronkari. «Espero nuen maila dago, handia, eta mailak gora egiten du Lehen Mailakoekin jokatzen duzunean: erritmo eta abiadura handiagoan jokatzen dute. Adiago egon behar da nahitaez», azaldu du Eskuzak.

Iritzi berekoa da Iztueta. Biak ados dira honetan ere: profesional izateak ez die asko aldatu egunerokoa. «Debuta egin aurretik antzeko entrenamendu kopurua egiten genuen», zehaztu du Baikoko atzelariak. Biek ikasketekin uztartzen dute, eta biek aitortu dute oraingoz «moldatzen» ari direla.

Berehala egin dute orain artekoaren balorazioa. Eskuza «nahiko pozik» dago. «Ondo hasi nintzen, partidak irabaziz, baina oso argi nuen ez zela beti horrela izango: batetik, gero eta partida zailagoak jarriko zizkidatelako; eta, bestetik, ohikoa delako egun onak eta ez horren onak izatea. Orain, ez nabil hasieran bezain emaitza onak lortzen, baina entrenatu ahala, hobetu egingo dut. Gustura ari naiz Jokinekin [Etxaniz, Aspeko zuzendari teknikoa]. Zer den gehien esaten didana? Defentsan, pilota ukituta datorrenean hankak prest izateko. Horrek ematen dit lan gehien».

Iztuetak, ordea, «denetarik» egon dela esan du. «Gustura ari naiz entrenatzen, eta fisikoki hobetu egin dut: pisua hartu dut. Baina partidetan, kostatzen ari zait entrenamenduetako lan ona islatzea. Gorabeheratsu nabil: batzuetan ondo ari naiz; beste batzuetan, kolpez larri; eta, beste batzuetan, kolpez fresko, baina huts asko eginez. Nabari dut hobetu dudala, baina emaitzak ez dira nahiko nituzkeenak».

Txapelketa bat jokatu du jada, Promozio Mailako binakakoa, Asier Agirrerekin, eta kanporaketan galdu zuten. «Justu ibili nintzen eskuetatik, eta sufritu egin nuen gozatu baino gehiago». Ez da gauzak gehiegi pentsatzekoa, baina egoera «buruhausteren bat» eragiten ari zaio. Enpresako ordezkarien, entrenatzaileen eta trebatzailearen laguntza du. «Lasai egoteko esaten didate, denbora dudala, eta hobetuko dudala».

Lehen udari ekiteko gogoz

Biek gogoratu dute gozatu duten partidaren bat. Eskuzak etxean, Gasteizen jokatu zuen bat aipatu du. «Elezkanorekin jokatu nuen, Ezkurdiaren eta Bikuñaren aurka. Gustura aritu nintzen, eta nik egin nuen azkeneko tantoa, dejadaz». Iztuetak, berriz, Gorka Ugartemendiaren estreinakoa azpimarratu du. «Peñak eta biok Lasoren eta Ugartemendiaren kontra galdu genuen Tolosan, baina gustura aritu nintzen».

Biak harritu ditu pilotariren batek, eta, atzelariak izanik, ez da harritzekoa postu horretakoak izatea. «Altunak eta Lasok beste txinparta bat dute, eta Zabaletak eta Mariezkurrenak kolpe handia dute. Baina ni Martijak harritu nau; ez du horren indartsu jotzen pilota, baina oso atzelari gogorra da», azaldu du Eskuzak. Iztuetak, berriz, Jon Ander Albisu nabarmendu du. «Sekulakoa da zein erraz jokatzen duen, eta zein erraz atzeratzen duen pilota».

«Gogoz» daude profesionaletako lehen udari ekiteko, eta «pozik», osasunez eta eskuz «ondo» daudelako. Oso argi dute helburua: «Ahal dugun gehien jokatu, eta egunez egun hobetu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.