Saskibaloia

Neurria hartzeko, garaipena behar

Zizurko taldeak Celtaren aurka jokatuko du bihar (12:00), Iruñeko Arrosadia kiroldegian. Juantxo Ferreira entrenatzaileak dio taldea osatzeko bi jokalari falta zaizkiela.

Juantxo Ferreira, Ardoi taldeko entrenatzailea, Arrosadian jokatutako partida batean. ARDOI
Juantxo Ferreira, Ardoi taldeko entrenatzailea, Arrosadian jokatutako partida batean. ARDOI
Iñaki Berastegi.
Dorre
2024ko urriaren 31
05:05
Entzun

Arrosadia kiroldegian eta Urtasun saskibaloi familiak Dorren (Nafarroa) duen AIT kirol zentroan egiten ditu Ardoi saskibaloi taldeak asteko entrenamenduak. Gernikaren aurkako euskal derbia 90-61 galdu eta gero, Juantxo Ferreira (Iruñea, 1970) entrenatzailea burumakur azaldu da hitzordura, baina egoera iraultzeko «gogotsu».

Zizurko taldea bere historiako lehen denboraldia jokatzen ari da Espainiako Ohorezko Mailan, eta orain arte jokatu dituen lau neurketak galdu egin ditu. «Ez dakit espero baino zailagoa izaten ari den edo ez, baina hau da gure errealitatea. Arlo fisikoan bai, konturatu naiz uste baino jauzi handiagoa dagoela. Jokoari begiratuta, uste dut ez gaudela hain urrun, baina, arlo fisikoan, aldea handia da oraingoz. Denboraldiaurrean oso lagunarteko zailak jokatu genituen ligara ahalik eta lasterrena egokitzeko asmoz, eta uste dut neurri batean lortu genuela, baina, gaur-gaurkoz, taldeak garaipen bat behar du egokitzapen prozesu hori behingoz amaitzeko».

Denboraldiko aurreneko lau neurketak galdu arren, aitzakia ez bada ere, Ardoik oso aurkari zailak izan ditu: Jairis, Perfumerias Avenida, Girona eta Gernika. «Bai, oso kontrario gogorrak egokitu zaizkigu. Jairisen aurka bai, uste dut eurak oso nagusi izan zirela, baina beste hiru partidak nahiko antzekoak izan dira. Lehiatu gara, une batzuetan gertu egon gara, baina bereziki hirugarren laurdenaren amaieran ihes egin digute partida guztiek. Lehiakorrak izan gara, baina argi dago horrekin ez dela nahikoa. Oso erraz sartzen dizkigute puntuak, eta, markagailuan nahiko atzetik gaudela ikusten dugunean, behera egiten dugu mentalki. Daramagun dinamika ezkorrak ere eragina dauka horretan».

Zergatik aztertzen hasita, errebotean jarri du azpimarra Ferreirak. «Partida bakoitzean, aurkariek gure errebote kopurua halako bi hartzen dute, eta, horri esker, partida amaieran 7 edo 8 jabetza gehiago izaten dituzte. 15 punturen aldea egon daiteke hor».

Jewel Tunstull pibot estatubatuarrak oraindik jokatu ez izanak badu horrekin zerikusirik. «Fisikoki ez zen prestatuta ailegatu, eta, ondoren, belaunetan arazoak izan zituen. Tunstullekin talde bat gara, eta bera gabe, beste bat. Fisikoki animalia bat da, eta kantxaren bi aldeetan jokatzen daki. Egon den talde guztietan erabakigarria izan da, eta, berarekin, jauzi bat eman dezakegu. Gainera, bera ez egoteak behartzen gaitu Ine Jorisek minutu asko egitera pibot postuan».

Ardoiko jokalarietako batzuk Malosten, iragan asteburuan. LOINTEK GERNIKA
Ardoiko jokalarietako batzuk Malosten, iragan asteburuan. LOINTEK GERNIKA

Ferreiraren taldeak Celtari egingo dio aurre bihar Arrosadian, IDK Euskotreni irabazi berri dion taldeari alegia. «Final bat da. Oraindik ez dakigu Tunstullek jokatu ahal izango duen edo ez, eta jokatzen badu, ez da bete-betean egongo, baina daukagun guztiarekin ahaleginduko gara neurketan lehiatzen eta irabazten. Puntu askorengatik galtzea mingarria litzateke denontzat. Neskak animoz ondo daude, baina galtzea beti izaten da zaila». Galiziako taldearen aurkako partida «gogorra» izatea espero du. «Intentsitate handikoa eta erritmo txikikoa. Defentsak nagusitu eta puntu gutxiko partida izatea espero dut. Hala ez bada, galtzeko gehiago izango dugu irabazteko baino, gaur-gaurkoz erasoan gu baino talde indartsuagoa baita Celta».

Taldea indartu

Gaurko neurketaren ostean, ligak bi asteko etenaldia izango du. Tarte hori aprobetxatu nahi du Ardoik fitxaketak egiteko. «Joko antolatzaile baten eta hegaleko postuan jokatu dezakeen norbaiten bila ari gara. Argi daukagu taldea osatzeko zerbait falta zaigula. Esan daiteke hegaleko eta pibot titularrak izango ziren jokalariak falta zaizkigula; Jannon Ottok taldea utzi zuen, ez zelako egokitu, eta Tunstull min hartuta egon da».

Merkatua arakatzen ari da Ardoi, baina, oraingoz, ez du fitxaketarik egin. «Ez da erraza, talderik gabe dauden jokalari gehienak NBA utzi duten jokalariak direlako, eta horiek, guretzat, oso garestiak dira. Etenaldi hauetan, normalean, euren taldean gutxi jokatzen ari diren jokalari batzuek aldatzeko gogoa izaten dute, eta, hala bada, ea Ensinoren aurkako neurketarako taldea indartzea lortzen dugun».

Ferreirak badaki mailari eustea «zaila» izango dela, baina aho bizarrik gabe dio hori dela helburua. «Gauden tokira iristeko lan handia egin dugu azken urteetan, eta pena litzateke hiruzpalau detailerengatik helburua ez betetzea». Galderak euskara eta gaztelania nahastuz erantzun ditu Ferreirak. Duela lau urte hasi baitzen Iruñeko IKA euskaltegian euskara ikasten, eta denboraldi amaierako balorazioa erabat euskaraz egiten ahaleginduko dela hitzeman du. Helburua beteta badaukate, are eta hobeto.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.