Neurria hartu eta eman

Euskadi Basque Country Murias taldearen pedalkadarik urdurienetakoak dira Pello Olaberria eta Alex Aranbururenak. Ikastea eta jarraitzeko merituak egitea da bien erronka.

Pello Olaberria eta Alex Aranburu Muriaseko txirrindulariak, aste honetan, enpresaren egoitzan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2016ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Gustura gaude, baina...». Eta irribarre txiki bat aldamenetik. «Urduritasuna nabaritzen da beti talde berri batera joandakoan, eta geure burua kokatzen ari gara oraindik. Baina oso giro ona daukagu taldean». Lehen egunetik bertatik nabaritzen ari dira hori. Pello Olaberriak (Mutiloa, Gipuzkoa, 1994) denborarik ere ez zuen izan buruari bueltaka hasteko Jon Odriozola Euskadi Basque Country Murias taldeko zuzendariaren deia jaso zuenean. «Decathlonen nengoen, neska-lagunarekin», hasi du azalpena, barrez. «Eta ezustekoa izan zen. Ezin nuen sinetsi». Azken bi urteotan ondo aritu ondoren, beste urtebeterako kontratua sinatuta zeukan Alberto Contador fundazioarekin, 23 urtez azpiko txirrindulariak hezteko proiektuarekin. «Baina ez zidaten jarri inolako arazorik». Gogoan dauka Muriasi emandako baiezkoa, baina dendan zer erosi zuen ideiarik ere ez dauka.

Bestelakoa da Alex Aranbururen kasua (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1995). Joan den urtean jada hiru lasterketatan parte hartu zuen Muriasekin, proba gisa. 20. amaitu zuen Getxoko zirkuitua, 86. Vendee itzulia, eta 54. Paris-Bourges proba. «Esperientzia zoragarria izan zen, nahiz eta 2016rako ez neukan ezer seguru». Baina ezkiotarrak ere berehala jaso zuen Odriozolaren deia. «Horrelako aukera gutxi izaten dira bizitzan, eta aprobetxatzen saiatu beharra daukagu».

Benidormen izan berri dira denak. «Tira, nik nahi baino lan gutxiago egin ahal izan dut, belauneko lesioagatik, baina...». Penatuta ari da hizketan Aranburu. «Bizikleta aldaketarekin eta oinetakoekin-eta, lesio txiki bat daukat, neurri batzuk gaizki neuzkalako jarrita, eta geldirik igaro behar izan ditut pare bat aste». Gertueneko ondorioei helduta, ezkiotarra ez da izango, gaurtik aurrera, Mallorcako Challengean. Olaberriak, berriz, bertatik bertara nabaritu ahal izan du maila aldaketa. «Entrenamendu luzeak egin ditugu Benidormen, eta ez naiz ibili nik nahi bezain ondo, baina oraindik oso luzea da urtea. Maila hartu, galdu, berriz hartu eta berriz galtzeko denbora izango dugu!».

Berria da taldea. «Baina lehendik denok ezagutzen genuen elkar. Lasaitasuna ematen du horrek». Olaberriak zalantza handirik gabe zehaztu du urteko erronka: «Oso gustukoak ditut Frantziako klasikoak, eta Tro-Bro Leon daukat begiz jota». Hori bai, lasterketa jakin bat ez, orokorragoa da mutiloarraren helburua: «Odriozolak urte bukaeran deitu, pozik dagoela esan, eta kontratua beste urtebetez luzatzea».

Joan den denboraldian maila polita eman ondoren, arduradunak saiatu dira koska bat gora egin eta Murias Kontinental Profesional mailako egitura bihurtzen. Baina hirugarren mailan jarraituko du beste urtebetez. 2017an emango du gorako pausoa, baina zuzendariak aurten jada emaitzak eskatuko ditu. Alde horretatik, lasai daude biak. «Beteranoenen kontua izango da hori. Laguntzea eta ikastea tokatuko zaigu guri; zertarako balio dugun ikustea». Ezkiotarraren esanarekin bat egin du mutiloarrak ere.

Ion eta Gorka Izagirreri lekukoa hartuta, lau goierritar elkartu dira aurten Muriasen: Olaberria, Aranburu, Gari Bravo eta Ion Ander Insausti. «Une honetan Goierriko sei txirrindulari gaude profesionaletan, eta polita da garai batean izandakora gerturatzen hastea. [Mikel] Gaztañaga, Dioni [Galparsoro], Aitor Perez Arrieta... Profesional asko egon dira beti, nahiz eta azken urteotan bakar antzean geldituta zeuden Ion eta Gorka Izagirre». Entrenatzeko abantaila izango dute inguruan bizitzea. «Baina bakoitzak bere entrenamendu zehatza egin behar izaten du askotan, eta geure kasa ibiltzen gara halakoetan», zehaztu du Aranburuk. Hori bai, herri berekoak izanik, Insausti eta Olaberria elkarrekin ibiltzen dira gehienean.

Distantzian aldaketa handia

«Erritmoan eta kilometro kopuruan» nabaritu dute alderik handiena. «Orain arte, 160 kilometroko etapak egiten genituen gehienez», hasi du azalpena Aranburuk. «160?», ondotik, harrituta, Olaberriak. «110-120 inguru, batez beste. Eta, orain, bat-batean, 190-200 kilometroko etapei aurre egitea... Azkenerako ez dakizu hankak hor dauzkazun, ez dauzkazun...». Esperientziak emango die lasaitasuna, eta motibazioan inork ez die gaina hartuko. «Igotzaile fina eta, xorro-xorro, azken unean errematea ematen dakien txirrindularia» da Aranburu Olaberriaren hitzetan. Eta «klasiko zalea» Olaberria. «Igoera motzetan abila». Elkarren aurkezpena egin dute. Errepidean hitz egitea falta zaie orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.