Neurketa handia eginda esan dio agur Baskoniak 2023-2024ko denboraldiko Euroligari. Real Madrilen aurka 98-102 galdu dute arabarrek Buesa Arenan. Kanporaketetako hirugarren partida zen, eta azkeneko bala zuten arabarrek. Irabazteak soilik balio zien. Beren eskuetan zegoen guztia egin dute jokalariek laugarren partida bat jokatzeko, baina ez da posible izan. Lehen 33 minutuak aurretik egon ostean, minutu erabakigarrietan gehiago izan dira bisitariak, eta kanporaketako hirugarren garaipena eskuratu dute. Orain, ordea, ezin dira nahigabetu. ACB ligako kanporaketetarako sailkatzea izango baitute jokoan datozen asteetan.
Ondo abiatu du partida Baskoniak. Madrilen ez bezala, kanpoko jaurtiketetan asmatzen hasi da, eta oldarkor aritu da defentsan, madrildarren antolatzaileei asko pentsatzen utzi gabe. Gutxitan bezalako nahia erakutsi du Dusko Ivanovicen taldeak neurketa hasieran. Hala ere, espero zitekeen bezala, lanak izan dituzte Tavares eta Poirier gelditzeko. Erasoan, taktika aldatu gabe: Costello hiruko marratik Tavares zonatik ateratzeko. Ivanovicenek kanpoko jaurtiketak baliatu dituzte lehenengo abantaila lortzeko. Costellok eta Rogkavopoulosek fin hasi dute partida, eta haien bitartez lortu dute lehen abantaila: 17-11. Hala ere, ondo eutsi dio Chus Mateoren taldeak arabarren hasierari, eta defentsa onak eta trantsizio azkarrak baliatu dituzte min egiteko. 22-22 amaitu da erritmo bizian jokatu den lehen laurdena.
Bigarren laurdena hasi baino lehen, eten bat egin da, mahaian arazoak zituztela eta. 10 minutuz geldirik egon da partida, baina jokalariak ez dira hoztu, eta puntu jasa itzela ikusi dute zaleek. Howardek bederatzi puntu sartu ditu zaleren bat tabernatik itzuli denerako; 15-5eko partziala egin dute arabarrek hiru minutuan, eta hamar punturen abantaila lortu dute. Arabarrak baino beranduago esnatu dira zuriak, eta ordura arte jokatu gabe zegoen Sergio Chacho Rodriguezek hartu du aginte makila. Hortik atsedenaldira bitarte, erasoko jokoan daukaten gaitasuna erakutsi dute bi taldeek. Codi Miller-McIntyrerrek eta Marinkovicek piztu dute arabarren sua, eta blokeo zuzena baliatu dute bisitariek erantzuteko: 56-52 atsedenaldian.
Atsedenalditik bueltan baloiak galdu ditu Baskoniak lehen bi jokaldietan, baina berehala lortu du hamar punturen aldea berriro ere, ordura arteko handiena. Baina, beste behin, une txarra gainditzen jakin dute bisitariek. Tavaresek eta Campazzok lan handia egin dute atzean, eta haien oldarkortasunari esker 3-12ko partziala egin dute zuriek. 73-72 joan da partida azken laurdenera.
Real Madrilen hordagoa
Azken laurdenean izarren txanda izaten da, eta Howardek hartu zuen erantzukizuna arabarren erasoan. Zazpi puntu sartu ditu laurdenaren hasieran, eta Mateok hutsartea eskatu behar izan du. Baskoniaren enbidoa. Chacho eta Yabusele azaldu dira orduan, eta 3-16ko partziala izan da madrildarren erantzuna: hordagoa, eta zortzi punturen aldea hartu dute markagailuan lau minutu baino gutxiago gelditzen zirenean (83-91). Zaleen bultzadak lagunduta, baina, bi puntura gerturatu dira etxekoak. Azken minutuetan erabaki da neurketa, eta hor, Real Madril nagusitu da. Bertan amaitu dira arabarren ametsak, eta Euroligatik kanpo gelditu dira.
Penatuta utzi dute Buesa Arenako kantxa jokalariek, baina zaleen txalo zaparrada eta esker ona jaso dute, egindako lanarengatik. Ivanovic ere atsekabetuta agertu da partida amaitzean, baina «harro» jokalariek egin duten neurketarekin: «Gaur, jokatu behar genuen bezala jokatu dugu. Baina batzuetan horma baten kontra joaten tematzen gara. Pazientzia handiagoarekin jokatu behar dugu. Hala ere, ezin diet ezer jokalariei ezer aurpegiratu. Lan bikaina egin dute».