Snowboardlaria

Irati Idiakez: «Neure buruarengan gehiago sinesteko esaten dit psikologoak»

Irati Idiakezek bigarrenez irabazi berri du Munduko Snowboard Kopa. Pozarren dago, baina gehiago nahi du: getariarrak munduko txapelketa du begiz joa. Martxoan jokatuko du, Kanadan.

Irati Idiakez snowboarder getariarra, kristalezko globoa eskuetan duela. BERRIA
Irati Idiakez snowboarder getariarra, kristalezko globoa eskuetan duela. BERRIA
Unai Ugartemendia.
2025eko otsailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Denboraldi betean dago Irati Idiakez snowboarderra (Getaria, Gipuzkoa, 1996), eta, tarte horretan, Vielhan bizi da (Lleida, Herrialde Katalanak). Fisioterapeutarenean egon berri da, gogor entrenatu ondoren. Munduko Kopa irabazi berri du, bigarren aldiz, baina jo eta ke dabil, sasoia biribildu nahi baitu munduko txapelketan.

Nolakoa izan da Munduko Kopa?

Oso ona. Banked eslalomeko azken emaitzei esker irabazi dut bigarrenez kristalezko globoa. Azaroan, hasteko, Landgraafen [Herbehereak] jokatu genituen bi probak irabazi nituen, eta, orain gutxi Austrian irabazitako bi probekin amaitu dut. Oso-oso pozik nago.

Denboraldia bikain hasi zenuen.

Banekien asko entrenatu ginela, baina ez nuen espero Landgraafen irabaztea; asteburu berean jokatu genituen lehen bi probak. Denboraldi hasiera izan zen, eta, nahiz eta nik banekien zer moduz nengoen, ez nekien aurkariak zer sasoitan zeuden. Ziurgabetasun handia izaten da lehen probetan. Entrenamendu ofizialen egunean, bi jaitsiera bakarrik egin genituen zirkuituan, eta ez nuen aukera askorik izan aurkariak ikusteko. Ondo aritu nintzen, baina beti izaten da zalantza.

Estreinakoan ez zenuen huts egin.

Proba egunean, entrenatzaileak esan zidan gauza batzuk aldatzeko, eta taktika aldatu genuen. Sailkapen jaitsieratan lau sailkatzen dira finalerdietarako, eta, gero, bi onenek jokatzen dute finala. Jaitsiera bakoitzean nire denborak hobetuz joan nintzen, baina finalean oso gertu ikusten nuen nire aurkari gogorrena. Bukatu baino lehen, entrenatzaileak bazekien irabazi egin nuela. Ezin sinisturik helmugaratu nintzen. Emozioak jota, negarrez amaitu genuen entrenatzaileak eta biok.

Biharamuneko proban ere gai izan zinen gailentzeko.

Biharamunean gauzak antzeko joan ziren, eta berriro ere irabazteko aukera izan nuen. Azken proba guztietan aurkari izan dut Monika Kotziain poloniarra, eta beti aurrea hartzen dit proben hasieran, baina, zorionez, azken metroetan nik hartzen diot aurrea. Oraingo honetan, ordea, lehen postuan joan nintzen une oro. Asteburu bikaina izan zen niretzat. Lider jarri nintzen.

«Lehenengo kristalezko globoak baino askoz ilusio handiagoa piztu dit honek. Orduko hartan, ez nuen guztiz sinistu zer egin nuen»

Orain gutxi Austrian jokatu dituzuen probetan, gauzak ez ziren aldatu. Espero zenuen berriro emaitza horiek lortzea?

Emaitza berbera izan den arren, gauzak ezberdin joan dira. Sailkatzeko lehen jaitsieran, atera egin nintzen bihurgune batean, eta ia lurrean amaitu nuen. Denbora asko galdu nuen, baina bosgarren amaitzea lortu. Bigarren jaitsieran, presioa nabaritu nuen, lehen postuetan sartu behar nuela eta. Dardarka nituen hankak irteeran. Zorionez, jaitsiera bikaina egin, bigarren iritsi, eta finalerako sailkatu nintzen. Finalerdietan, berriz, lehena izan nintzen. Azkenik, finalean, Kotziain zain neukan. Azken lasterketetan bezala, irabazi egin nion.

Zein ziren denboraldirako helburuak?

Hasiera-hasieratik, munduko txapelketa izan da lehen helburua. Zoritxarrez, gure diziplinan Olinpiar Jokoak ez direnez jokatzen, munduko txapelketa da helburu nagusia. Halere, denboraldi hasieran Herbehereetara joan aurretik, banekien aukera izango nuela kristalezko globoa irabazteko. Neure buruari presioa jarri nion. Ez nuen esan munduko txapelketa helburu bakarra zenik, baina prest nengoen kristalezko globoa lortzeko lehian aritzeko.

Bazenekien zer zen kristalezko globoa irabaztea.

Bai, 2021ean irabazi nuen lehena. COVID-19aren garaia izan zen, eta ez ziren horrenbeste parte hartzaile aritu. Niretzat ez zen gauza bera izan. Oraingo honek, ordea, askoz ilusio handiagoa piztu dit. Orduko hartan ez nuen guztiz sinistu zer egin nuen. Ez nintzen gaur egun bezain lehiakorra. Oso ezberdin gogoratzen dut.

Oraingo sariak zer esan nahi du zuretzat?

Lan asko egin dut psikologoarekin, eta, hark esaten didan moduan, esan nahi du ona naizela. Beti sinetsarazi nahi dit ona naizela. Asko entrenatzen garen arren, ez dago edonoren esku kristalezko globoa irabaztea. Neure buruarengan gehiago sinisteko esaten dit psikologoak. Uste dudan baino hobea naizela esaten dit behin eta berriro.

«Besoa falta dugunok ez dugu aukerarik Olinpiar Jokoetan egoteko, eta federazioek ez dute indarrik egiten egoera aldatzeko»

2018an, hau da, hasi zinenean baten batek esan izan balizu orain horrelako palmaresa izango zenuela, nekez sinistuko zenioke.

Esango nuke! Ez nuen inoiz imajinatuko horrelako emaitzak lortuko nituenik. Ametsetan ere ez. Urte batzuk badira istripua izan eta honetan hasi nintzela, baina egia da lanketa izugarria egin izan dudala psikologoarekin. Bere garaian beso bat galdu nuen arren, asko hazi naiz pertsona moduan denbora honetan guztian. Zorionez, aukera izan dut oso gustuko dudan kirol batean aritzeko, aire zabalean… Edonorentzat amets bat izango litzatekeena bete egin dut nik, zorionez.

Martxoan munduko txapelketa jokatuko duzue Kanadan. Irabazteko faboritoetako bat izango zara.

Uf... Ez dut behar baino presio handiagorik nahi. Nahikoa estutzen dut neure burua bestela ere. Gozatzea da lehen helburua, eta hori gogoan hartu dudanetan askoz emaitza hobeak lortu izan ditut. Ez dakit nolako zirkuituak izango ditugun. Hala ere, nabari da zirkuituaren mailak gora egin duela. Ilusio handiz joango naiz. Ondo entrenatzeko ahaleginetan ari gara, hara nahikoa entrenatuta joateko. Ahal dudan ondoen egiten saiatuko naiz, eta teknikan jarri nahiko nuke indar guztia. Talde moduan, ahal bezain ondo aritzen saiatuko gara.

Zoritxarrez, zure diziplinako lehiarik ez da izango datorren urteko Paralinpiar Jokoetan, Cortina d’Ampezzon (Italia).

Gaur-gaurkoz, ez dute sartu Olinpiar Jokoetako kirolen artean. Ez zait bidezkoa iruditzen ez jokatzea. Banekien 2022ko Olinpiar Jokoetan ez zela sartuko, baina hurrengoetarako baneukan esperantza. Zoritxarrez, egoera ia ez da aldatu. Esaten dutenez, jende berria etorriko da zirkuitura, eta baliteke horrek aukerak sortzea. Besoa falta dugunok ez dugu aukerarik Olinpiar Jokoetan egoteko, eta federazioek ez dute indarrik egiten egoera aldatzeko. Zenbat eta jende gehiago ibili, orduan eta indar handiagoa egingo dugu etorkizunari begira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.