Txikitan, txirrindularitza denbora-pasa soila zen Haimar Etxeberriarentzat (Irun, Gipuzkoa, 2003). Trebea zen trial modalitatean, baina errepideko bizikleta hobetsi zuen, eskolako lagunekin egon ahal izateko. Bada, jolasa ogibide bihurtuko du datorren urtetik aurrera, profesional gisa ariko baita Kern Pharman. Iazko oztopoak gainditu, eta emaitza aipagarriak lortu ditu aurten afizionatu mailan. Aurrera begira, bere alea jarri nahi du taldearen garapen prozesuan. «Gazteekin oso ondo egiten du lan talde honek, eta hazten ari da urtez urte. Ea noizbait World Tourrera iristen den».
Prestaketaren zer fasetan zaude orain, eta oso bestelako lana ari al zara egiten aurreko urteen aldean?
Duela lau aste hasi nuen denboraldiaurrea. Bakoitzak bere helburuak ditu, eta nireak urte hasieran iritsiko dira. Horregatik, prestakuntza oso aurreratua dut beste txirrindulari batzuekin alderatuta. Castellon [Herrialde Katalanak] urtarrilaren 25ean lehiatuko naiz, eta ordurako indar betean egon nahiko nuke. Ordu dezente ari naiz egiten bizikleta gainean, eta gimnasioan ere banabil apur bat. Aurreko urteetan entrenamenduak ikasketekin bateratu behar nituen; orain, berriz, egun osoa daukat bizikletan ibili eta gorputza behar bezala osatzeko. Gogorrago entrenatu naiteke.
Zeure burua profesional gisa ikusten duzu jada?
Bai, hala da. Sinetsia daukat. Denboraldi amaieran zenbait lasterketatan lehiatu nintzen profesional mailan, eta ohartu nintzen postu onak lortzeko gai naizela. Italian aritu nintzen ondoen [13. izan zen Matteotti sarian, eta 18. Sabatini kopan]. Konfiantza eta lasaitasuna eman zidaten emaitza horiek. Stagiaire [talde profesional baten dinamikan dagoen amateurra] gehienek gaizki pasatzen dute, asko nabaritzen da aldaketa, baina ni berehala egokitu naiz. Orain gogor nabil lanean, datorren urtean are hobeto aritzeko. Oso txirrindulari langilea naiz, eta xehetasun guztiak zaintzea gustatzen zait.
Afizionatu mailatik jauzi egin ondotik, zein izango da zailtasunik handiena?
Pausoa oso handia da, eta, stagiaire gisa ondo ibili naizen arren, badakit datorren urtean oso egun txarrak izango direla. Baina tira, mentalki oso garbi dut dena. Afizionatuetan egindako lehen urtean ere, egun onak eta egun txarrak izan nituen. Badakit zer den txirrindularitza. Garai txarretan ez hondoratzea da gakoa, eta ahal den heinean, baikortasunari eustea. Ni orain lasai nago, taldeak konfiantza handia ipini baitu nigan. Hiru urterako kontratua eskaini didate; ProTeam taldeetan gutxitan egiten da halako apustua hasiberri baten alde.
Badakizu zerbait garai txarren inguruan: iaz, lepauztaia apurtu zenuen lehenik, eta auto batek harrapatu zintuen gero.
Oso urte zaila izan zen. Ondo hasi nintzen, emaitza txukunak lortuz. Profesionaletara iristea nuen helburu, eta horretarako, taldez aldatu nuen [Caja Rural utzi, eta Eolo Kometaren harrobiko taldera joan zen]. Gauzak erorketa baten erruz okertu ziren: tropelean erori, eta lepauztaia hautsi nuen. Nire helburua zen ebakuntza egin eta azkar itzultzea. Bide onetik nindoan, baina goiz batean entrenatzera atera, eta auto batek aurretik eraman ninduen. Konortea galdu nuen, eta hobe, horrela ez zaidalako oroitzapenik gelditu. Gogorra izan zen, baina pozik ere banago, asko ikasi bainuen.
«Ezaugarri aldetik, Alex Aranbururen antza dudala iruditzen zait. Noizbait haren mailara iritsi nahiko nuke»
Bigarren urtea zenuen afizionatuetan. Elitera iristeko ametsa urruntzen ikusi zenuen
Nahiko burugogorra naiz, eta ez nintzen hondoa jota gelditu. Amets horrek ihes egin ahal zidala ikusi nuen, baina banekien lana gogor eginez gero maila onean itzuliko nintzela. Eta hala izan zen: irabazi egin nuen itzulerako lehen lasterketa. Oso emaitza onak eduki ditut aurten, eta tartean, nire ametsetako garaipena lortu dut, Ibardinen [Bidasoko Itzuliko lehen etapan]. Oso berezia izan zen etxe ondoan eta hurbilekoak bertan izanda irabaztea. Profesionaletan ez dakit garaipenik lortuko dudan, baina zaila izango da Ibardingoa bezain polita izatea.
Ziklistak geroz eta gazteago iristen zarete profesional mailara. Zuk sumatu duzu presioa?
Bai. Gazte mailan ondo ibili nintzen; beraz, jendeak espektatiba handiak zituen. Lehen urtean oso ondo ibili ondoren, urratsa egiteko prest nintzen, baina ez zen posible izan. Zorte hobea izan zuten azken urteetan nirekin lehiatutako zenbait txirrindularik, eta apur bat bakarrik gelditu nintzen. Hala ere, urte hau oso ondo etorri zait. Asko gozatu dut Finisher taldean. Ea Kern Pharman ere hala den. Langa oso goian egongo da, aurten Vueltan modako taldea izan ondoren. Gazteekin oso ondo egiten du lan, eta hazten ari da urtez urte. Ea noizbait World Tourrera iristen den.
Zaila izango da aurten lortutakoa hobetzea. Zer ikuspegi eta helburu izango duzue denboraldi berrian?
Egia da zaila izango dela aurten Vueltan erakutsitako mailari eustea, baina helburua horrek izan behar du. Are gehiago, aurrerako beste pauso bat ematen saiatuko gara. Nire aldetik, taldekideengandik ikasten eta haiei laguntzen saiatuko naiz. Taldeak oraindik ez dakit zer eskatuko didan, baina nik neure buruari asko eskatzen diot, eta puntu aldetik ekarpena egin nahiko nuke. Klasikoetan emaitza onak lortu ditzaket, azkarra bainaiz multzo txikietan. Ardenetako probak egokiak izan litezke niretzat, baina urrun ikusten ditut oraindik. Italian eta Belgikan, ordea, zeresana eman dezaket.
Etorkizunera begira, zer amets lortu nahiko zenuke? Eta noren ereduari jarraitu?
Ezaugarri aldetik, Alex Aranbururen antza dudala iruditzen zait. Haren moduan, ondo moldatzen naiz igoeretan, eta azkarra naiz azken metroetan. Noizbait haren mailara iritsi nahiko nuke. Eta, amets bezala, Itzulian edo Donostiako Klasikoan garaipena lortzea sekulakoa litzateke.