Pilota

"Neskontzat gauzak hobetu dira, baina asko dago egiteko"

Esku pilotan eta palan aritzen deneko kantxatik atera, eta frontis bakarrean lehiatzen dabil egunotan Olatz Arrizabalaga (Gernika-Lumo, 1997). Frontballean aritzea, baina, iazko kontu bat da pilotari gaztearentzat; esku pilotan eta palan baitauka eskarmentua Arrizabalagak.

2017ko uztailaren 21a
12:59
Entzun

Goren mailan dagoen pilotari gaztea zara. Ba al dago alderik pilotari gazteen eta helduen artean?

Lehen baino neska gehiago aritzen gara palan, baina, lehen, nire bikotekidea eta ni izaten ginen beti txapelketako gazteenak. Bere alde ona eta alde txarra dauzka horrek. Helduagoek esperientzia handiagoa izaten dute, eta gazteagook, beharbada, sasoi hobea izaten dugu. Nik uste dut hori izaten dela alde bakarra.

Noiz hasi zenuen esku pilotako eta palako ibilbidea?

Zazpi urte nituela hasi nintzen esku pilotara jokatzen, Gautegiz Arteagan. 14 urterekin, berriz, utzi egin behar izan nion jokatzeari; izan ere, Bizkaian bi neska baino ez geunden esku pilotan lehiatzen, eta, hori dela eta, mutilen kontra aritzen ginen. Sasoi horretara ailegatutakoan, baina, ezin izan nuen jarrraitu esku pilotara jokatzen, ez baineukan mutilek adina indar, eta hori garrantzitsua da kirol honetan. Orduan, palan jokatzeari ekin nion, Munitibarren. Eta iaz heldu nion, berriro ere, esku pilotari. Hala, gaur egun, bi modalitateetan lehiatzen naiz. Palan, Larrabetzuko taldearekin aritzen naiz, eta esku pilotan, aldiz, nire kontura.

Emakumeen Master Cup binakako esku pilota txapelketan lehiatu zara aurten. Nola moldatu zara?

Leire Etxaniz Bengoa etxebarritarra izan nuen bikotekide, eta txapelketa irabaztea lortu genuen elite mailan.

Aurretik ere irabazi izan dituzu beste txapelketa batzuk.

GRAVNI federazio arteko lehiaketako pala txapelketa bost aldiz irabazi dut, eta Euskadiko pala txapelketa, berriz, hiru aldiz.

Elkarrizketa osoa, Bizkaiko Hitzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.