Emakumezko eskuzko pilotan zerbait sortzeko «beharra» ikusi zuten Iera Agirrek eta Maite Ruiz de Larramendik (Eulate, Nafarroa, 1973), eta behar horri tiraka sortu zuten Ados Pilota: emakumezko eskuzko pilotarien lehenbiziko klub profesionala. Horrekin batera, Plazaz plaza txapelketa antolatu zuten aurrenekoz, eta gaur emango diote amaiera lehiaketari: Ruiz de Larramendi-Andrea Aldaregiaren eta Laia Salsamendi-Oihana Orbegozoren artean jokatuko da finala, Leitzan (Nafarroa), 12:00etan hasita.
Finala abuztuaren 14an jokatu behar zenuten, baina, kasu positiboak izan direla-eta, atzeratu egin behar izan duzue. Irrikaz egongo zarete, ezta?
Jakin genuenean finala atzeratu egingo zutela, pena eman zigun. Izan ere, ez genekien noiz jokatuko genuen. Orain, badakigula partida noiz izango den, hasieran nuen gogo bera dut.
Urduri zaudete?
Sabelean beti sumatzen duzu kilika, eta hori da sentitu behar dena. Final batera iristea ez da erraza; hainbat partida jokatu ditugu, eta final batera ailegatzeak zirrara eragiten dizu. Baina garrantzitsuena da zirrara horrek zu ez menperatzea, edo behintzat gehiagora ez joatea. Urduritasuna gogoaren erakusle da, eta berezia izango da Plazaz plazako lehenengo finala jokatzea.
Salsamendi eta Orbegozo izango dituzue aurrean. Nolakoak dira?
Bikote sendoa osatzen dute. Agian, Orbegozok lehen tantoetan ez du egoera kontrolatzen, eta akats gehiago egiten ditu hasieran. Salsamendik ondo ematen dio bi eskuekin. Beraz, lehia gogorra eta zaila izango da.
Ados Pilotaren sustatzaileetako bat izan zinen. Zaharrenak izanagatik zama sentitu zenuten?
Bizitza osoa daramagu pilotan jokatzen, eta Iera Agirre, ni eta beste hainbat pilotarik eskuzko pilota utzi behar izan genuen. Palan jokatzen aritu gara orain arte, eta zerbait sortzeko beharra ikusten genuen. Izan ere, zenbat urte gehiago pasatu behar ditugu emakumeok pilotan egin behar den pausua eman gabe? Beldurra da, edo ez dugu merezi? Eta ez bakarrik gugatik, baita hamahiru urteko neskengatik ere. Garrantzitsua da haiek ere ikustea koskaz koska etapa guztiak betetzen direla, eta ez guri gertatu zitzaigun moduan, hemezortzi urterekin pilota utzi behar izatea.
Hori da urte hauetan guztietan ikusi duguna, eta beti zaude itxaroten nork emango duen pausua, baina inork ez du ematen. Beraz, urratsa egiteko garaia iritsi zela pentsatu genuen. Saiakera bat egin behar genuen eskuzko pilota gustatzen zaien neska guztiengatik. Bi hilabete daramatzagu Ados Pilotan, eta erantzuna ona izan da. Hortaz, horretan jarraitu behar dugu, eta gogoa ez zaigu falta.
Masters Cup Txapelketa eta Plazandreak saioa ere bazeuden, baina gehiago nahi zenuten.
Masters Cupa eta Plazandreak saioa telebistaz eman dituzte, eta ikusgaitasuna ematen diote emakumeen pilotari. Baina hori ez da egiteko dagoen guztia; lan gehiago egin behar da. Ados Pilotak ez du saiorik telebistan, baina elkarrekin entrenatzen ari gara, eta horrek mesede egiten die pilotarien jokoari, gaitasun fisikoari eta teknikoari. Gainera, prestatzaile fisiko bat daukagu pilotariok ahalik eta sasoi onenean egoteko, eta entrenatzaileak ere baditugu, Irujo [Juan Martinez de Irujo pilotari ohia], besteak beste. Orain arte ez dugu inor eduki gure atzean aholkuak ematen eta zuzentzen, eta horrek asko lagunduko digula uste dut.
Horren ostean, telebista helduko da. Halere, inork ez du ukatzen telebistak egin duen lana ikusgaitasuna izateko, baina horren atzetik lan bat egin beharra dago materialean, jokoan eta prestakuntzan. Izan ere, atzeko lan hori ondo egiten badugu, emakumeen pilotak ikusgaitasun handiagoa edukiko du.
Txapelketa gehiagotan aritzea, lan baldintzak hobetzea eta zeuen buruaren jabe izatea dira egin zenituzten aldarrikapenak.
Bai, Euskal Herrian daukagun ideia da enpresa bat behar dela profesionalak izateko, eta ez da horrela. Ados Pilotan pilotariak gara ikusten dugunak zer falta zaigun, zertan hobetu behar dugun... Eta etorriko den guztia hori hobetzeko izango da. Hemen inork ez du sosik irabaziko. Horretaz gain, ez da ahaztu behar, pilotari profesionalak ez ezik, formakuntzan dauden pilotariak ere badaudela. Beraz, formakuntzan daudenak profesionaletara salto egiteko aukera izango dute, eta baldintza horiek guztiak izango dituzte. Egun, federazioaren asegurua daukagu, baina ez dugu kobratzen lesionatzen bagara. Hortaz, baldintza horiek hobetzeko sortu dugu Ados Pilota.
Preseski, emakumezko pilotarien etorkizuna bermatu nahi duzue.
Bai, hala da. Ados Pilota guk sortu dugu, eta ematen du gure beharra dela, baina ez da horrela. Hemen gaude honi bultzada bat eman behar zaiolako, baina 47 urterekin nik ez dut asko irabazten. Honetan irabazten dutenak etorkizunean etorriko diren emakume guztiak dira. Nahi ez duguna da txikitatik pilotan jokatzen hasten den neska batek hamasei edo hemezortzi urte dituenean pilota utzi behar izatea, ezer ez dagoelako. Guri hori gertatu zitzaigun. Orain, neskek ikus dezatela jarraitzeko aukera badagoela pilotan, eta, haien ametsa pilotari profesionala izatea bada, behintzat, aukera izan dezatela.
Finala bakarrik geratzen da Plazaz plazari amaiera emateko. Nolako balorazioa egiten duzu?
Positiboa. Hamazazpi lehia jokatu ditugu Euskal Herriko hamabi egoitzatan, eta Bartzelonan ere lehiatu ginen jardunaldi batean. Joan garen frontoietan jendea zegoen, eta hori atsegina da, eta asko laguntzen du. Zaleen harrera aintzat hartzekoa eta eskertzekoa da. Gainera, partida bakoitza baino lehen, beti zeuden zenbait neska gazte pilotalekuetan jokatzen, eta haientzako ere pizgarria da gu han jokatzen ikustea.
Denetarik irabazi duzu: Munduko Txapelketak, Munduko Kopak... Zein da estimatuena?
Bizitzako garaipen bakoitza berezia da dagokion momentuan. Hala ere, Ados Pilota sortzea, Plazaz plaza antolatzea, Iera Agirrerekin bikoteka eskuzko pilotan irabazi nituen txapelketak eskuratzea, eta, azken batean, eskuzko pilotara itzultzea eta pilota berriro ere eskuan sentitzea... Hori da politena. Gaur irabaztea lortzen badut, esango nizuke hori izango zela txapelketarik estimatuena.
Esan izan duzu ez duzula izan lortutako guztiaren aitortzarik. Penaz geratzen zara?
Ez, aitortza jaso dut: familiarena eta lagunena. Ez dut beste inongo aitortzarik jaso behar. Aitortza propioa da; batik bat, egin dudan lanagatik eta esfortzuagatik. Aitortza esaten dudanean, erreferentzia egiten diot, adibide bat jartzearren, gizonezko batek, nik bezala, Munduko txapelketa batean urrezko domina irabazi eta profesionaletara saltoa egiten duenean. Emakumeok, aldiz, ez genuen aitortza hori. Emakumeen pilotan Europako edo munduko txapeldun izanda ere, hor geratzen zinen. Horregatik, Ados Pilota sortu dugu : profesionaletarako saltoa bermatua izateko. Sakrifizio handia egiten da, eta inork ez dizu baloratzen, ezta aukera bat eman ere. Ea hori aldatuz joaten den.
47 urte dituzu. Noiz arte jokatzeko intentzioa duzu?
33 urterekin Munduko Txapelketa irabazi nuenean pentsatu nuen hori izango zela azkena. Bainahamar urte pasatu dira, eta oraindik hor jarraitzen dut. Ezin dizut esan denboraldi hau azkena izango denik, ez baitakit. Ilusioz eta gogoz nagoen bitartean, eta gorputzak esfortzuak jasaten dizkidan bitartean, pilotan jarraituko dut.
Maite Ruiz de Larramendi. Ados Pilotako pilotaria
«Neskek ikus dezatela badagoela aukera pilotan jarraitzeko»
Urduritasuna «gogoaren erakusle» dela nabarmendu du Maite Ruiz de Larramedik: Plazaz plazako finala jokatuko du gaur. Klub profesional bat sortzeko «beharra» zegoela adierazi du Ados Pilotaren bultzatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu