FUTBOLA

Nerea Eizagirrek beste urtebeterako berritu du Realarekin

Erdilari tolosarrak zortzigarren denboraldia egingo du txuri-urdinen lehen taldean. «Polita da nire bizitzako taldean jarraitzea», esan du kapitainak

Nerea Eizagirre, Anoetan, 2024ra arte berritu duela dioen elastikoarekin. REALA
Julen Etxeberria.
2023ko ekainaren 2a
11:31
Entzun

Reala ari da datorren denboraldirako taldea osatzen. Eta gaur, talde horren zutabe nagusietako bat ziurtatu du: Nerea Eizagirrek (Tolosa, Gipuzkoa, 2000) beste urtebetez jarraituko du taldean.

Hilaren 30ean amaituko zitzaion kontratua talde txuri-urdinarekin, baina kluba eta bera ados jarri dira hitzarmen hori beste sasoi batean luzatzeko. Kapitainak, beraz, elastiko txuri-urdina eramango du soinean gutxienez beste sasoi batean.

«Pozik eta gustura» dago Eizagirre. «Polita da nire bizitzako taldean jarraitzea. Txikitatik nuen ametsa Realarekin debuta egiteko. Egin nuen, eta jada zazpi denboraldi daramatzat taldean. Pozgarria da beste urtebetez jarraitzea», esan du, kontratua sinatu berritan.

Argi ditu helburuak: «Nire onena eman nahi dut, eta ahal dudan lanik onena egin. Taldearekin gozatuz jarraitu nahi dut, baita taldeak nirekin gozatzen segi dezan ere. Amets asko ditugu elkarrekin egiteko».

Eizagirre funtsezko jokalaria bilakatu da urteek aurrera egin ahala. Denboraldi honetan ere oso garrantzitsua izan da Natalia Arroyorentzat: Espainiako Ligan, 29 partida jokatu ditu, eta bost gol sartu ditu, eta gola sartzeko hamabi pase eman.

Denboraldiaz galdetuta, kapitainak azaldu du asko gozatu zuela lehen aldiz Txapeldunen Ligan arituta. «Anoetan jokatu genuen atarikoa, eta jende asko egon zen harmailan. Ahaztezina izan zen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.