Arrauna. Kontxako Bandera

Nerbioak dantzan

Hemezortzi traineru ariko dira gaur Kontxako sailkatze estropadan. Lehia estua aurreikusten da zenbait talderen artean irailaren 3an eta 10ean banderaren borrokan aritzeko.

Iazko Kontxako Banderako sailkatze estropadan, hainbat ontzi lehorreratzen. JON URBE / FOKU.
pettan uralde
2023ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Txikitatik arraunlari askok amesten duten eguna bizitzeko abagunea iritsi zaie. Gaur ariko diratalde eta herri askotariko arraunlariak, Kontxako badian, urteko banderarik preziatuenaren lehian aritzeko sailkapena lortzeko. Hamaika koloretako ontziek eta maillotek apainduko dute Donostiako kaia, eta bertan egongo dira, artega, arraunlari zahar eta gazteak. Bakoitzak bere erara bizi izaten duen eguna da sailkapenekoa, eta denek eramango dute bizipen hori, motxilan, betirako.

Hemezortzi talde izango dira protagonistak, oso desberdinak denak. Badaude ia urtero sailkatzen diren horiek, baina baita lehen aldiz ariko direnak ere. Oihane Iraola (Tolosa, Gipuzkoa, 1992) da horren adibide. Orioko arraunlariak, hamahirugarren denboraldia du bertan, eta istorioaren bi aldeetan egon da. Hasieran, sailkatze estropadetatik ez zuten aurrera egitea lortzen, 2014. urtean lehen aldiz lortu zuten arte. Hurrengo urtean kanpoan geratu ziren berriro, baina 2016 tik ez dute hutsik egin. Gainera, hiru bandera altxatu ditu tolosarrak. Haren aldean, hasiberria da Eider Uribarrena (Trapagaran, Bizkaia, 2005). Kaikuko arraunlariak, lehen aldia izango du Kontxako sailkatze estropadan, eta hura bezala daude Bizkaitarra-ko arraunlari gehienak. Orain arte telebistatik ikusi duena barrutik bizi izango du orain.

Asko aldatu da emakumezkoen sailkatze estropada azken urteetan, eta Iraola horren lekuko izan da. 2016. urtera arte, lau ontzik bakarrik hartzen zuten parte bi igandeetako estropadetan, eta zaila izaten zen, beraz, sailkapena lortzea. Geroztik, zortzi trainerura handitu zen Kontxako Bandera aurten Euskotren ligak egin duen bezala, eta traineru gehiagok izan dute aukera bertan egoteko. Iraolak hori azpimarratu du, bera arraunlari izan denetik, nola aldatu den haren rola sailkapen proban. «Lehen, sailkatzeko borrokan aritzen ginen, eta, orain, ia behartuta gaude sailkapena lortzera. Garai batean, presioa baino gehiago, ilusioa sentitzen nuen, eta, gaur egun, egin beharreko zerbait bilakatu da. Tramite bat ematen du, baina batzuetan beste estropadetan baina urduriago zaude. Konfiantzak huts egitera eraman zaitzake, eta ez dugu hori nahi».

Uribarrenak, lehen aldia izango du, eta, azken egunak nahiko urduri igaro dituen arren, ez du presio puntu hori sentitzen. «Azken egunetan urduri gaude taldekide gehienak. Ligako azken estropada izan genuen, baina burua Kontxan genuen gehienok. Oso gazteak gara, eta normala da asko eta asko horrela egotea. Urduritasun puntu hori, esperientzia faltagatik da; barrutik ez dugulako oraindik bizi».

Konplitzea eta amestea

Bistakoa da, hemezortzi traineru izanda, maila askotariko traineruak ariko direla lehian. Batzuk, ia derrigorrezkoa izango dute sailkatzea, beste batzuk gozatzera joango dira, eta besteak sailkatzeko azken postuak borrokatuko dituzte. Iraolak, adibidez, oso argi dauka gozatzera baino gehiago, «pasa beharreko langa pasatzera» joango direla, eta igande bat bezala hartuko dutela. «Taldeak daukan guztiarekin, gure onena ematera joaten gara. Sailkatze proba ondo ateratzen bazaizu, bi igandeetarako taldea hauspotuko du. Guk nahiago izaten dugu arriskurik ez hartu, eta igandeetako maila bera erakutsi».

Uribarrenak, aldiz, zailagoa du jakiten taldea non egongo den, baina «oso kontzentratuak» daudela berretsi du, eta ez du amestea baztertzen. «Oso egun garrantzitsua da, eta estropada hasi aurretik izango ditugun orduak ez dira oso gozoak izango seguruenik. Baina taldean beti ondo pasatzen dugu, eta gozatuko dugula uste dut. Zaila izango den arren, aukerak beti daude hor. Talde guztiek sartu nahi dute banderaren lehian, eta gu ez gara gutxiago. Ondo ateratzen bada pozik egongo gara, eta, bestela ere, ondo hartuko dugu, ikasketa bat izango delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.