Ameriketako Estatu Batuetara heldu zenean, oraindik zalantza asko zeuden Lukaa Doncic saskibaloi jokalariaren inguruan (Ljubljana, 1999). Hasteko, Europakoa izate hutsak estatusa kentzen zion hango jokalarien aurrean. Historikoki,Ozeano Atlantikoko beste aldetik jauzi egindako jokalariek beti izan dute gutxiespen hori NBAn, eta hangoek bertakoek baino gehiago erakutsi beharra izan dute maila berean jartzeko. «America first» (Amerika aurrena), Donald Trumpek dioen bezala. Esloveniarrak 100 partida baino gehiago jokatu ditu jada munduko ligarik onenean, eta jada izar bat da. Ez soilik kirol arloan, baita ekonomikoan eta mediatikoan ere. Harresi denak bota ditu behera, eta AEBetan hainbeste miresten dituzten pertsona horietako bat bilakatu da. Ameriketako amets famatua betetzen ari da.
Ezagutzen ez zutenentzat, haren jokoa ezustea izan zen lehen urtean. Ez zuen inolako egokitzapen prozesurik behar izan. Helduen artean jokatzen zuen umea izan zen. Emaitza aldetik, Dallasek ez zuen inolako presiorik, eta zenbaki ikusgarriak lortu zituen. Urtekohasiberriaren saria (Rookie of the year) jaso zuen. Bazirudien bigarren denboraldian zaila izango zela lehenengoko jokoa berdintzea, aurkariek askoz hobeto ezagutzen baitzuten. Doncicek, ordea, bere onena atera du sasoi honetan. Markak bata bestearen atzetik hautsi ditu, eta NBAko jokalaririk onenen artean kokatu da. Lehen sasoia ezustekoarena izan bazen, aurtengoa eztandarena izan da. Batez beste,28,7 puntu lortu ditu, 9,3 errebote jaso eta8,7 asistentzia banatu. Ligako jokalaririk onenaren lehian egoteko moduko zenbakiak dira. Zenbaki historikoak.
Partida oro hiruko bikoitzetik hurbil amaitu du. Denboraldi osoan, guztira, hamalau aldiz lortu du hiruko bikoitz hori, inork baino gehiagok. Michael Jordan handiaren estatistikak hobetu ditu. Hogei partidatan baino gehiagotan ibili zen jarraian gutxienezhogei puntu, bost errebote eta bost asistentzia lortzen. Real Madrilen harrobitik irtendako jokalaria da, Oscar Robertsonekin batera, lehen ehun partidetan 2.000 puntu, 750 errebote eta 500 asistentzia lortu dituen bakarra.
Estatistikei erreparatuz, ikus daiteke Doncicek arlo denetan hobekuntza izan duela joan den denboraldiarekin alderatuta. Seigarren dago puntu gehien sartu dituzten jokalarien taulan, baita asistentzietan ere; laugarren, berriz, jokoaren arlo guztiak batzen dituen PER estatistikan.
Dena begiratzen eta aztertzen da gaur egun saskibaloian; horregatik erabiltzen dira hainbeste Big Datako datuak, eta, harago joanda, zenbakiak interesgarriagoak dira. USG-k (Usage Percentage) jokalari batek jokaldi bat amaitzen duen portzentajea ematen du ehunekotan. Doncicen portzentajea %37 da. Horrek erakusten du esloveniarrak Dallasen duen garrantzia. Hain gaztea izan arren, taldeko giltza da. Bestalde, Win-Share estatistikak, jokalari batek bere kabuz taldearentzako lortutako garaipenak neurtzen ditu. Horren arabera, Doncicek, berak bakarrik, zortzi partida irabazi ditu. Dallasek, NBA koronabirusarengatik bertan behera geratu zen arte, 40 garaipen eta 27 porrot zituen. Joan den denboraldi osoan, Rick Carlislek zuzentzen duen taldea azken-aurrekoa izan zen, 33 lehia soilik irabazi baitzituen.
Fenomeno globala
Dallas mapan dago, berriro. NBAn jokalarik eta taldea eskutik doaz. Baten lorpenak, bestearenak dira. Doncicen hobekuntzak Dallas kanporaketak jokatzeko postuetan kokatzea ekarri du. Era berean, Texasko frankiziaren berpizkundeak mesede egin dio esloveniarrari. All Star-ean sartzeko ez da nahikoa zenbaki harrigarriak lortzea, askoz harago joan behar du jokalari batek. Batetik, taldearen laguntza behar du. Izan ere, oso egoera txarrean badago, ez da begi onez ikusten talde horretako jokalari bat hautatzea. Esan diezaiotela, bestela, Washintongo Bradley Bealeri. Gainera, ospea behar duzu, fenomeno mediatiko bat bilakatu. Hori da, hain zuzen, Doncicen lorpenik handienetako bat. Izarren asteburuan parte hartzeko gehien bozkatua izan zen mendebaldeko konferentzian; zaleek, hedabideek eta beste jokalariek gehien bozkatua. 4 milioi boto baino gehiago jaso zituen. Beraz, ez zen inolako ezustea izan, eta Doncic lehen esloveniarra izan zen All Star bateko hasierako bosteko batean sartzen.
Ez da azkena izango, gainera. Izan ere,denek maite dute Doncic, baita Michael Jordanek ere. Historiako jokalaririk onenak Jordan Brand zapatila marka propioa dauka, eta esloveniarra nahi zuen bere taldean kosta ahala kosta. Zaila da Jordani ezetz esatea.100 milioi dolarreko (92.880.109 euro ) kontratua egin zionbost urterako, Stephen Curryren pare jarriz. Fenomeno global bat bilakatu da, nahiz eta AEBetan legez alkohola edateko adina bete berri duen soilik. Heldua eta lehiakorra da kantxan, eta, kanpoan, Fortnitera jokatzen duen gaztea.
Nerabezarorik eduki ez duen jokalaria
Luka Doncic esloveniarra, gazte asko bezala, sare sozialetan argazkiak jartzen eta Fortnitera jokatzen aritzen da. Baina horrekin batera, bere ametsa betetzen ari da: NBAko jokalaririk onenetako bat bilakatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu