Uxue Bilbo Basket 75. Budivelnik Kiev 53

Nekatuko da finalean

Eurocupeko final handia jokatuko du Uxue Bilbo Basketek apirilaren 13an Charleroin, Budivelnik oso erraz menderatu osteanDelainey bikain zaindu dute Katsikarisen jokalariek, eta Kiev urtu egin da pixkanaka

Andoni Urbistondo.
2013ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Uxue Bilbo Basket. Zisis (7), Vasileiadis (10), Mumbru (13), Hervelle (8), Hamilton (13) —hasierako bostekoa— Lopez , Pilepic (10), Grimau (4), Moerman eta Samb (10).

Budivelnik Kiev. Delaney (5), Lyons (20), Drozdov (12), Iegorov (2), Asinimov (8)—hasierako bostekoa— Herasymtxuk, Tsintsadze, Krivtsov, Anisimov (8) eta Anikiienko.

Markagailua. 20-14, 37-23 (atsedenaldian); 53-42 eta 75-53.

Epaileak. Christodulu, Kowalski eta Chiari. Ez dute inor kanporatu.

Bestelakoak. 10.000 ikusle Miribilla pabiloian. Partida bukatu ondoren zaleek ez zuten pabilioia hustu eta jokalariak aldagelatik irten behar izan ziren haiek agurtzera.

Irakurri ondo. Finala. Europako txapelketako finala. Uxue Bilbo Basketek apirilaren 13an jokatuko duena, Errusiako Lokomotiv Kuban Krasnodarren aurka. Turinen (Italia) atarian geratu zen, 2008an, Gasteizen ere bai, 2010ean, baina aurten ez, aurten final handia jokatuko du. Meritu ikaragarriko lorpena da, Eurocupen sei-zortzi taldek Uxuek baino aurrekontu oparoagoa zutelako, baliabide hobeak, baina haietako ia gehienak oporretan daude, eta bizkaitarrak ez. Aintzat hartu behar da non zegoen Uxue otsailean, nora iritsi den, eta nola, haien meritua goratzeko.

Hilabete eta erdi atzera hanka eta erdi Eurocupetik kanpo zeukalako Uxuek. Hasiera kaskarra eman zion Last 16ari, eta lehen bi partidak galdu, Nymburk eta Valentziaren aurka. Hurrengo laurak irabazi behar izan zituen, finalerdiak jokatzeko, eta finalaren atarian erakustaldia eman du, Budivelnik Kiev baino askoz talde indartsuagoa dela erakutsiz Europari. Garaipena Kieven, eta garaipena Bilbon. 32 puntuko aldea. Argudio sendoak, Bilbokoek Lokomotiv Kuban menderatzeko kemen nahikoa dutela sinetsarazteko. Talde bikaina da Krasnodarrekoa, baina Uxue ez da gutxiago.

Itzulerakoak ez zuen historiarik eduki apenas. Artur Drozdovek hiruko bat sartu zuen Budivelnikentzat haien lehen erasoan, baina ikusi ez ikusi bat izan zen, Uxuek aitaren batean hartu zuelako gidaritza. Gauzak garbi uzten. Egurra defentsan, eta eraso joko eraginkorra. Malcolm Delaneyk min handia egin zuen joanekoan, 38 puntu, baina lehen jokalditik ikusi zen atzo ez zuela halako zenbakirik errepikatuko. Vasileiadis estatubatuarra itotzen saiatu zen, beste lan guztiak ahaztuta, eta Delaney ernegaraztea lortu zuen. Gidaririk gabe, Kievko taldeak arazo franko izan zituen saskiratzeko. Saiatu ziren Lyons eta Drozdov, partida txukuna egin zuten bakarrak, baina ez zuten etxekoen arrastoa jarraitzeko batere aukerarik izan.

0-3koa ameskeria, ilusio hutsa izan zen. Mumbruren hirukoak 8-3 aurreratu zuen Uxue, eta Hervelleren beste hiruko batek 18-9koa. Katsikarisen taldeak garbi zeukan aurkaria estutzeko bide laburrena defentsan estutzea zela, eta minutuak joan ahala, agerian geratu zen erabaki hori zuzena izan zela. Kiev 20-14 hurbildu zelako, bai, baina bigarren laurdenean partida hautsi zuen Bizkaiak: 28-17 aurrena, eta 37-23 atsedenaldira iritsi aurretik. Markagailu horren gakoa, Delaneyren gainean egindako defentsa aparta. Punturik sartu gabe hartu zuen aldageletarako bidea joko antolatzaileak. 38 sartu zituen gaur zortzi, ez ahaztu.

Txandakatzeak

Rakovicek ez zuen minutu bakar bat jokatu, eta Roger Grimauk ere apur batzuk. Biak fisikoki mugatuta zeuden, baina haien ordezkoek lan bikaina egin zuten. Pilepicek partida ona jokatu zuen, 10 puntu eta berreskuratutako hiru baloi, baina txalo zaparrada beroenak Miribillan asko maite duten jokalariak jaso zituen, Mahmadou Sambek. Senegaldarrak arnas minutu onak eman zizkien Hervelle eta Hamiltoni, eta zaleak bultzatuta, erasoan jokaldiak egiten ere saiatu zen. 10 puntu lortu zituen, eta sei errebote hartu, 13ko balorazioa denera.

Partida 30. minutuan bukatu zen. Budivelnikek nahiko txukun jokatu zuen, Leo Lyonsen eskutik (20 puntu), eta ondo eutsi zion Bilbo Basketi: 53-42. 11 puntu buelta emateko moduko aldea da, baina Uxue serio jarri zen berriro, eta kolpe pare bat eman azken laurdeneko lehen minutuetan. Bukaeran 22 puntukoa izan zen aldea, inolako zalantzarik uztez ez duen errenta. Bi aste eta erdi barru jokatuko da finala. Gozatzeko unea da, zaleek bidaia prestatzeko momentua, eta lorpen historiko batek ekar dezakeena hausnartzeko garaia. Lehena delako, baina ez azkena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.