«Historia zuri-gorria. Klubeko ikur. Etorkizuneko eredu». 2007ko abuztuan egin zuen debuta Nekane Diez futbol jokalariak Athleticen, 15 urte zituela. Non-eta Txapeldunen Ligako partida batean; Athleticen zela, bere lehen gola orduan sartu zuen. Eta taldearekin «konpromiso hausgaitza» izan du gaurdaino. Debut hartatik hona, hamasei denboraldi igaro dira, eta heldu zaio ibilbide horri amaiera emateko garaia: maiatz honetan, futbola utziko du Diezek, denboraldia amaitzearekin batera. Bi partida ditu aurretik gutxienez: bata larunbat honetan jokatuko dute, Vila-realen aurka, Lezaman; bestea, hilaren 24an, Kopako lauko finaletan, Real Madrilen kontra, Butarque zelaian.
Ez da makala lortu duena. Urte hauetan guztietan, 379 partidatan lehiatu da —jokatzeko dituenak kontuan izan gabe—, eta 162 gol sartu, oraingoz. Gehien jokatu duten jokalarietan laugarrena da, eta gol gehien sartu dutenetan bigarrena. Athleticen 346 partida etxeko txapelketan izan dira, 28 Kopan eta bost Europako txapelketan.
Etxean jokatuko duen azken partida izango da larunbat honetakoa. Klubak zaleei eskatu die joan daitezela Vila-realen aurkako neurketara, Diezek «merezi duen txalo zaparrada eskaintzeko». Jokalaria«erreferentea» izan da «egunez egun elastiko zuri-gorria janztearekin amets egiten duten neska askorentzat», bai lehen urratsak egiten ari direnentzat, bai etorkizunean helduko direnentzat, klubak adierazi duenez. Hurrengo partida etxetik urrun izango du, Leganesen. Horretan gailentzen bada, Kopako hirugarren finala izango du Athleticek.