Europarekin alderatuta, oso bestelako kontinentea da Afrika. Hizkuntzan, ohituran, kulturan eta beste zenbait arlotan oso aberatsak dira, eta pasioz bizi dute dena. Baita futbola ere. Gaur hasiko da Afrikako Nazioen Kopa, Boli Kostan. 24 selekzio arituko dira nor baino nor gehiago. Helburua: finalera iristea. Lehia hori otsailaren 11n jokatuko da, Abidjanen.
Ondo baino hobeto ezagutzen du Afrikako futbola Aritz Lopez Garaik (Barakaldo, Bizkaia, 1980). Orain dela hamar hilabete Mauritaniara joan zen, Nuadhibu taldea zuzentzera. Urtebetean hango liga irabazi du, eta Afrikako Txapeldunen Ligarako sailkatu da haren taldea. «Gustura» dabil, eta datozen asteetan arreta handiz ikusiko du Afrikako Nazioen Kopa.
Senegal eta Maroko, bi koska gorago
«Maroko eta Senegal dira bi selekziorik indartsuenak». Aditu askorekin ados dago teknikaria. Haren ustez, bi selekzio horiek beste guztiak baino «bi koska gorago» daude. Maroko Munduko Kopa ikusgarria egitetik dator: final-laurdenetan aritu den lehen herrialde arabiarra izan zen. Jokalari multzoari erreparatuz gero, izen handiko asko aurki daitezke: Bono, Hakimi, Amrabat, Ziyech, Abde eta En-Nesyri, besteak beste. Baina gauza bat dute kontra: presio handia dute haien bizkarrean. Atlasko lehoiek —horrela deitzen diete— behin bakarrik irabazi dute Afrikako Kopa, 1976an, eta aurreneko aldiz dira faborito argiak: «Egin duten Munduko Koparengatik hautagai nagusitzat hartu dituzte, eta sekulako presioa dute. Hori nola kudeatzen duten ikusi beharko da. Qatarren egin zuten txapelketaren esperientziak mesede egin diezaieke».
Senegal, berriz, egungo txapelduna da. 2021ean Kamerunen jaso zuen garaikurra. Egiptok hiru Afrikako Kopa irabazi zituen jarraian —2006an, 2008an eta 2010ean—, baina oso zaila da bi ekitalditan jarraian nagusitzea. Halere, Lopez Garaik Aliu Cisseren taldeak duen eskarmentua nabarmendu du: «Oso-oso jokalari onak dituzte: Eduard Mendy, Koulibaly, Sarr, Jackson, Mane... Partidak erabakitzeko ahalmena dute, eta, gainera, maila handiko edozein txapelketatan aurkitu daitezkeen jokalariak dira. Hori abantaila da Afrikako Kopan».
Halere, baditu hautagaien zerrenda horretatik kanpo utzi nahi ez lituzkeen beste selekzio batzuk: «Nigeria eta Kamerun. Horiek beti ematen dute zeresana. Azken urteotako Munduko Kopak ikustea besterik ez dago. Egipto eta Hegoafrika bera ere kontuan hartzeko taldeen artean egongo dira ziurrenik». Aldiz, etxeko taldeaz, Boli Kostaz, esan du haren «urte onenak» igaro direla jada.
Fisikoa taktikaren gainetik
Gol askoko txapelketa izatea espero du. Selekzio ezberdinak daude, eta argi utzi du alde handia dagoela batzuen eta besteen artean: «Batzuek Europako futbolaren kultura dute: Marokok, Egiptok, Tunisiak, Nigeriak eta Kamerunek, besteak beste. Horiek europarrok ulertzen dugun moduan ulertzen dute futbola. Beste askori, aldiz, kosta egiten zaie, eta arlo horretan alde nabarmena dago».
Lopez Garaik argi du nolakoak izango diren partidak: denboraren poderioz, hutsuneek eta birikek hartuko dute aginte makila: «Minutuek aurrera egin ahala, taldeek asko zabaldu eta luzatuko dituzte lerroak, eta hutsune pila bat utziko dituzte. Jokalariak fisikoki oso onak dira, azkarrak. Taktikoki, baina, ez hainbeste; askotan nahaspilatuta ibiltzen dira». Horren harira, uste du Afrikako jokalariek 90 minutuz nekaezin korri egiteko duten gaitasunak beste arloetan dituzten «gabeziak» estaltzen dituela: «Taktikoki arazoak dituzte askok, baina fisikoki oso indartsuak dira, eta ez da erraza haiek gainditzea, ezta azken minutuetan ere, ez baitute amorerik ematen. Buruz burukoetan ondo moldatzen dira, eta horri aurre egitea oso zaila da jokalari guztientzat».
Ezustekoa eman nahian
Txapelketa guztietan izaten dira ezustekoak; isil-isilik hasi, eta asmo handiekin doazenak kanpora bidaltzen dituzten selekzioak. Barakaldoko entrenatzailearen ustez, Hegoafrika eta Burkina Faso izan daitezke horietako bi. «Hegoafrikaren inguruan ez da asko hitz egin, orain arte ezer gutxi lortu duelako. Baina Mamelodi Sundowns taldeko 11 jokalari daude selekzioan. Talde hori oso indartsua dela ikusita, eta jokalariak euren artean ondo moldatzen direla jakinda, zeresana emango dute. Elkar ondo ezagutzea abantaila handia da selekzioen arteko txapelketa batean».
Burkina Fasori buruz, berriz, azaldu du «ezagutza eskasa» dagoela haren gaitasunaren inguruan, baina «kontuan hartzeko taldea» dela: «Burkina Faso entzunda, askok uste dute ez dituela jokalari onak, baina Europan dabiltzan batzuk ditu: Tapsoba, Ouattara, Bretrand Traore... Haien partida asko ikusi ditut, eta oso ondo jokatzen dute. Oso indartsuak dira, eta badakite zertara jokatzen duten». Angolarekin eta Aljeriarekin batera, D multzoa osatuko dute Burkina Fasok eta Mauritaniak. Azken horretan, Lopez Garairen taldeko sei jokalari ariko dira. «Mauritania hirugarren modura sailkatzeko borrokatu beharko da Angolarekin».
Oihartzun handia izaten dute selekzioen arteko txapelketek; oso erakusleiho ona dira. Lopez Garaik bere taldeko Muhsine Buddha nabarmendu du: «Aurreneko partida ezin du jokatu, zigortuta dagoelako, baina oso erdilari interesgarria da. Uste dut aurten joango dela gure taldetik».